Josu Martinez zinemagile eta EHUko ikertzaileak Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburua kaleratu zuen orain hilabete batzuk. Bertan, izenburuan bildutakoa eskaintzen du: euskarazko zinematografiaren historia eta, bereziki, hura sortzeko bidean aldapa malkartsuetatik igotzeko egindako hamaika ahaleginak. Horretarako, ahanzturaren itzalean zeuden autore eta film ugari fokuaren pean jarri ditu Martinezek.

Zer da euskal zinema?

Euskaraz ari garenean, bakoitzak jakingo du, baina niri burura etortzen zaidana da hitzak esaten duena: euskarazko zinema. Euskaraz ari garenean naturalki ateratzen den zerbait da, euskal literatura euskarazko literatura dela diogun modu berean. Beste zerbait planteatzen da beste hizkuntza batean ari garenean, adibidez, cine vasco diogunean. Horrek gehiago egiten dio erreferentzia herritartasunari eta, noski, Euskal Herrian egindako guztia sar liteke horretan. Baina niri, argi esango dizut, ez zait eztabaida hori bereziki interesatzen. Bakoitzak izango du nahi duen iritzia eta ez dut uste merezi duenik horretan denbora galtzea. Niretzako hurbilena den zinemari buruzko liburua egin dut, euskarazko zinemari buruzkoa; euskaldun sentitzen naizelako, hau da, hiztun komunitate baten parte. Ez dut inor konbentzitu nahi, eta ez dut nahi inork konbentzitu nazan (barrea).

Gaur egun euskal zinemaz ari garenean, industria batez ere ari gara.

Nagusitu den iritzia hori da eta ez diot kontrarik egingo. Euskal zinema ez dakit, baina cine vasco bai. Horiek guztiak, halere, kontu semantikoak dira. Hori ez da garrantzitsua.

Liburuaren ardatz euskara hartu duzu.

Irudiz eta euskaraz deitzen da liburua, eta modu batera edo bestera euskararekin erlazioa zeukaten pelikulak, autoreak, prentsa eta abar aztertu ditut. Liburu hau horixe baita, irudiz eta euskaraz egin direnen bilduma. Beste modu batera esanda, euskararen jendeak, euskaldun komunitateak, zinemarekin izan duen harremanak landu ditut. Horri euskal zinema esatea naturala iruditzen zait.

Gaurdaino euskal film edo pieza askoren testigantza iritsi zaigu baina, originalak galduta daude. Hori arazoa izan al da ikerketa egiterako garaian?

Aldez aurretik bagenekien hori. Bildumak hainbat pista berri eman dituela uste dut zenbait pelikula aurkitzeko. Ekarpen berriak ere badakartza, aipatu ere egiten ez ziren pelikula edo autore batzuk plazaratuz. Fokua oso zabalik erabili izan da cine vasco deitzen den horretan, eta euskarazko pelikulak subalternoak, amateurrak, txikiagoak izanik, ez dira behar beste ikertu. Ezagutzen genituen beste pelikula batzuei buruz, Teodoro Hernandorenak egin zuen Euzkadiri buruz, esaterako, datu eta argazki berriak jasotzen ditu liburuak. Are gehiago, pelikula horretan euskara entzuten zela frogatu ahal izan dut, orain arte aipatu izan ez den kontu bat. Liburua horrelako aurkikuntza txikiz osatuta dago. Egia da pelikula asko galdu egin direla, ziurrenik batzuk betiko, baina badago oraindik ere askoz gauza gehiago jakiteko biderik.

Horretarako, garaiko egunkariak sakon aztertu dituzu.

Liburu honetarako, aurretik egin gabeko zerbait egin dut, garaiko euskarazko prentsa sakonki arakatzea. Euskarazko kazetaritzan agertutako artikulu ia gehienak ez ziren aipatzen euskal zinemari buruzko bibliografian, bereziki, 80ko hamarkada aurrekoak. Informazio berri ugari agertu da.

