José Ángel Herrero-Valverde lehen beken laguntza jasoko duten ikergaiak honako hauek dira: frankismo garaian Zinemaldian proiektatutako Ekialdeko zinema sozialista, Zinemaldiko zinemagile gazteak, eta Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé zuzendariak Donostian elkartu izana.
Beka horiek, iaz zendu eta lau hamarkadatan jaialdiko zutabe izan zen Donostiako Zinemaldiaren zuzendaritza batzordeko kidearen izena daramate, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Zinemaldiak berak bultzatu zituzten aurreko martxoan. Zinemaldiko artxiboaren ikerketa sustatzea eta testu akademiko argitaragabeak sortzea da beka horien helburua, 3.500 euroko laguntzarekin, eta bigarren deialdia uztailaren 3tik abuztuaren 11ra bitartean egongo da zabalik.
Felipe Cabrerizok, Endika Reyk eta Neus Sabaték sinatu dituzte lehenengo deialdian aukeratutako proiektuak, “gaiak eta metodologia egokiak direlako, maila teorikoan estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzari egindako ekarpenagatik, eta lehen mailako iturritzat Zinemaldiko artxiboko baliabideak erabiltzeagatik”.
Felipe Cabrerizo idazle eta programatzaileak honako hau du xede bere ikerketa proiektuan: “administrazio frankistaren trabak gainditzea lortu eta Zinemaldian proiektatu zen Ekialdeko herrialdeetako zinema ekoizpena zentsatu, aztertu eta berreraikitzea”. Ikerlanaren izenburu osoa “Ekialdeari irekitako leiho bat. Frankismoaren garaian (1953-1977) Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren bitartez, eremu sozialistetako herrialdeetako zinema Espainian sartu izana”.
Endika Rey, Universitat Barcelona-UBko irakasleak, bere aldetik, “Donostiako Zinemaldiaren erradiografia historikoa, zinemagile berrien film luzeekin izandako harremanean oinarrituta” aztertzea proposatu du, “Zinemaldiko zinemagile gazteak” izenburupean.
Bere azterlanean, EQZEko lehen promozioko ikaslea eta Rovira i Virgili-URV Unibertsitateko Komunikazio Ikasketen Saileko doktoratu aurreko irakaslea eta ikertzailea den Neus Sabaték, Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé, Zinema Eskola Ofizialeko emakumezko lehen hiru diplomatuak, 1978ko Donostiako Zinemaldiaren edizioan berriro nola elkartu ziren arakatuko du.
“Donostiako Zinemaldia hiruren ibilbidea proiektatzeko funtsezko espazioa izan ote zen zehaztea” du helburu, eta “zer nolako garrantzia izan ote zuen Donostiako jaialdiak eta garai hartako zinemagile feministen figura nagusiekiko hurbilketak eta harremanak, eurak zinema-zuzendari bilakatzerako orduan”, azaldu zuen Zinemaldiak ohar batean.