Postal bat desertuan bilduma Julen Apellaren (Berriz, 1998) lehen lana da, eguneroko kontu arruntekin “hausteko” eta “begiradak arrozteko” poema-liburua. Proposamen horrekin irabazi du Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak antolaturiko VI. Poesia Saria, eta gaur, asteazkenarekin, aurkeztu du autoreak berak Donostiako Liburutegi Nagusian. Apellak belaunaldi berrien kezka “modernoei” erantzuten dioten gaiak jorratu dituela azaldu du Aritz Gorrotxategi Balea Zuriko editore eta sariketako epaimahaikideak. “Ahots sendoa” izateaz harago, bizkaitarraren poesiak “literatura” asko gordetzen duela gaineratu du. Ez da harritzekoa, kontuan izanik egilea Euskal ikasketetan graduatua eta Literatura Konparatuan masterra ere badela.

Nola aurkeztu poema liburu bat? Zer landu duzu zure poema liburuan? Azken asteetan, komunikabideen aurreko hitzordua hurbiltzen ari zela, galdera horiei heldu nahi izan die Apellak. Arthur Rimbaud poeta kuttunaren, Alejandro Zambra, Iratxe Retolaza, Garazi Arrula eta Itziar Ugarteren aipuak izan ditu ahoan eta erreferentzien bidetik ekin dio aurrez pentsatutako “ordenamendurik” gabeko lan “plurala” azaltzeari; beti ere, “bi esaldirekin bakarrik” poema-liburuari “traiziorik” egin gabe. Edukiak formaren antza hartzen duenez, hainbat olerkiren hasieran Jose Luis Borges, Louis Glück edota Frank O'Hararen zitak maileguan hartu ditu, besteek idatzi dutenari tiraka bakoitzak berea erditzea ere badelako poesia.

Izenburuko “desertuaren” ideia, esaterako, sarritan erabili izan da literaturaren leku amankomuntzat. Apellak azaldu duenez, aurrez aipatutako Rimbaudek berak ere maiz erabili omen zuen kontzeptu hori. Bizkaitarrak, ordea, basamortuaren imajinarioa eguneratu egin nahi izan du; errealitate latz eta lehorraren , eta bidaia, “abentura” eta “deserrotzea” ahalbidetzen dituen beste errealitatearen arteko “anbibalentzian” oreka bila.

“Postalari” dagokionean, “elementu anbiguoagoa izan ahal da”, autoreak “testigantza” “partzialekin” erlazionatzen duena. “Poema liburu bat edo poema bat sentsibilitate literario baten adierazpide oso partziala da”, azpimarratu nahi izan du poetak. Horregatik bildumaren zehar-lerroetako bat, zerbaiten “parte” izatearen inguruko hausnarketak bultzatu du. Ez pentsa, ordea, poemetan irudikatutakoak egilearen erabateko “biografia” islatzen duenik, “fikziotik” ere asko duelako: “Ez zait asko interesatzen niri buruz idaztea”.

Jazza, ukitu soziala, pentsamendu intimoak, natura... Borborrean dituen kezka “unibertsalak” landu ditu Apellak orri zuriaren diktadurarekin amaitu nahian. Editoreak azaldu duenez, olerkien arteko “oihartzunaz” gain, horiek josteko erabili ditu errepikakorrak diren zenbait hari, mugimenduan aurrera egitea ahalbidetzen duten zapata, oin, erloju edo hegoak bezalako kontzeptuak, hain zuzen ere. “Ez dut bere horretan poema liburu bat idatzi”, aitortu du egileak, eta segidan gehitu du, poeta baten lana Word dokumentu batekin “borrokatzen” denaren lana izaten dela: “Egun konkretu batean, momentu konkretu batean esan nahi zenuena atera egiten zaizu. Eta, beharbada, hurrengo egunean ez zaizu ez interesgarria, ezta pertinentea ere irudituko”.

Egilea zuzenean ikusteko aukera izango da ekainaren 13an, iluntzeko 19.00etan, Victoria Eugenia Club aretoan egingo den 2023ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitaldian.