Getariako Balenciaga Museoak Tom Kublin argazkilari hungariarrak Cristóbal Balenciagarentzat hogei urte baino gehiagoz egindako lana bildu du estreinakoz erakusketa batean; irudi horietan, jostunaren trebetasuna erretratatu eta moda marka unibertsalaren esentzia islatzeko gauza izan zen.

Munduak jaso zuen Balenciaga etxearen irudia, hein handi batean, Tom Kublinen (Zalaszentgrot, 1924-Locarno, 1966) begiari zor zaio. Bera ez zen sekula ospetsu bilakatu, baina artista gipuzkoarraren ondarea dokumentatzen eta erregistratzen lan eskerga egin zuen argazki kontaezinekin, horietako asko nazioarteko moda-aldizkarietan ere agertu zirelarik.

Balenciaga Museoak Kublinekiko zorra kitatu nahi izan du, urriaren 16ra arte ikusgai egongo den aldi baterako erakusketa eder horrekin. Argazkilariak jostunarentzat egindako lanaren aukeraketa zabala eta adierazgarria biltzen da bertan, ehundik gora argazki eta bost filmen zatiak.

Tom Kublin Balenciagarentzat. Ezohiko lankidetza izenburua duen erakusketa gaur aurkeztu dute Getarian Miren Vives museoko zuzendariak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendariak, eta komisario izan diren biek, Ana Baldak eta argazkilariaren alaba Maria Kublinek. Aita bat-batean hil zen 42 urte zituela, ama artean haurdun zegoela, eta Maria Kublinek ez zuen argazkilaria ezagutzeko betarik izan; gainera, haren ondarea berreskuratzea ez zen batere lan erraza, negatibo asko eta asko desagertu egin baitziren.

Maria Kublin eta Ana Balda sare sozialen bitartez jarri ziren harremanean, Anak bere doktorego-tesian argazkilariari tarte bat eskaini ziola eta. Bien arteko topaketa hori izan zen erakusketaren ernamuina, eta handik aurrera egindako lana, noski; Parisko Balenciaga Artxiboen, Suitzako Museo Nazionalaren eta Zuricheko Diseinu Museoaren laguntza ezinbestekoa ere jaso dutelarik.

Horrela bada, erakusketak artxibo, bilduma eta aldizkarietatik ateratako argazki-ondare garrantzitsua berreskuratzea lortu du. Irudi horiek oso baliagarriak dira Kublinen lana ezagutzeko, Balenciagaren estiloaz blaitzeko, eta 110 argazki horien bitartez modaren historia errepasatzeko; gehienak zuri-beltzekoak dira, formatu ertainekoak, soilak eta barrualdean ateratakoak, atzealde oso diskretudunak, beti ere, Balenciagaren diseinuak nabarmentzeko.

Erakusketan, Balenciagak prentsarekin partekatu nahi zituen modeloen argazki artistikoak ez ezik, Kublinek diseinuaren egiletza jasota uzteko hartzen zituenak ere biltzen dira, jada XX. mendearen hasieran kezka gero eta nabarmenagoa baitzen modan zegoen pirateriaren inguruan.

Tankera horretako argazkietan, Kublinek aurrealdeko eta profileko argazkiak ateratzen zizkien modeloei, diseinuaren zenbakia eskuan zeramatela, behar izanez gero, soinekorik esklusiboenetan Balenciagaren egiletza frogatu ahal izateko.

Erakusketan, gainera, bost pelikula-zati ere badira. Horien artean, inoiz argitaratu ez zen Balenciagaren Le Dixa; bai eta Kublinen beste grabaketa ezezagun bat ere, non jostuna jantzi-bilduma bati azken ukituak ematen ari zaion aurkezpenaren atarian.