Donostiara iritsi berri diren gazte migratzaile zenbaitek Tabakalera zentroko espazio zabalak aukeratu ohi dituzte sarritan, askotan egoera zaurgarrian daudenek, denbora pasatzeko. Horien istorioak biltzen dituzten argazki sortarekin erakusketa zabaldu da gaur bertan Ireki, elkartu, eraiki. Hurbiltzeak eragin egiten digu izenburupean.

2017an abian jarri zen Harrotu ileak proiektuaren emaitza da erakusketa; egitasmo horrekin, gazte horiek “elkartzeko, eztabaidatzeko eta sortzeko” gune bat eraiki nahi zen, eta artetik eta kulturatik abiatuta, tabako-fabrika zaharraren “eraikinean bizi diren errealitateei buruzko imajinario berrien eraikuntza kolektiboa” osatzen inplikatu dituzte.

Urtero, Harrotu ileak programaren bidez, zuzenean eragiten dizkieten gaiak jorratu dituzte parte-har-tzaileek, esate baterako “gizarte-justiziaren errealitatea eremu publikoan eta estereotipo eta estigma sozialak zalantzan jartzea”, horretarako zinema, bideoa, dantza, rapa, pintura eta antzerkia bezalako adierazpen artistikoak baliatuz.

Argazkigintza ere erabili dute, eta erakusketa honetan ikusgai daude beraien bizi-esperientzia erretratatzen dutenak, baita euren jatorriari eta familiei buruzko beste batzuk ere, “atzean geratutako denbora-espazioa sinbolizatzen duen abiapuntu gisa; baita honaino iristeko bidaia ere, bizi-baldintza hobeen bila beste leku baterako igarobidea islatuz”.

“Donostian bizi duten errealitate berria ere erakusten dute argazkiek; lagun berriak agertzen dira, baita lan bilaketaren, prestakuntza ikastaroen eta Tabakalerako arratsaldeen artean osatzen duten errutina ere”, nabarmendu zuen zentroak prentsa oharrean. Ireki, elkartu, eraiki. Hurbiltzeak eragin egiten digu izenburua duen erakusketa, 2022-2023 ikasturtean zehar Nagore Legarreta artistarekin eta Magnum Agentziako Javi Julio eta Lua Ribeira argazkilariekin elkarlanean egindako lana da.