Durangoko Azokak 57. edizioa ospatuko du abenduaren gaurtik 11ra. Edizio horien guztien atzean Gerediaga Elkartearen lan nekaezina dago, Azokaren antola-tzaile nagusia eta antolaketa-taldeko beste elkarte, erakunde eta taldeen koordinatzailea. Euskal kulturaren eta sortzaileen taupada inoiz baino ozenago entzuten da, Durangora hurbiltzen ari dira eta eztanDA! egiteko prest daude. Azken bi urte berezien ostean, euskal kulturaren plazak osotasunean eztanda egingo du, pandemiaren ezbeharrak eta ziurgabetasuna atzean utzita. Testuinguru horretan, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak, 2004az geroztik, edizio honek dakarren ilusioa adierazi du elkarrizketa honetan.

Dena prest dago 57. edizioari hasiera emateko. Azken egun hauetan dena kontrolpean dago edo urduritasun eta kaos handiko egunak izaten dira?

–Ba egia esan Azoka bezperako egunak zoratzekoak izaten dira! Montaje-lanetan ibiltzen gara, azken orduko eskaerekin... urduritasun puntua ere izaten dugu, baina ederra da horrenbeste hilabetetan landutakoa azkenean gorpuzten ikustea eta forma hartzea. Durangoko Azoka elementu askotariko ekosistema da, eragile askoren arteko antolakuntza eta auzolanaren ondorioa da, eta benetan hunkigarria da urtero denon artean posible egitea.

Nola bizi izan duzu edizio honetako antolaketa-prozesu osoa?

–Aurten bereziki ilusio handiarekin, azken bi urteak ezohikoak izan direlako. Osasun-krisiaren eraginez ezin izan dugu Azoka antolatu betiko moduan; orain dela urte bi online egin behar izan genuen, eta iaz txanden sistemarekin. Baina beti azpimarratzen duguna: Durangoko Azoka ez da salerosketa gune huts bat, euskal kulturaren plaza da, eta azken bi urteetan ezin izan dugu guk nahi genuen bezala antolatu. Baina, aurten, zorionez bai, eta oso baikor gaude, oso datu onak izan ditugulako parte-hartzeari dagokionez.

Azken bi edizioak bereziak izan dira, baina aurten eztanDA egiteko taupaDA baDA, ezta?

–Bai, hitz-joko ederra egin duzu! Oso eskertuta gaude azken bi urteetan bidelagun ugari izan ditugulako Azokarekin aurrera egiteko. Kulturzale eta eragileen taupada eskatu genuen, eta baita jaso ere! Aurten eztanda egiteko momentua helduko zaigu, ospatzekoa, euskal kultura %100ean bizitzekoa eta gozatzekoa. Hori nahi dugu izatea Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra: ospakizun handi bat!

Azoka abenduaren 7tik 11ra luzatuko da, baina urte osoan zehar lan handia egin duzue. Gutxi gorabehera noiz hasi zineten aurtengo edizioa prestatzen?

–Azoka amaitu eta hurrengo egunean! Egia esan, urte osoko lanketa da. Azoka amaitzen denean balorazioetan sartzen gara eta hurrengo urteari begira hobekuntzak egiten saiatzen gara. Hor ere parte-hartzaileen iritziak kontuan hartzen ditugu: argitaletxe, diskoetxe, erakunde, herri mugimendu, guneetako arduradun, Gerediagako kide... Urtez urte Azoka hobetzen eta testuingurura egokitzen saiatzen gara.

Parte-hartzeari buruzko datuak kontuan hartuta, Durangoko Azoka pandemiaren aurreko zenbakietara itzuli da. Aurtengo edizioak 248 stand eta 176 parte-hartzaile izango ditu, horietatik 34 lehen aldiz izango dira Azokan. Espero zenuten horrelako zenbakietara iristea?

–Hori zen aurten gure erronka, bi urteren ostean ohiko zenbakietara bueltatzea, eta lortu dugu! Guretzat gainera oso pozgarria da sortzaile berriak ere Durangoko Azokara etor-tzea, kulturaren plazan parte har-tzea, eta guk gure esku dagoena egingo dugu eurei ikusgarritasuna emateko eta euren ibilbide profesionalean laguntzeko. Horren adibide dira antolatu dugun DA! PRO jarduera profesionalak, Durangoko Udalarekin batera antolatzen dugun sormen beka...

Nolakoa izango da aurtengo edizioa?

