Zer nolako ikus-entzunezko edukiak sortu nahi dituzte gaurko gazteek? Zer dute gustuko? Eta zerk kezkatzen ditu? Zein formatu kontsumitzen dituzte? Galdera horiei erantzuteko, eta ikus-en-tzunezkoen sorkuntzatik haratago doazen beste gai askori buruz hausnartzeko aukera izan du gazte talde batek azken hilabeteotan Tabakalerako 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiaren eskutik. 

Izan ere, euskarazko edukien sorkuntzan interesatuta dauden gazteei ahotsa emateko asmoz sortu du 2deo laborategiak Talde Esperimentala. Lehen edizioak, guztira, 20 gazte inguru erakarri ditu. Parte hartzeko baldintza bakarra? Euskarazko ikus-entzunezko proiektu digitalak sor-tzeko grina izatea.

Zazpi saio egin dituzte, 2021eko azarotik 2022ko martxora bitartean. Bertan, sorkuntzaren inguruko ideiak partekatzeko, hausnartzeko eta, batez ere, esperimentatzeko aukera izan dute. Eta hori guztia 2deo laborategiko profesionalen laguntzarekin. 

“Edukien sorkuntzaren esperimentazioarekin lotuta, teaser bat grabatu eta hainbat proiektu abiatu ditugu. Gainera, saioak bukatu diren arren, Talde Esperimentalaren baitan sortutako piezen garapenarekin jarraituko dute zenbaitzuk. Baina sortzeaz eta esperimentatzeaz gain, gazteen interesak ezagutzeko aukera izan dugu; beraien intereseko gaien eta formatuen inguruan aritu gara eta horiek esploratzeko tartea izan dugu. Horrez gain, ikus-entzunezko bestelako proposamen eta proiektuen sor-tzaileekin online topaketak egin ditugu, eta erreferentzia ezberdinak ezagutu ditugu bidean zehar”, azaldu du Tipi kooperatibako Ane Rodriguezek, Talde Esperimentalaren dinamiza-tzaileak. 

Igone Urtaza N.G.

Ongi etorri, pentsamendu kritikoa

Talde Esperimentaletik jaiotako proiektuen artean dago Bip-Bip podkasta. Hiru lagunen artean sortu dute, tartean, Igone Urtaza iruratarra. Momentuz, saio bakarra grabatu badute ere (postprodukzio fasean dago orain), “proiektuari jarraipena emateko asmoa” dutela azaldu du gazteak. 

“Lagunarteko solasaldi moduan planteatu dugu, taberna batean kafe baten aurrean izaten duzuna bezalakoa”, zehaztu du. Osasun mentala, feminismoa eta bestelako gai “deserosoak” landu nahi dituzte. Lehenengo emanaldian, esaterako, Kristalezko Belaunaldia (2000. urtetik aurrera jaiotakoak) izan dute hizpide. 

Dinamizatzailea bat etorri da Urtazarekin, berak esandakoa berretsiz: “Talde honek gazteek gizartearekiko eta orainarekiko duten pentsamendu kritikoa azaleratu du. Besteak beste, osasun mentala, krisi klimatikoa, kontsumo ohiturak, moda, identitatea, gorputzak, feminismoak eta etorkizuna izan dira, besteak beste, zalantzan jarri dituzten gaiak”. 

“Komunikazioaren munduan nire burua kokatzeko eta esperimentatzeko aukera eman dit, teoriatik harago joanez”

Igone Urtaza - 18 urte (Irura)

YouTube da gaurko telebista

Kontsumitzen dituen formatuei buruz, gazte honek podkastak ditu gogoko batik bat: “YouTuben ikusten ditut gehienetan; orain hau da gazteon telebista”. Gazteleraz ikusten ditu gehienak (gazteleraz Estirando el chicle eta euskaraz Joko Ona jarraitzen ditu) eta “euskaraz eskain-tza zabalagoa izatea faltan soma-tzen” duela aitortzen du. 

Urtazak 18 urte ditu eta Kazetari-tza ikasten ari da, UPV-EHUko Leioako campusean. Hitz-jarioa dario eta, horrenbestez, “eroso eta gustura” sentitu da Talde Esperimentaleko kideekin ideiak partekatzen. Esperientzia honetatik zer atera duen argi dauka: “Komunikazioaren munduan nire burua kokatzeko aukera eman dit; zer gustatzen zaidan eta zer ez. Gainera, esperimentatu ahal izan dut, teoriatik harago joanez. Bestalde, jende berria ezagutzeko parada izan dut, ni baino nagusiagoak direnak eta esperientzia gehiago dutenak, izan ere, batzuk lanean dabiltza dagoeneko”. 

