Durangoko Azokaren 57. edizioaren irekierarekin euskal kultura pozarren lehertu da. Azokak modu heroikoan eutsi die pandemiaren bi urteei eta erakusleiho garrantzitsua jarraitzeko apustua egin du. Gaur goizean, irekiera ekitaldian, eguneko protagonista nagusiak Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako ikasleak izan direla esan daiteke.

Covid-19ak behartutako geldialdiaren ondoren, Ikasle Goiza ospatu ahal izan da. Antolatzaileek hainbat tailer eta programazio zabala prestatu dituzte kultura gazteei hurbiltzeko helburuarekin. Izan ere, ez luke zentzu handirik izango zure herriaren kulturaren alde egiteak, kultur sorkuntzaren erreleboa eta kultura kontsumitzeak dakarren gozamen eta aberastasuna jasoko duen gazteria hori gabe. Beraz, Durangoko Azoka apustu handia egiten ari da euskal gazteak kultura mailan murgiltzeko.

Zentzu honetan, Ikasle Goiza eta kultur eskaintzaz gain, PortaDA! erronka antolatu da berriro. Ildo horretatik, Azokan, euskaraz jarduten duten musika taldeak eta euren diskoak ezagutzeko helburuarekin eta gaztetxoen sorkuntza sustatuz, edozein garaitako diskoen portadak izan dira lehiaketako langaia. Portada horietako irudiak birsortu behar izan dituzte parte hartzaileek, gorputz atalak edota eguneroko objetuak erabilita. Kasu honetan, PortaDA! erronkako lehiaketa Sopelako Ander Deuna Ikastolak eta Laudio Ikastolak irabazi dute.

Leporaino bete dira gune desberdinak, Landako Gunean pandemia ailegatu aurretik bizitzen zen giroa berreskuratuta. Barruan, gazteek gehien bisitatu dituzten postuak, musikari eskeinitakoak izan dira. Bertan, ikasle askok diskoak erosteko eta bere artista gogokoenetako batzuekin hitz egiteko aprobetxatu dute. Ilarak ere sortu dira goizean zehar bertan egon diren musika taldeekin argazki bat lortzeko.

Baina aldi berean, tailer ugari egin dira Azokako hainbat gunetan banatuta. Hauen artean Egin zazu zure komikia, Literakzioa, Antzerki sorkuntza, film emanaldiak, Dadaismoa ezagutzen, Collage tailerra... Baina gainera, aurten, berrikuntza gisa, irakasleentzat, hezitzaileentzat ere tailerrak antolatu dituzte lehen aldiz. Horrela, hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia antolatu egin dituzte.

Hala ere, sarrera librea izan da goizean zehar ere, eta asko izan dira Azokaren lehen orduak galdu nahi izan ez dituztenak. Landako Gunean ETS edo Zetak bezalako taldeak ibili dira diskak sinatzen, baita idazleak ere, besteak beste, Toti Martinez de Lezea, Azokara urtero joaten dena.

GAZTE EZTANDA!

Gazteei ere zuzenduta egongo da aurtengo beste berritasun bat; ostiralean Gazte eztanDA! ospatuko da, gazteei begira antolatu den egitarau berezia. Egunean zehar gune guztietan hamaika kultur ekitaldi egongo badira ere, Azokak hainbat jarduera berezi antolatu ditu ere. Horrela, 14:00etan gazte-bazkaria egongo da. “Norberak ekarri beharko du jatekoa etxetik, eta gazteek elkarrekin bazkalduko dute”, azaldu dute antolakuntzatik. 17:00etan jinkana antolatuko du EuskarAbentura ekimenak Euskal Herriko gazte ezberdinen artean (izena eman daiteke Azokako webgunean); eta 19:00etan elektrotxarangen jaia egongo da Durangoko kaleetatik, ElektroPottotte eta OstiKda taldeen eskutik.