Iñaki Alberdi gipuzkoar soinujoleak Hamabostaldiko Ganbera Musika Zikloan eskainiko duen kontzertuaren ardatza Soler eta Piazzola izango dira, denboran 200 urte baino gehiagoz banandutako bi konpositore. Sail horretan estetika oso desberdineko bost errezitaldi eskainiko dira, soinu barrokotik hasi eta garaikideraino.

Kontzertuak abuztuaren 6tik 25era bitartean izango dira San Telmo Museoko klaustroan. Berezkoa duen akustikagatik, agertoki hori ganbera-musikarako eta antzinako musikarako oso gune “aproposa” dela esan zuen atzo Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendariak, kontzertuen aurkezpenean.

Soinujole batek ziklo horretan parte hartzea instrumentu horren “naturalizazioaren” parte dela adierazi zuen Iñaki Alberdik, “soinuak ez duelako mugarik” eta “edozein errepertoriori aurre egin diezaiokeelako bestelako instrumentuak bezalaxe”.

Datorren larunbatean Soler eta Piazzolaren piezak biltzen dituen “suite diakronikoa” interpretatuko du. Bi konpositore horiek musika tradizionaletan eta tangoa zein fandangoa bezalako dantzetan oinarri-tzen dira, Solerren kasuan oso hizkuntza “iberiarra”, eta Piazzolak “oso argentinarra”, erabiliz.

Abuztuaren 10ean, Paula Brizuela (biolontxeloa), Luis María Suárez (biolina), eta Javier Rameix (pianoa) musikariek osatzen duten Albéniz Trío-k, debuta egingo du Hamabostaldian, Turinari, Raveli eta Kelly-Marie Murphy konpositore garaikideari eskainitako programarekin.

Joaquin Riquelme biolinista eta Enrique Bagaría pianista, biak ala biak bakarlari karrera handikoak, San Telmoko klaustroan izango dira abuztuaren 16an; Schumann eta Brahmsen errepertorio erromantikoa eskainiko dute, bai eta XX. mendeko Enescurena eta Hindemithena ere.

Manuel Guiroga biolinista galiziarraren omenez sortutako Quiroga laukoteak Brahms, Haydn eta Manuel Canalesen harizko laukoteak interpretatuko ditu abuztuaren 18an; eta, amaitzeko, Cuarteto Adorno italiarrak itxiko du zikloa, Beethovenekin hasi eta David del Puerto bezalako egungo konpositoreak ere hizpide izango dituen askotariko errezitaldiarekin.

Errezitaldiak San Telmon

San Telmo Museoan bertan eskainiko dira Antzinako Musika Zikloko bost errezitaldiak ere, astebetean kon-tzentratuta egon beharrean abuztuaren 20ra arte luzatuko direlarik. Lehen emanaldia La Ritirata talde euskaldunak eskainiko du Francesco Manciniri eskainitako monografikoarekin, bere jaiotzaren 350. urteurrenean.

Abuztuaren 9an izango da Ludovice Ensemble talde portugaldarraren txanda, XVII. eta XVIII. mendeetako Espainian inspiratutako musika frantsesak eskainiz, eta abuztuaren 12an Al Ayre español, harizko instrumentuekin eta organoarekin.

Erdi Aroko musikan espezializatutako Egeria taldeak, abuztuaren 19an joko du lehen aldiz Hamabostaldian, eta zikloa ixteko, Ensemble Diderotek El juicio de París izeneko proposamena eskainiko du, ia galduta egon arren, XVII. mendean oso ezaguna izan zen hiru biolinentzako sonata generoa berreskuratuz.

Donostiatik kanporako proposamenen artean, Pablo Sorozabali Arantzazuko Santutegian egindako omenaldi herrikoia azpimarratu behar da, bai eta Jon Mayaren koreografia berriaren estreinaldia ere Errenteriako Lekuona Fabrikan. l