Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak martxan jarri zirenetik euskara hutsean egiten diren Topaketak urtero ospatu izan dira Azpeitian, etenik gabe; eta udazken honetan ere jaialdiak ez du hutsik egingo.

Euskal antzerkigintza indartzea, taldeak ezagutaraztea, antzezlan berriak sortzea eta euskara bultzatzea. Helburu horiekin sortu ziren 1983an Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak; eta orain, lau hamarkada beranduago, helburu berdinak mantentzen dituzte.

Aurtengoak 40. Topaketak izango dira, edizio borobila; eta horregatik “indarberrituta, garaira egokituta eta berrikuntzaz beterik” datorren egitarau oparoa prestatu du Azpeitiko Udalak, horretarako Kulturaz Kooperatiba bidelagun izan duelarik.

Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Eneritz Albizu, Kultura Batzordeburua; Aitor Bengoetxea Kulturaz Kooperatibako kidea; Xanti Agirrezabala, antzerki eskolako irakasle eta Herriye obrako zuzendarietako bat, Gurutze Eizagirre, Herriye antzerki obrako kidea eta Gaizka Sarasola Mairu antzerki tailerreko kideak atzo eman zituzten ezagutzera Dinamoa sormen gunean azaroaren 1etik 20ra bitartean burutuko diren XL. Euskal Antzerki Topaketen nondik norakoak.

Herritarrak protagonista

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek hasiera “indartsua eta herrikoia” izango dute aurten. Izan ere, 40. urteurrena ospatzeko unea heldu da eta horregatik egitaraua 50 azpeitiar baino gehiagoren partaidetzarekin okasiorako prestatutako Herriye antzezlanarekin abiatuko da.

Azpeitiar antzerki zaleek osatutako lan hori azaroaren 1etik 4ra bitartean taularatuko da Sanagustin kulturgunean. Helduentzako lau emanaldi izango dira; egunean bat: “antzezlan honetan udaletxeko lanpostu bat zozketatuko da herria zaintzeko eta azpeitiarra bazara ikustera etorri beharra daukazu”, azaldu zuen Guru-tze Eizagirrek atzoko aurkezpenean.

Edonola ere, haur eta helduentzako hamaika antzezlan izango dira ikusgai; tartean hiru estreinaldi: Herriye herri antzerkia, Metrokoadroka konpainiaren Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta Mairu antzerki tailerrak UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak abian jarritako Arnasguneak antzerki sorkuntzarako bekaren bidez sortu duen Intxaurra lana.

Antzezlanak ostegunetik igandera bitartean taularatuko dira baina horietaz gain, Amezketako, Azpeitiko eta Errezilgo antzerki eskoletako artistek zazpi emanaldi eskainiko dituzte azaroaren 14tik 16ra bitartean eskola antzerkiaren baitan, beti ere, “herriko txikienen artean antzerkizaletasuna sustatzeko helburuz”.

Azpeitian ohitura denez, aurtengoan ere Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa ikusi ahalko da, azaroaren 1etik 15era bitartean, Betharrametako udal erakusketa aretoan.

Egitarau berezi hau borobiltzeko Azpeitiko Argazki Elkarteak artxiboko irudiekin prestatutako erakusketa ikusi ahalko da topaketek irauten duten bitartean Sanagustin kulturgunean; eta azaroaren 12an 40. Topa ekitaldia egingo da (12.00etan) Dinamoa sormen gunean.

Azken ekitaldi hori “orain arteko lana eskertzeko eta elkarrekin topa egiteko izango da”, aurreratu zuen Aitor Bengoetxeak. Gainera, une horretan 40. urteurrenaren harira Soreasu auzoan egingo duten bigarren horma-irudia aurkeztuko dute (lehena edizio guztiak iragartzeko kaleratutako kartelekin osatu da eta dagoeneko ikusgai dago Soreasurako tunelean).

Sarrerak eta bonoa

Heldutasunera iritsira, azken urteotan pixkanaka eman den aldaketaren baitan jauzia ere eman dute topaketek. Aurtengoan, sareratzeari eman zaio garrantzia eta horretan jarri dira indarrak eta baliabideak.

Hala, www.antzerkitopaketak.eus webgunea martxan dago. Bertan, topaketen inguruko informazioa, egitaraua eta sarrerak erosteko gunea aurki daitezke. Sarrerak Sanagustin kulturgunean ere daude salgai, hamar eurotan helduentzat eta bost eurotan umeentzat. Nobedade gisa, emanaldi guztietarako balioko duen bonoa ere jarri da martxan. Honek 30 euroko prezioa du eta saio guztietara joateko aukera ematen du. Sarrerak bezala, bonoa webgunearen bidez edo Sanagustinen eros daiteke. l

egitaraua

  • Azaroak 1, 2, 3 eta 4. Herriye (Herriko antzezle taldea).
  • Azaroak 5. Tarzan (Mar-Mar Teatroa).
  • Azaroak 6. Hika konpainiaren Tarara antzezlana..
  • Azaroak 10. Balbea (ATX).
  • Azaroak 11. Oier Zuñigaren Eresia.
  • Azaroak 12. Markeliñe taldearen Ganbara eta 40. Topa ekitaldia.
  • Azaroak 13. Souvenir, komeria estralurtarra (Horman Poster).
  • Azaroak 1etik 15era. Corrado Masacciren Txotxongiloak eta maskarak antzerkian.
  • Azaroak 14, 15 eta 16. Eskola Antzerkia.
  • Azaroak 17. Lacoste. Eneritz Artetxeren eskutik.
  • Azaroak 18. Intxaurra. Mairu antzerki tailerra.
  • Azaroak 19. Batetik bestera (Benetan Be Teatroa).
  • Azaroak 20. Metrokoadroka konpainiaren. Zeozertan dabil baina ez dakit zertan.