Bi albiste paregabe utzi ditu neguko uztak aurten euskarazko hiztunen eta irakurleen komunitatean. Alde batetik, Harriet argitaletxe gipuzkoarrak mangak euskaraz argitaratzearen aldeko apostua egin berri du. Gregorio eta Koro Murok gaztetxoen –eta ez hain gaztetxoen– irakurtzeko ohiturak modu bikainean erradiografiatu dituzte, eta Euskal Herrian milaka eta milaka zale dituen japoniar komiki tradizioaren irakurleei entzunda, Kabe deituriko sailaren bitartez egingo dute. Mundu mailako tsunami bat bizi du mangak, baita animeak ere, streaming plataformen eskutik. Kataluniako erakude publikoek badakite ezinbesteko lanabesa direla belaunaldi berrien alfabetatzean, eta, horregatik, mota honetako ikus-entzunezkoak eta komikiak katalanera itzultzeko sekulako apustua egiten ari dira. Euskal Herrian alfabetatzea horrela hauspotzen duten politikak topatzeko, 80ko eta 90ko hamarkadetara nostalgiaz begiratu beharko genieke. Ardura hori, gero eta maizago, ekimen pribatuaren gain gelditzen dela dirudi. Harriet eta mangaren kasuan argi dago, baita europar jatorriko lanak euskarara itzultzen dituztenean, edo zuzenean sortzerakoan. Harrietek bezala, Astiberri argitaletxe bizkaitarrak urte asko daramatza bederatzigarren artean kokatzen diren obrak euskal irakurleei eskaintzen. Eta hona hemen sorioneku egiten gaituen bigarren albistea: Art Spiegelmanen Maus nobela grafikoa euskarara ekarri du Julen Gabiria itzultzailearen lan apartaren eskutik.

Harrieten erabakiak euskalduntze bidean ekar ditzakeen onurak kontuan hartzen baditugu, ezin dugu aipatu gabe utzi Astiberrik hartutako erabakiaren garrantzia. Maus literatur klasikoen zerrendetan letra larriz idazten den obra horietako bat da, kontatzen duenarengatik eta baita bere formarengatik ere. Beraz, euskal irakurleek ez dute erderetara joan beharrik Spiegelmandarrek pairatutakoak ezagutzeko.

Fabularen elementuak erabiltzeaz harago –egileak berak, sagu eta katu antropomorfoak marrazten dituen arren, askotan haien aurpegiak maskarak besterik ez direla azpimarratzen du–, Spiegelmanek maisuki landu zuen obraren aspektu formala. Will Eisner handiaren moldeei jarraiki, komikigileak eszenak bihurritu zituen, askotan binetak Matrioska bailiran orrialdeetan ezkutatuz eta horretarako, eszenako elementu organikoak baliatuta. Underground komikigintzaren esparruan jaio bazen ere –Robert Crumben antzera marrazki itxusien aldeko jitea nabaria da–, Mausek mainstream-era salto egin zuen berehala. Hain zuzen ere, irakurketa unibertsala ahalbidetu zuelako. Egia da, Holokaustoa bizi izan zutenen eta haien ondorengo belaunaldiaren isla dela –bitxia da, garai horretan, 80ko hamarkadaren erdian, Vivian Gornickek Fierce Attachments liburuan, Spiegelmanek Mausen bezala baina memoriaren beste koordenada batzuetan, amarekin izandako harreman gatazkatsua kontatu izana–. Baina, are gehiago, modu zabalean ahanzturaren aurkako ariketa denez, ulerterraza egiten da munduko txoko guztietan. Orain, euskaraz eta Euskal Herrian ulerterraza izateaz gainera, ariketa beharrezkoa ere bada.