–Aurtengo edizioa oso berezia izango da, bi urteren ostean eztanda egingo dugulako, bi urte egon garelako zain euskal kulturaren plazari bizia eman eta inolako murrizketarik gabe ospatzeko. Bisitariek ohiko Azoka topatuko dute, baina nahi duenak ere etxetik erosteko aukera izango du, abenduaren 7tik 10ra arte online denda izango dugulako www.durangokoazoka.eus webgunean. Gainera, Azoka amaitzen dugunean Zu non, han DA egitasmoagaz hasiko gara, eta Azokako nobedadeak 132 saltokitan eskuratu ahal izango dira. Aurten lehenengo aldiz, gainera, 45 liburu-aurkezpen antolatu ditugu liburudendatan, idazleen eskutik.

Lehen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka izenez ezagutzen zen ekimenak izugarrizko garran-tzia eta dimentsioa hartu du. 250 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira Azokako guneetan. Imajinatzen duzu Durangoko Azoka (Saguganbara, Irudienea, Szenatokia, Ahotsenea, Kabi@ eta Talaia) espaziorik gabe?

–Zalantzarik gabe, guneak Azokako ezinbesteko espazioak bihurtu dira, eurak barik ez genuke gaur egungo kulturaren plazarik izango. Gogoratu behar dugu Gerediaga elkartea azkenean Durangaldeko elkarte bat dela, baina Durangoko Azokak dimentsio nazionala hartu duela, eta hor ezinbestean bidelagunak behar ditugu. Guneekin batera euskal kulturako diziplina ezberdinak lantzen ditugu (arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, familientzako ikuskizunak, mundu digitala...) eta horrek euskal kulturaren plaza handiago egiten du.

Zenbat lan egin du espazio-arduradun bakoitzak, ezta? Zer esango zenieke programa egiten lagundu duten guztiei?

–Lan itzela egiten dute gune guztietako arduradunek, atzean dituzten elkarteek eta baita Gerediagako lantaldeak. Denon konpromiso eta lanari esker lortzen dugu Azoka aurrera ateratzea.

Azokak etengabeko bilakaera eta eraldaketa bizi du, bere esentzia nagusia galdu gabe, edizio bakoi-tzean arnasten den giro berezi hori. Non dago formula?

–Azokak 57 urteko ibilbidea du eta gure helburua beti izan da garai berrietara egokitzen saiatzea. Mundua asko aldatu da azken hamarkadetan, eta baita Euskal Herria ere: kulturaren bilakaera, globalizazioa, kontsumitzeko ohitura berriak, iraultza teknologikoa eta digitala, pandemia... Hor saiatu gara testuingurura moldatzen eta berritasunak egiten, ahal den neurrian. Ildo horretan, adibidez, aurten antolatu dugu Gazte EztanDA! lehen aldiz, gazteak gurera erakartzeko asmoz; QR kodeak jarriko ditugu musika-nobedadeak entzun ahal izateko... uneoro egoerara egokitzea da formula, gure nortasuna galdu barik.

Argitaletxeen eta diskoetxeen egoera kezkagarria izaten ari da azken urteotan, nola lagun diezaieke Azokak?

–Gure egiteko nagusia plaza eskain-tzea da: kulturzale, sortzaile eta partehartzaileak batuko dituen topagunea sortu eta sortzaileei ikusgarritasuna eman. Horretan ari gara buru-belarri, euskal kulturak merezi duen plaza hau eskaintzen, baina Azokak bakarrik ezin du hau egin, noski.

Durangoko Azokara lehen aldiz datozenei, zein mezu edo gomendio helaraziko zenieke?

–Durangora etortzeko gonbitea luzatuko nieke, seguru nagoelako sorpresa ederra hartuko dutela. Azokan dagoen giroa bertatik bertara bizi behar da, oso berezia baita: denok ezagutzen ditugun sortzaileen sinadura lortu, aspaldiko lagunak agurtu, sortzaile berriak ezagutu, giroaz kutsatu... eta euskal kulturari gure ekarpena egin. Datuek esaten digute Azokara etortzen denak errepikatu egiten duela! Eta bisita planifikatzeko ere gomendatuko nieke: egitarauan kuxkuxeatu eta horren arabera Durangora etortzea.

Eta urtez urte etortzen direnei?

–Nik esango nieke urtero egiten ez duten plan bat egitea. Hau da, normalean Azokako kontzertu batera joaten badira, aurten proiekzio batera joatea, edo antzerki laburren bat ikustea, literatur solasaldi batez gozatzea, ezagutzen ez duen sortzaile baten lana erostea... Eta gomendioa guztientzat: garraio publikoa erabiltzea eta autoz etortzekotan, martxan jarri dugun autobus-lanzadera zerbitzua erabiltzea, Landakotik inguruko aparkalekuetara.