Nerea Balda Donostian izan da gaur, ostiralarekin, Azpimarrak bere eleberria aurkezteko, Uxue Razquin editorearekin batera. Ustekabeko topaketak eta maitasuna zentzu zabalean, horiexek ditu hizpide nobelan. Ustekabeko hori, kasu honetan, objektu bat da, azpimarraz beteriko bigarren eskuko liburu bat. Selvak, ama izan nahi duen emakume batek, ahaztutako liburuki bat aurkitu du autobusean. Beste ustekabe bat: aurreko jabea, gaztetan ezagutu zuen Andreu mutila da. Hasiera-hasieratik narrazioaren abiapuntua oso argi izan zuela azaldu du egileak.

Hirukiaren hiru ertz horiekin, alegia, iraganean ezagutu zen bikote bat eta orain aldian batu dituen bigarren eskuko liburuarekin, “ipuintxo” bat idatziko zuela pentsatu omen zuen. Pertsonaiak deskribatu ahala, zenbait “hari mutur” sortu zitzaizkion, eta horiei tiraka etorri zen iragan urtean Ramiro Pinilla sariketan irabazle suertatu zen eleberria –Getxoko lehiaketa hori irabazi duen bigarren aldia da; bere lehen eleberriak ere, Atzerrian (Pamiela, 2019), errekonozimendu berbera lortu baitzuen–.

Azken boladako sorkuntzan maiz gertatu ohi denez, pandemia garaiak ere eragina izan zuen Baldarengan. Konfinatua zegoela etorri zitzaion idazten jarraitzeko grina. Ramiro Pinilla sarira aurkezteko epea laster zetorrela ikusita, epe hori konplitzeko erronka ezarri zion bere buruari. “Batez ere, liburua bukatzeko helburuarekin hartu nuen bultzada hori; ez nuen uste bigarren aldiz irabaziko nuenik”, aitortu du.

Narratzaile orojakilea erabili arren, atal bakoitzak jauzi egiten du Selva eta Andreuren kontakizunen artean, nolabait narrazioa “aberasteko” helburuarekin. Hain zuzen ere, eleberriaren egituraketan jarri zuten arreta berezia editoreek, bi ahotsak ondo orekaturik egon zitezen. “Lan polita izan da, irakurleari kontakizuna errazte aldera”, esan du Baldak.

Gaiari dagokionean, eta aurreikusita ez bazuen ere, istorioa garatzeko garaian indarra hartu zuen maitasunaren kontzeptuak, modu zabalean. Bikote harremanaz jarduten da, horietan agertzen diren kezka eta beldurrez; baita familia osatzeko garaian sortzen diren amatasun eta aitatasun prozesuez ere.