Bizipen aberasgarria izan da, beraz, etorkizuneko kazetari honentzat Talde Esperimentalean parte hartzea. “Euskal edukien sorkuntzan dagoen potentziala ezagutzea ahalbidetu dit 2deoren ekimenak. Orain, argi daukat inoiz baino gehiago euskaraz sortu nahi dudala”, gaineratu du Urtazak. 

Zerbait egiteko gogoa

Talde Esperimentalaren topaketak Tabakalerako 2deo espazioan egin dira eta batzuentzat ez da samurra izan saioetan parte hartzeko konpromisoa mantentzea. Horixe da Joane Maiz gasteiztarraren kasua. 19 urte ditu eta Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten ari da, Leioan. “Bilbotik Donostiarako bidaia luze joaten da, batez ere buru-belarri zaudenean ikasketekin, baina Tabakaleratik atera naizen bakoitzean, merezi izan duela pentsatu dut; beti atera naiz gauzak egiteko gogoarekin”, ondorioztatu du Maizek. 

Joane Maiz N.G

“Ideiak elkarbanatzeko espazio bat izatea” da esperientzia honetatik gehien baloratzen duena. “Saioen egitura nahiko librea izan da. Zirkuluan eserita gai polemikoen inguruan solasean aritzeko aukera eman digute”. Horrez gainera, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileak ezagutu ahal izan ditu, eta “uste baino gehiago daudela” konturatu da. “Umorearen inguruan zerbait sor-tzea gustatuko litzaidake, baina egia esan oraindik ez daukat argi”, baieztatu du gazteak. 

“Talde Esperimentaletik atera naizen bakoitzean, merezi izan duela pentsatu dut; beti atera naiz gauzak egiteko gogoarekin”

Joane Maiz - 19 urte (Gasteiz)

Zerk konektatzen gaitu?

Talde Esperimentaleko hirugarren kidea ere emakumezkoa da eta, bere ustez, “hau ez da kasualitatea, esperimentazioaren alorrean emakumezkoak gehiengo izaten direlako”. 24 urterekin, Alba Gonzalez basauritarrak duela bi urte amaitu zituen Ikus-Entzunezko Komunikazio ikasketak Mondragon Unibertsitatean, eta 2deoren ekimenak “motibazioa piztu” zion. “Unibertsitateko irakasle batek eman zidan Talde Esperimentalaren sorreraren berri. Ikasketak bukatuta, krisi existentzial bete-betean nengoen, nondik jo argi izan gabe, eta ikus-entzunezkoen inguruan esperimentatzea aukera paregabea iruditu zitzaidan”. 

Alba Gonzalez N.G.

Behin saioak amaituta, bertan parte hartze ak “komunitate baten parte” sentitzea ahalbidetu diola dio: “Barruan ditugun interesak eta kezkak berbalizatzeko aukera eman dit; finean, hain indibidualista den mundu honetan bakarrik ez nagoela sentitu dut”. 

“Nirekin konektatzen duten edukiak faltan sumatzen ditut, izan ere, beti izan baitut deskonexio puntu bat ‘mainstream’ edukiekiko”

Alba Gonzalez - 24 urte (Basauri)

Laburmetrai baten sorrera-prozesuan murgilduta dabil momentu honetan, (H)emen Euskadiko ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektoreko emakume profesionalen elkartearen barruan. Zinemaren munduan ikusten du bere burua etorkizunean, nahiz eta momentuz ate guztiak dituen zabalik. Euskarazko ikus-entzunezko edukien etorkizunari dagokionez, berriz, Gonzalezek “erreferente gehiago” behar direla irizten du: “Nirekin konektatzen duten edukiak faltan sumatzen ditut, izan ere, beti izan baitut deskonexio puntu bat mainstream edukiekiko. Euskaraz sortu nahi duten sortzaileak egon badaude, gero eta gehiago, baina edukien aniztasuna bilatu behar dugu, interes, background, kezka edo euskalki ezberdinak darabiltenak”. 

Talde Esperimentala 2deoren baitan sortutako ekimena da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Tabakalerak kudeatutako ikus-entzunezkoen laborategia da 2deo. Euskarazko edukien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, sormenerako testuinguru berriak sortzea, formatu berriekin esperimentatzea eta sektoreko eragileen arteko elkarlana sustatzea dira, besteak beste, 2deo laborategiaren erronkak.