Phyllida Barlowk azaroan bisitatu zuen Chillida Leku, asteazken honetan euskal museoan inauguratuko den erakusketa prestatzeko. Martxoan bat-batean hil bazen ere, haren obrek, bere eraikuntza-prozesua salatzen duten eskulturek, Hernaniko baserriko espazioak bete dituzte halere.

Apirilean 79 urte beteko zituen artista britainiarraren heriotzak sekulako shocka eragin zien Chillida Lekuko arduradunei, baina handik hilabete eta erdira, Barlowk Estatuan egin duen bakarkako lehen erakusketarako piezak muntatzen hasiak ziren, batzuk tamaina handikoak. Chillida Lekun erakusketa eskainiko zuen lehen artista bizia izatekoa zen, Antoni Tàpiesena eta Joan Mirorena antolatu ondoren.

Zazpi metroko dorre bat, burdinazko egitura poliuretanoz, kotoiz, arpillera oihalez eta zementuz sortutako elementuen azpian ezkutatuta duena, museoaren sabaitik 20 zentimetro eskasera iristen da, eta artistak bilatzen zuen espazioaren okupazioaren lekuko bikaina da.

Inbasio hori lehen solairuan ere errepikatzen da. Bisitariak eskaileretatik bertatik ikusiko du beste eskultura monumental bat, horrek ere hainbat material biltzen dituelarik: zura eta pintura, itsaspeneko igeltsua, polibinilo azetatoak, poliestirenoak, poliuretanoa eta altzairua.

"Gordinaren eta delikatuaren arteko kontrastea etengabe errepikatzen da Barlowren obran", nabarmendu du urriaren 22ra arte zabalik egongo den erakusketaren aurkezpenean Chillida Lekuko erakusketen koordinatzaileak, Estela Solanak.

Harekin batera ziren Mireia Massagué museoko zuzendaria, Nausica Sánchez Hezkuntza eta Bultzada arloko arduraduna eta Luis Chillida, Chillida-Belzunce Fundazioko presidentea. Barlowren obraren eta aitaren arteko antzekotasunez hitz egin du Luisek, "espazioari eta eskalari" dagokionean bai badaudela esanez, ez ordea, "materialtasunari" erreparatuz gero.

"Kontua ez da konparaketak egiteko ezer aurrez aurre jartzea, artean lan egiteko modu desberdinak badaudela ikustea baizik, gauzak ikusteko modu desberdinak", azpimarratu du.

Barlowk gozatu ederra hartu zuen udazkenean Chillida Leku bisitatu zuzenean, eta hunkitu egin zen Haizearen Orrazia ikustean. Begirune handia zion eskultore euskaldunari, eta haren obrarekiko miresmena idatziz ere jasota utzi zuen, 2011n Tate Modernek Londresko museo horren bildumako pieza batzuei buruz eskatu zion testuan.

Berak Espazioaren modulazioa I aukeratu zuen, Chillidak 1963an egindako burdinazko eskultura txikia. Eta bere idazlanari In the Heat of The Moment (Uneko berotasunean) izenburua jarri zion.

Chillida Lekuko arduradunek ez zioten enkargu jakinik egin Barlowri, "Chillidaren testuinguruan bere burua eta obra adierazi eta ezagutzera eman zezala besterik ez".

Berak planifikatu zuena ipini da hemen. Hogeita hamar artelan baino gehiago jarri dira ikusgai, batzuk beren-beregi erakusketa honetarako sortutakoak. Bertan, amaitu gabeko pieza esferiko baten zirriborroa ere badago ikusgai, baita hainbat marrazki eta pintura ere, kasu batzuetan bere aurreko obrekin lotura argia dutenak.

"Zirriborroekin ikusi ahal izaten dut, gero obrak bere behin betiko eszenaratzean zer itxura hartuko duen. Beste batzuekin inolako loturarik ez duten lan berriak direnean, zirriborroak espekulatiboak izaten dira " dio, erakusketako informazio-karteletako batean irakur daitekeen Barlowen testu batek.

Kanpoaldean, baserriaren albo batean daude erakusketako lehen bi obrak daude. Bata, pneumatiko erreak bailiran egurrezko pankarten eta tamaina handiko armen gainean dauden piezez osatuta dago; eta bestea, berriz, esferaerdiko dorre bat da, museoaren harrizko hormarekin bat egiten duenaren iduriz.

Berak beti bilatu ohi zuen ikusleen inplikazioa eskatzen duen bisitaren atarikoa da.

"Bere eskulturak gurean hartzea, eskultura-ingurunearen mugak zabaltzeko beste urrats bat ematea da", nabarmendu du Massaguek 2017an Veneziako Bienalean ezagutu zuen artista britainiarrari buruz. Barlowek unibertsitate-irakaskuntzari eskaini zion bere bizitza, eta aintzatespena "berandu" iritsi zitzaion.