Mariasun Landa (Errenteria, 1949) bere genero kuttunera itzuli da, haur literaturara, paradisua bezalako elementu iheskor eta, aldi berean, desiragarria modu “jostarian eta probokatzailean” landu asmoz. Elsa eta paradisua albumean, Elena Odriozolak marrazki zuri-beltzetara eraman ditu idazlearen hitzak, baita Genesiaren bederatzi pasarte ere, zuhaitz baten hostoak bailiran. Ez edonolako zuhaitza, gainera, Jakinduriarena, seguru aski. Hori delako Landak aldarrikatzen duena, ahanzturaren aurrean, fedea baino, kultura eta jakintza.

John Miltonek Galdutako Paradisuagatik egindako negarren eta Dante Alighierik Paradisuan irudikatutako bederatzi esferen aurrean, Mariasun Landak Eden “jostari bat” aldarrikatu du. Bertan, tomateek ez dute sagarrak baino gutxiago izan nahi, gizadiaren galbiderako fruta tentatzaile gisa.

Estreinakoz 2015. urtean Edebe etxeko Tukan berdea sailean publikatutako lana da Ereinek oraintsu berrargitaratutakoa. Edizio berriak euskal gaztetxoen artean –zortzi eta hamar urte bitarteko haurrei gomendaturiko irakurgaia da– zabalkunde txukunagoa izatea espero du autoreak. Halere, jakin badaki Biblia eta paradisua erabili izanaren aitzakian hainbatek arbuiatu egingo dutela ipuina; berak argi dauka ordea, fedea eta kultura ez direla gauza bera.

Hari horri tiraka, kultura judeo-kristautik eratorritako sinboloen gaurkotasuna berresteko beharra aldarrikatu du, bestela, ezjakintasunaren ezjakintasunez gaurdaino iritsi diren margolan, liburu eta musika konposizio nabarmenek zentzua galduko luketelako.

Horrek “amorru handia” ematen diola aitortu du Landak, egunkari honi eskainitako elkarrizketan: “Nahita hartu dudan desafioa izan da, jendeak pentsatuko duelako liburu hau idatzi duena sinestuna dela”. Aitzitik, errenteriarra ez da “proselitismo erlijiosoa” egiten ari. “Fedea oso errespetagarria” iruditu arren, argi utzi nahi izan du berak ez duela fede hori konpartitzen. Hori bai, bere interesa “kultura judeo-kristauan” kokatu du, gizarte europarra horretan oinarritzen delako. “Erlijioari arbuio bat egon da, zilegi izan daitekeena, baina kultura ez da arbuiatu behar”, esan du, jarraian honako hau gehitzeko: “Biblia ezagutzen ez duenak ezin izango ditu margolan klasiko gehienak ulertu”.

Elena Odriozolak ilustratu ditu Mariasun Landaren hitzak.

"Zer da paradisua?"

“Denbora luzez ibili nintzen gai honi nola heldu hausnartzen”, azaldu du Landak. Azkenean topatu zuen bidea eta argumentua: Elsa izeneko umeak landetxe batean hartu du ostatu, gurasoekin eta gogaitu eta xantaia egiten dioten nebekin. Orkatila bihurriturik dauka eta senideak dibertitzen diren bitartean dama misteriotsu batek, Beatricek Danterekin egin zuen moduan, paradisuaren ateak zabalduko dizkio Elsari.

“Zer da paradisua?”, galdetzen du umeak. Hiru egun, hiru solasaldi, hiru erantzun aurkezten dizkigu autoreak. Lehenengo zatian Gianni Rodari idazle italiarraren antzera, “jostari" ageri da idazlea, izatearen sorrera “modu heterodoxoan” landu du, umorearen bitartez, hitz-jokoekin eta modu probokatzailean. Bigarren zatian, aldiz, Adan, Eba eta jatorrizko bekatua izango dira protagonistak. “Biak auzokideak zirela kontatu dut, biek elkarri sinpatia ziotela eta gero sortu zen amodioa”, laburbildu du, tradizio judeo-kristautik nola aldendu den adieraziz.

Azken atala, berriz, gaurko egunean kokatu du eta bertan Elsak aurre egingo die neben xantaiari. Landak pasarte hau erabili du, hain zuzen ere, paradisuaren izaera subjektiboa (eta ez erlijiosoa) aldarrikatzeko.

Eredu bat ere jarri du gero, lehen pertsona erabiliz. “Haurra nintzenean niretzako pastelez betetako mahai luze bat zen”, aitortu du barrezka. Beste batzuentzat, ziur, buruari eragiten dioten Mariasun Landaren kontakizunez beteriko apalategia izango da... paradisua, beti ere paradisu.