“Mariano Ferrer kazetari erreflexiboa izan zen, gaur egun slow journalism korrontean koka genezakeena”. Horrela mintzatu da Ramón Zallo, EHUko katedraduna eta Ferrer (1936-2019) zenaren laguna. Zallok, beste hainbat aditu eta kazetarirekin batera, iragan urtean berriemaile donostiarren ibilbidea eta pentsamendua aztertzeko EHUk antolatutako Udako Ikastaroan parte hartu zuen. Han esan zirenak jaso ditu orain Erein argitaletxeak, Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo/Kazetaritza eta konpromisoa izenburupean argitaratutako liburuan.

Elixabete Garmendia izan da edizioaren koordinatzailea eta Elixabetek berak, Zallo, Marianoren alaba Esther Ferrer eta Bernardo Atxaga idazlearekin batera aurkeztu du gaur, ostegunarekin, liburuki berria, kazetaritza eskoletarako “material ugari” eta “aparta” biltzen duena. Are gehiago, esan du Garmendiak, testu bilduma osatzeko garaian ez omen dute bakarrik publiko espezializatua gogoan izan, irakurle orokorra ere kontuan izan dute. Alegia, Ferrer Euskal Herriko gertakari sozio-politikoen kronista izan zen heinean, gertakizun historiko horietan interesa duen edonorentzat ere oso liburu aproposa dela iritzi du koordinatzaileak, horien artean, seguru, Herri Irratiko El kiosko de la Rosi saio “mitikoaren” entzule ugari eta fidelak.

Liburuaren azalak –Ferreri 1970ko hamarkadan Konstituzio plazan ateratako argazki bat, “neorrealismo italiarrean” koka litekeena– eta izenburuak berak, donostiarraren izaera poliedrikoa, Marianoren hausnarketarako jitea primeran islatzen dituela aipatu du haren alabak.

Testuei dagokionean euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dira, biak tartekatuz, jatorrizko ponentzietan erabili ziren hizkuntzak errespetatuz. Beste hainbeste edukiei dagokionean, Udako Ikastaroa antolatu zen modu berean ordenatu baitira atalak liburuan ere. Deustuko Unibertsitateko irakasle Maria Pilar Rodríguezek eta EHUko ikertzaile ohi Txema Ramírez de la Piscinak donostiarraren kazetaritza metodoa aztertu dute. Ramon Zallok eta Pedro Ibarrak, haiek ere unibertsitate publikoko irakasle izandakoak, Ferrer analista politiko gisa aztertu dute.

Garmendiak aditzera eman duenez, beste ponentzia batzuek Mariano zenaren figura “pertsonalean” jarri dute begirada. Esate baterako, Karlos Ordoñezek kazetari donostiarraren alderdi ekintzailea izan du hizpide, bereziki, SOS Arrazakeria elkartearekin izan zuen hartu-emanean oinarriturik. Martxelo Otamendi Berriako zuzendari ohiak “Ferrer kazetariaren sendotasuna eta sinesgarritasuna” azpimarratu zituen eta, baita proposamen bat bota ere: kazetariaren biografia bat idatzi beharra. “Apunte biografiko” batzuk ere topa litezke Ereinen publikazioan, Sabino Ormazabalen eskutik. Bernardo Atxaga idazleak, aldiz, haren “erretratua marraztu du”, Ferreren ezaugarri nagusietako batetik abiatuta: ahotsa. Amaitzeko, ikastaroan izan ziren mahai-inguruetan esandakoak ere jaso dituzte, konkretuki, Marianoren garaietatik gaurdaino kazetaritzak bizi izan duen bilakaera.

Mariano Ferreren bi etsaiak

Garmendiaren ondoren Atxagak hartu du hitza, kazetariak izan zituen etsaietako bi aipatzeko: “Isilkeria” eta “Hizkuntzakeria”. Ferrer lanean hasi zenean, Frankismoa indarrean zegoen artean eta, beraz, “isilkeria” araua zen, eta hainbat eta hainbat “errealitate” ezin ziren komunikatu. Ondorioz, “gezur borobila zen auzi nagusia, edozeinek ikusteko modukoa, baina ofizialki esan ezin zitekeena”. Etsai honen aurrean, Ferrer “nahiko eroso” ibili zela, gaineratu du Atxagak, Herri Irratia sortu zuen Jesusen Lagundiaren “babesa” zuelako, hain zuzen ere. “Abantaila hori probestu zuen bere egiak esateko”, esan du.

Gerora, “hizkuntzakeria” iritsiko zen, gaur egun, indarrean jarraitzen duen gaia. “Hizkuntzak berak gezurra dakar, manipulatu egiten du” eta oso “auzi bihurria” bihurtu da, idazlearen ustez. Nola egin zion aurre Ferrerek bigarren etsai horri? Ba, Atxagak argi du: bere burua “oso ondo prestatuz, egunero lan eginez”, egunkariak sakonki aztertuz eta han agertzen ziren “gezurrak azpimarratuz”.