Pasio askotariko gizona da Xabier Unanue. Zinema, politika, Santa Agedako koplak eta zezenketak maite ditu, baita bertsolaritza ere. Guztien artean, Manuel Olaizola Uztapideren trebezia miresten du. Bera bezala Zestoako semea zen Uztapide, eta plazagizonaren omenez 1980. urtean herrian biei ateratako argazkia harrotasunez gordetzen du. Pasio horiek guztien inguruko pultsioa, modu batera ala bestera, bilduma bidez bideratu izan ditu eta, orain, gizarteratu egin nahi ditu. EAJrekin Zestoako alkate izandakoak, 1976. urtetik hona jaso eta transkribatutako 42.000tik gora bertsoren dohaintza egin dio gaur, ostegunarekin, udal liburutegiari. Kopia digitala udal teknikarien esku utzi du, dagoeneko; eskuz transkribatutako bertsoak eta hamaika zuzeneko grabazioen kaseteak, aldiz, datozen hilabeteetan utziko ditu Billabonako Xenpelar Dokumentazio Zentroan.

Unanuek NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariari ireki dizkio etxeko ganbarako ateak. Hura da bere bulegoa eta bertan eman ditu orduak eta orduak. Gaztetatik datorkio bertsoarekiko afizioa. Gogora ekarri du, San Jose egunaren bueltan, nola Uztapide “mitoa” eta Ignacio Eizmendi Basarri eskolara joaten zitzaizkien. 1960. hamarkadan kokatu du oroitzapen hori, Zestoako ikastola bultzatzeko sortu zen herri mugimenduan. Jaialdiak antolatzen zituzten. “Grabazioak eta argazkiak ere badaude” dio, bere oroitzapenak euskarri fisikoekin lagundu nahian. Zentzu osoa du horrek, azken batean, ahozko memoriaren gordailu bihurtu baita Xabier Unanue eta, orain, euskarri fisiko eta digitalen bitartez gizarteratu nahi duelako memoria hori.

1976an bertsolagun taldea osatu eta jaialdi bat antolatzea erabaki zuten. Garai horretan Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarra Loiola Irratian lanean zebilen eta saioa grabatu egin beharko zutela esan zion zestoarrari: “Baldintza bat jarri nion Iriondori, saioaren kopia bat helarazi behar zidan”. Horrela hasi zuen Unanuek bere zuzenekoen audio bilduma, abilezia handiarekin jaialdiak grabatzen zituztenei kopia bana eskatuz. 2005ean aurre-jubilatu zenean, KZgunean ordenagailua erabiltzen ikasi berria zen, eta ganbaran gordetzen zuen materiala digitalizatzen hasi zen. Audioan jasotako bertsoak eskuz transkribatu zituen aurrena, AZ karpetetan gordetzeko. Horiek guztiak, testu prozesadore bidez pasa zituen ordenagailura eta, orain, udal liburutegian utzi ditu, inork bertako altxorrak arakatu zain.

Xabier Unanueren artxiboan, Zestoan 1976tik 2007ra arte egindako 50 saio topa litezke. Baita 1985. urtean Fernando Amezketarra herri arteko norgehiagokaren bost saioen transkripzioak ere. Are gehiago, Zestoatik kanpo antolatutako 400 bertso saio baino gehiagoren transkripzioak ere baditu, gehienak, gainera, audioan grabatuta. Beste batzuen grabaketak, aldiz, galdu egin ditu. “Hasiera batean ez nuen pentsatzen gerora bilduma bat osatuko nuenik, eta horregatik, kaseteko zenbait zinta berrerabili egin nituen”, azaldu du. Ez hori bakarrik, 2005etik hona prentsan bertsoekin erlazionaturiko artikuluen dosierra ere osatu du, guztira, 2.000 sarreratik gora bilduz.

Plazetatik harago, Zestoako bertso idatziaren arrastoak ere jarraitu ditu Unanuek: “Beti esan dut, Txapelketa moda desfile bat bezalakoa dela. Hor ikusten duzun jantzia gero ez duzu kalean ikusten; bertsoekin gauza bera gertatzen da”. Horretarako, bertsopaperak ere bildu ditu, 500 orrialdeko bilduma osatuz. Horien artean, Uztapiderenak ere badira, noski, 1972an mutu geratu zenean idatzi zituenak, esaterako. Halere, ia mende bat lehenagoko lanekin hasi zuen bilduma, 1898an Zestoako Lore-Jokoetako hiru sariketetan irabazle izan zirenekin, hain zuzen ere.

“Beti esan dut, Txapelketa moda desfile bat bezalakoa dela. Hor ikusten duzun jantzia gero ez duzu kalean ikusten; bertsoekin gauza bera gertatzen da”.

