26 musikari titular berri eta 59 ordezko hartu ditu aurten Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO). Hautatutako musikarien %70 emakumeak dira, iazko %50aren aldean.

Ohar baten bidez jakinarazi zuen atzo Rubén Gimeno EGOko zuzendari artistikoak, 25 urte arteko 200 gazte inguru aurkeztu direla hutsik dauden 26 plazetako bat eskuratzeko entzunaldietara, “azken urteotako antzeko kopurua”.

Entzunaldiak modu telematikoan egin dira, bideoak bidalita, orkestra sinfoniko profesionalen esparruan ezartzen ari den joera jarraituz. Atal instrumental bakoitzerako eratutako epaimahaiek ebaluatu zituzten gero interpretazioak.

Gimeno “pozik” agertu zen entzunaldien emaitzarekin. “Hautagaiek erakutsitako batez besteko maila handia da, aurreko aldien an-tzekoa”, adierazi zuen; “jasotako bideoek argi eta garbi erakusten dute, musikariek gero eta adin gazteagoetan heldutasun maila handia erakusten dutela”.

26 gazte hautatu dituzte titular izateko eta 59 ordezko gisa. Aukeratutako hautagaien %60 inguru Euskal Herrikoak bertakoak dira, eta musikari gazte gehien ekarri dituen zentroa Musikene da, Nafarroako Goi Mailako Musika Ikastegiarekin eta Aragoikoarekin batera.

Bestalde, nabarmendu egin nahi izan zuten “nazioartean erreferentziazkoak diren zentroetan ikasketak egiten ari diren musikari gazteen parte-hartzea, hala nola Conservatorium van Amsterdam, Hochschule Für Musik Saar edota Hochschule für Musik Freiburg, besteak beste; bai eta orkestra esanguratsuetako kide diren musikariena ere, hala nola Gustav Mahler Jugendorchester, Schleswig-Holstein Orchestra eta JONDEn dabiltzanak”.