Errenteriako Musikaste, Euskal Musikaren Astearen 51. edizioa, asteartean hasiko da, Errege Katolikoen erregealdian kapera maisua izan zen Johannes de Anchieta azpeitiarraren omenezko emanaldiarekin. Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Andoni Iturbek; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Miren Albisturrek; Errenteriako alkate Aizpea Otaegik; Andra Mari Abesbatzako lehendakari Arantxa Arzamendik; eta Eresbil Fundazioko zuzendari Pello Leiñenak aurkeztu zuten atzo edizio berriaren egitaraua. Irekiera ekitaldian, Errege Katolikoen kapera-maisu izandako Johannes de Anchietari egingo diote omenaldia Agustindarren komentuan, 19.00etan; eta itxiera berriz, Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak egingo diote. Lied, jazz, ganbera musika eta musika garaikideak ere lekurik izango dute, Koru Egunak eta igandeko ohiko jardunaldiak bezalaxe.

Iñaki Salvador pianistak, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak eta Olatz Saitua sopranoak bat egingo dute asteazkenean Madalena Ermitan. Hiru artista horiek jazz estiloan moldatutako euskal kantutegiko doinu ezagunen errepasoa egingo dute.

Ganbera musikari erreparatuz, ostiralareklin, Maite Arruabarrenaren ahotsak, Aitzol Iturriagagoitiaren biolinak eta Susana G. de Salazarren pianoak, hainbat euskal konpositoreren lanekin egitarau askotarikoa eskainiko dute. Kilometroak ere gogoan izanik, larunbatean, hilak 20, Lekuona Fabrikan kontzertua eskainiko da, eta bertan Errenteria, Hendaia eta Ziburuko eskolako ikasleek eta Errenteriako Arte Eskolakoek parte hartuko dute. Jon Mayaren gidoia lagun eta Maddalen Dorronsororen zuzendaritzapean, ekitaldi horretan hainbat artista gonbidatu izango dira, besteak beste Thierry Biscary eta Sua Emparantza.

Errenteriako txistularien ohiko Dianarekin hasiko da eguna igandean, hilak 21. Xabier Vesgak zuzendutako taldeak euren doinuak eskaintzen jarraituko du udaletxeko etxabeetan, organo kontzertuaren eta parrokiako mezaren ondoren. Elizan, Gerardo Rifón organistak Manuel Gamarra, Nicolas Maria de Tolosa eta Eduardo Mocoroaren konposizioak eskainiko ditu. Segidan, Mariaren Bihotzaren Abesbatzako ahotsek Luis Elizalderen liturgi errepertorioa interpretatuko dute. Amaitzeko, Errenteriako EMKE Bandak Marcelino Amenabar, Tomás Aragüés, Tomás Asiain, Félix eta Julián Lavilla eta Florentino Peñafielen obrak joko ditu.

Bestetik, Musikastek berreskuratu egingo ditu Errenteriako ikastoletako ikasleentzako jardunaldi pedagogikoak. Kontzertu horietara udalerriko 1.300 ikasle inguru joango dira hilaren 22, 23 eta 24an. Anitz Musikak eta TEPODO Konpositore Elkarteak, Musika Bulegoaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin sortutako Maribel Oiloa musika fabularen estreinaldiarekin gozatzeko aukera izango dute.

Xabier Olaskoaga plazan ere izango da kontzerturik hilaren 25ean, 26an eta 27an. Herri Arte Eskolak koordinatuko ditu talde parte har- tzaileak, orkestra musika, trikitixa, dultzaina, eta jazz estiloan erritmo propioak eta latinoak uztartuko dituen La Banda nabarmentzekoak direlarik.

Musika garaikideari dagokionez, Luis Fernandez Castello klarinete jo-tzaileak, David Apellaniz biolontxelo jotzaileak eta Carlos Apellaniz pianistak osatutako hirukotea maiatzaren 24an igoko da Niessen Kulturguneko agertokira, bereziki zaindutako lan ederra eskaintzeko. Hitzordu horretan hainbat konpositoreren zortzi obra izango dira entzungai: Besteak beste, Hilario Extremiana, Isabel Urrutia, Javier Jacinto, Maite Aurrekoetxea eta Beatriz Arzamendi autoreen doinuak interpretatuko dituzte. Jazzaren esparruan, Mikel Azpiroz pianista donostiarra Niessen Kulturgunean izango da hilaren 25ean, bere azken lana, Islak, aurkeztuz. Bateria jotzen Karlo Arancegui eta kontrabaxuarekin Fernando Neira izango ditu alboan.

Bestalde, Musikasteko Abesbatzen Eguna hilaren 26an ospatuko da Lekuona Fabrikan, eta bertan izango dira bizkaitar Akelarre Abesba-tza gaztea, Gasteizko Suessatio Taldea, Barañain Abesbatza nafarra eta bertako Andra Mari Abesbatza.

Musikaste hilaren 27an amaituko da aurtengoz Lekuona Fabrikan bertan, Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak eskainiko duten kontzertu sinfoniko-koralarekin. Kontzertu horietarako sarrerak eskuragarri daude jada Eresbil Fundazioaren egoitzan, Lekuona Fabrikan eta Errenteriako webgunean. Guztien prezioa bost eurokoa da, zazpi eurotan dauden Koru Egunekoak eta amaiera egunekoak izan ezik.