Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregi artista gipuzkoarrak elkarrekin bizi dira duela ia 40 urtetik, eta tailerra partekatzen duten arren, oso gutxitan erakutsi dute elkarrekin euren lana. Atzo Donostiako Okendo kultur gunean inauguratu zen erakusketan eskaini zaigu horrekin gozatzeko aukera.

Paul Éluarden “La terre est bleue comme une orange” (Lurra laranja bat bezain urdina da) neurtitza jarri diote izenburu erakusketari, eta datorren irailaren 5era arte egongo da ikusgai Donostiako Gros auzoko aretoan.

Koldobika Jauregiren (Alkiza, 1959) eskulturak eta pinturak, Elena Cajaravilleren (Donostia, 1965) irudi geometrikoekin alderatzen dira areto berean. Artea ulertzeko bi modu desberdin dira, eta erakusketarako hautatu diren artista bakoitzaren bitxi sortetan ere bikain islatzen dira.

“Ni lasaiagoa naiz, Koldo oso epikoa da, oso tragikoa; egur errea maite du, sua. Nik etxekoa eta intimoa lantzen ditut gehiago. Elkarrekin bizi eta tailerra partekatu arren, kontraste handia dago bion obraren artean”, adierazi zien kazetariei, Jauregi 1984an Gipuzkoako Arte Elkartean ezagutu zuen sortzaileak.

Alkizan bizi eta lan

Harrez gero ez dira inoiz banandu. Italian, Nafarroan eta Alemanian bizi izan dira, eta 2002an jaio zen Gerezi izeneko alaba ere badute. Gaur egun, Alkizan bizi eta lan egiten dute, Ur Mara Museoa zuzentzen duten bitartean: “Ia egun osoa elkarrekin eman dugu azken 40 urteotan, tailerra, ideiak eta irakurketak partekatuz. Eta horrek biok aberastu gaitu. Beti elkarren ondoan izaten gara; tarteka, zerbait ez zaizula batere gustatu ere esateko, zintzotasun hori ezinbestekoa baita”, esan du eskultoreak.

Bakoitzak “oso bide bereizia hartu du”, adierazi zuen bikotekideak. “Gure lanak ez dugu batere antzik, eta horrexek aberasten du erakusketa, hain lan ezberdinak izateak; oihalaren sotiltasuna zuraren sendotasunaren aurrean”, gaineratu zuen.

Naturarekiko maitasuna eta naturak euren bien artearekin duen lotura, hori bai, partekatzen omen dute.

Bitxien diseinuari ekiten diotenean ere, oso planteamendu desberdinetik abiatzen omen dira. Gero, Cajaravillek gauzatzen ditu, bera baita bitxigilea -biek harribitxiak edo erdi bitxiak eta zilarra erabiltzen dituzte, eta Jauregik, baita urrea ere-.

“Koldoren bitxi-lanak bere obraren ildoa jarraitzen du. Nik, ordea, askatasun handiagoa dut. Ehungintzan geometria eta sotiltasuna interesatzen zaizkit, eta bitxigin-tzan bestela jokatzen dut. Batekin espazioa okupatzen da eta bestearekin gorputza, materiala eta diskurtsoa erabat aldatzen dira “, esanez amaitu zuen.