'Uztapide', 'Basarri' eta 'Xalbador'

“Bertsoak transkribatzeko lanean, kasete bakoitza lau bat aldiz entzun du. Uztapiderenak, ordea, hamar bat aldiz”, barre egin du. Bertsolari zestoarraren 2.760 bertso gorde ditu, hori bai, zaila egiten zaio gustuko bertso bakar bat aukeratzea, gehiegi direlako erakargarri zaizkionak. Bilduma horretatik atera ziren Uztapide, berriz plazara libururako zenbait bertso, Unanuek azaldu duenez.

Beste bi bertsolarien kantuekin ere osatu ditu bildumak Unanuek, besteak beste, aipatutako Basarriz aparte -866 bertso-, Fernando Aire Etxart Xalbadorren mordoxka bat ere gorde ditu -1.588-. Eta zergatik hiru hauek eta ez beste batzuk? “Nahiz eta Xalbadorrek txapelketarik ez irabazi, hiru horiek izan zirelako gerraosteko bertsolarien artean sona handiena izan zutenak”, azaldu du. Hain zuzen, 1967ko Bertsolari Txapelketaren Finala ekarri du gogora, Xalbadorri txistua jo eta Uztapide txapeldun izan zeneko hura. “Xalbador entzuten zuenaren %70ak hala moduan ulertzen zion. Horregatik jo zioten txistua”, komentatu du. Berak ere, Urepelekoak kantatutakoak ulertzeko zailtasunak ikusita, “bere erara” transkribatu zituen. Aireren alabak Unanueren bildumaren jakitun izan zirenean, aitaren bertsoak eskatu zizkioten zestoarrari. Berak, transkribatutakoak eta gordeta zituen audioak ere bidali zizkien. Denboraldi bat pasa ostean, alabak Unanuerengana itzuli ziren “opari” eder batekin, Xalbadorren bertsoen transkripzioen zuzenketarekin, alegia.

Zestoan Xalbadorrek behin bakarrik kantatu zuela gogoratu du Unanuek, 1976ko otsailaren 5ean, bere jaioterrian hil baino hilabete batzuk lehenago. Barrez berreskuratu du alkate izandakoak bere bildumatik, egun hartan nafarrak kantatutako bertsoaren azkena: “Uste nuen hilko nintzela zu ezagutu gabe, Zestona”.

Xabier Unanuek 'Uztapide' zestoarraren 2.760 bertso bildu ditu. Javier Colmenero

Santa Ageda koplak eta bertsolaritza, zezenekin solasean

Beste bi pasio ere baditu Unanuek, Santa Agedako koplak eta zezenak. Badira hamar urte Santa Ageda koplak Zestoan liburua argitaratu zuela. Bere ganbaran, aldiz, 10.000tik gora gordetzen ditu, 1992tik 2016ra arte, urtero-urtero eta baserriz baserri, tabernaz taberna, baita kalean ere kantatutakoak. Covid-19a zela eta Santa Ageda bezperan abestera atera ezin zitekeen garaietan, Unanuek, lagun batzuekin, etxez etxeko ohiko ibilbidea egin zuen, eskean ibili beharrean, ordaintzan emateko asmoz. Baserri bakoitzari, haren atarian kantatutako koplen bilduma oparitu zion. Gainera, Zestoatik eta Euskal Herritik kanpoko Santa Agedaren tradizioak ere aztertzen hasi zen, eta Estatu mailan eta baita Italian ere topatutako ikonografiarekin eta ohiturekin beste bilduma bat osatu du.

Bertsolaritzan zezenei egindako aipuak “oso antzinatik” datozela azaldu du baina, aldi berean, oso ezezaguna den gaia dela dio: “Bilduma hau erakusten dudanean, harritu egiten dira”. XV. mendeko Alostorrea baladako “Amandrea nirea nigaz, bi erdi egin zenean, mila oilo hil ziran, ezkaratzean, zazpi zezen korritu ere, enparantzean” aipuarekin hasita, bi multzotan sailkatu ditu erreferentziak, Gerra Zibilaren aurrekoak eta ondorengoak, hau da, plazan kantatutakoak, bat-batean. Gehienak bertso idatziak direla azaldu du; Lesakan San Ferminen ingurukoak topa litezke, baita Donostian Bilintxek pikadoreei eskainitakoak ere, eta Xenpelarrek kantatutakoetan ere aurki litezke zezenketen erreferentziak: “Pasaiako herritik dator notizia zezen bat izan dala jenioz bizia”. 1825ean, Donostian idatzitako zortzikoa errezitatu du gero, Espainiako erreginak hiriburua bisitatu zuenekoa: “Hiru egunez dira hiltzeko zezenak, Nafarroan aurkitzen diren hoberenak, Espainian hautatuak arteko gizonak, pika, banderilla eta ezpatarik onenak”. Hauek eta beste milaka asko kontsultagai izango dira gaurtik aurrera Zestoan.