Ezagutzen ez ziren obra eta autoreen gainean jarri duzu fokua. 'Euskadi'-z eta Hernandorenaz hitz egin duzu, baina badira hor beste izen oso interesgarri batzuk, Harry Abadia Urrustoi eta Maddi Elissague, kasu.

Aspaldi, Román Gubernen Historia del Cine famatua irakurri nuenean, kasik abenturazko nobela bailitzan irakurri nuen. Pentsatzen nuen jada banekienarekin eta gerora jakin dudanarekin, euskarazko zinemaren historiaren inguruan gauza interesgarri bat idaztea, eta horretan ahalegindu naiz. Saiatu naiz liburu akademiko bat ez egiten. Jendeari oro har, zinema interesatzen zaiona baino publiko zabalagoari, zerbait atsegina eskaini behar zaio, horrela piztuko zaiolako interesa. Saiakeratik hurbilago dagoen liburua da: lehenengo pertsonan idatzita dago, nire iritziak ematen baititut. Batzuekin jendea ados egongo da, beste batzuekin ez, baina zintzoa izan naizela iruditzen zait.

Ynchausti-ren izena ere fokupean jarri duzu. Zer garrantzia du 'Eusko ikusgayak' dokumental bildumak?

Lehenik garrantzia etnografiko handia du. Ynchausti, momentu horretara arte filmatuak izan ez ziren lekuetara joan zen bere kamerarekin, Izabara, adibidez. Bestetik euskaraz egitearen intentzio guztia dauka, euskarazko intertituloak sartu zituen. Eusko ikusgayak eta gerora egin ziren pelikula asko hartu behar dira kontuan, euskaraz eta Euskal Herrian zinema egitea suposatu duenaren ispilu. Industria 80ko hamarkadan finkatu zen; aurretik egin zitezkeen ahalegin guztiak Ynchaustiren antzekoak izan ziren. Alegia, idealismotik egindakoak, eta zenbat eta zaharrago, orduan eta komunetik kanporagokoa izan behar zenuen. Ynchausti bera aberatsa zen, garai batean kamara bat erosteko adina baliabide zituen pertsona urrietakoa, baina proiektu heroiko bat egin zuen. Zinematografia errenean, Euskal Herriari lotutako eta euskaraz filmatzearen aitzindari izatearen garrantzia hori dauka Ynchaustik. Manuel Ynchausti XX. Mendeko Anton Abadia izan zen, euskal kulturari ekarpen handia egin zion mezenasa eta ekintzailea.

XX. mendeko lehen hamarkadetan, abertzaletasuna mesfidati agertu zen zinemari dagokionean.

Bai. Abertzaletasuna, 1930. hamarkadara arte, eta salbuespen bakan-bakan batzuk kenduta, oso eskuineko mugimendua zen eta Elizari oso lotua. Eliza mesfidati agertzen zen zinemari zegokionean, apaizek zinema konpetidore bezala ikusten zutelako. Abertzaletasuna horren eskutik ibili zen, baita euskaltzaletasuna ere, ordurako gainbeheran eta galtzeko zorian zegoen hizkuntzarentzat zinema beste mehatxu bat zela uste baitzuten.

1930. hamarkadan hori aldatu egin zen.

Hernandorenak esan bezala, txarra bezain ona izan zitekeen. Zinema ez da berez txarra, bere erabilera izan zitekeela txarra, kasu guztietan bezala. Hortik aurrera, emeki-emeki hasi ziren pentsatzen ea zinema euskaraz ere egitea posible ote zen, gainerako hizkuntza guztietan bezala. Hastapenak, 30eko hamarkada horretan, oso zailak izan ziren, baina Luzearren eskutik euskarazko lehen irratsaioak egiten hasi ziren... Zinema espainolez egitea ere zaila zen garai horretan; euskaraz, zer esanik ez. Astiro-astiro gauzak agertzen joan ziren, baina pentsa XX. mendean hegoaldea bi diktaduren azpian bizi izan zela. Zinema benetan egiteko aukera errepublika garaiko urteetan etorri zen, eta gero, 80ko hamarkadatik aurrera. Ulertu behar dugu, euskarazko zinemaren historia euskal kulturaren historia ere badela, oso antzekoak dira: nahi eta ezinaren historia.

