Síguenos en redes sociales:

Egonaldia egingo dute Tabakaleran EHUko bost ikaslek

Egonaldia egingo dute Tabakaleran EHUko bost ikaslekArnaitz Rubio

Tabakalerak hartuko duen egoitza-programa berriaren "ardatz nagusiak" teknologia berriek eragindako adierazpen artistikoak izango dira, Donostiako Kultura Garaikideko Zentroak EHUrekin batera garatzen duen lehena delarik.

Deialdia martxoan zabaldu zen eta astelehen honetan jakinarazi dira aukeratutako proiektuak: S/t, Antton Goikoetxearena; Pama CanolesenOleajes eléctricos; Danel GarayrenLa ciudad invisible; Victoria AscasorenAlam 1.0; eta Oriol Paresek aurkeztutako Quantum Harmonic Oscillator.

Bi erakundeek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, sei asteko iraupena izango duten egonaldi horiek, oso “lotura estua dute” UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikideko eta Performatiboko masterrarekin, eta "artearen, zientziaren eta teknologiaren profesionalizazioa, ikerketa eta sormena sustatzea" dute helburu.

Tabakalerako Sortzaileen Gunean burutuko duten egonaldian, hautatutako artistek zentroko bertako eta parte hartzen duen unibertsitateko langileen babesa izango dute euren proiektuak gauzatzeko.

Tabakaleran Creative Impact Research Centre (CIRCE) programarako proiektuak garatzen ari diren artistekin eta ikerketa zentroetako profesionalekin harreman estua izango dute egoiliarrek. Europar mailako gogoeta-talde horren helburua, kultura- eta sormen-industriei laguntzea eta Europan duten eragina indartzea da.

Gainera, egoitzaren azken egunetan, Europako kultur eragileak bilduko dituen CIRCEren osoko bilkuran parte hartzeko aukera ere izango dute.

Egoitza artistiko horiek, zientziaren eta teknologiaren arloko adituekin lankidetzan sorkuntza artistikoko proiektuen garapena sustatzea helburu duen, Tabakalerako Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea lan-ildoaren parte dira.

Esparru horretan, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCC Innovation, Tekniker, DIPC eta UPV/EHU bezalako erakunde ezagunekin lankidetzan badabiltza dagoeneko.

"Sorkuntza- eta lankidetza-prozesu horien emaitzei esker, herritarrekin gai garrantzitsuak dibulgazio zientifikoaz bestelako bideetatik partekatzeko aukera izango dugu. Hartara, ezagutza berriak, errealitatearen irakurketa desberdinak eta etorkizunerako agertoki berrien proposamenak sortzeko aukera izanik", nabarmendu dute Tabakalerako arduradunek.