Kontuan izanda zinematografoa frantziar Estatuan sortu zela, hegoaldean eta Iparraldean zinema egitea kontu ezberdinak izango ziren, ezta?

Esan dudan bezala, Hegoaldeak bi diktadura bizi izan zituen XX. mendean. Iparraldean problemak bestelakoak ziren. Zinema bai, baina Ipar Euskal Herria Frantziaren kolonia baten antzekoa zen, eta egoera horrek nabarmen baldintzatu zituen burutu ahal izan ziren lanak. Halere gauza asko egin ziren, agian kulturalki oso bizia del lurraldea delako. Euskarara elementu modernoak Iparraldetik etorri izan dira beti: lehenengo liburua Bernat Etxeparek idatzi zuen Garazin; lehen euskal kantari modernoa Mixel Labegueri izan zen; euskal rockaren aitzindariak Niko Etxart eta Anje Duhalde izan ziren; lehen pelikula euskaraz, Gure Sor Lekua, Iparraldean egin zen; euskarazko lehen telebista ere, ETB baino 15 urte aurretik, Iparraldean egin zen... Egia da agian Iparraldean espresioak ahulagoak izan direla hegoaldean baino, ez zeudelako masa abertzale eta instituzio nahikoak, baina gauza piloa egin dira eta azpimarratzekoak dira.

Gure Sor Lekua’ aipatu duzu, euskaraz filmatu zen lehen pelikula, 1956koa. Galdutzat ematen zen baina zuk zeuk aurkitu zenuen Parisen.

Gure Sor Lekua gauza askogatik da garrantzitsua: euskaraz egin zelako eta garai horretan egin zitekeen modu bakarrean egina dagoelako. Alegia, euskaldun fededun giro batean, Iparraldean, eta politikoegia izan gabe, Euskal Herriari buruzko kontzepzio nazional batekin. Hegoaldeko ikuspegitik gauza sinesgaitz samarra da: Frantziar armadako jeneral batek Euskal Herriari buruz, zazpi probintziei buruz, film bat euskaraz egitea Frankismo bete-betean, Hegoaldeko herriak ere filmatuz, gauza harrigarria da oso. Film amateurra izan arren, oso ederra da. 90 minutu irauten ditu, eta koloretan filmatuta dago. Armada frantziarreko operadoreek grabatu zuten, eta airetik hartutako irudiak ere baditu...

1959tik 1963ra Gotzon Elortzak lau dokumental filmatu zituen. Anaitasuna aldizkarian egin zioten elkarrizketa baten aipua jaso duzu: “Euskal-zinea dirua emoteko bidean ipiñi arte, lan gogorra daukagu egiteko” (sic).

Ez dakit euskal zinemak oraindik dirua ematen duen (barreak). Hizkera arruntean esango dizut: 80ko hamarkadara arte, Euskal Herrian euskaraz zinema egiteko martziano bat izan behar zenuen. Ez bakarrik euskaraz zinema egiteko, euskaraz idazteko ere martziano bat izan behar zenuen. Nork idazten zuen euskaraz 50eko hamarkadan? Mitxelena bezalako tipo arraro batek, Iratzeder bezalako fraide mistiko batek; Jon Mirande bezalako Pariseko erdi-nazi batek... Zinemarekin gauza bera gertatzen da: nor egon zitekeen hain erotuta euskaraz filma bat egiteko? Hor daude, izugarrizko herriminak jota, bere herriari zerbait itzuli nahi izan zion jeneral frantses bat -André Madré-, Parisen erbesteratutako gazte bat, bere filmak sukaldean bakar-bakarrik muntatzen zituena -Gotzon Elortza-, edo abangoardiako artistak -Basterretxea eta Larruquert-... Horrelako jendeak egin zuen zinema.