'Azken Dantza Maisua' dokumentala aurre-estreinatuko dute

03.06.2022 | 01:11
Francisco Javier Sarriegi Olano 'Paxatxo', goiko ilaran eskuinean, 'Azken Dantza Maisua' dokumentalaren protagonista nagusia. Argazkiak: Mikel Alvarez

Beasaingo herria goibel geratu zen 2021eko urtarrilaren 19an; izan ere, agur esan zion bizitzari Francisco Javier Sarriegi Olano Paxatxok. Paxatxo oso ezaguna zen udalerrian, eta batez ere, euskal dantzarien artean.

42 urtez, dantza maisua izan zen. Beasaingo Jaietako dantza ekitaldietarako haur dantzariak prestatzen zituen; urteak atzera, bere aitak egiten zuen bezala. Familiako tradizioa zen. Baina urteak aurrera joan ahala, tradizioak aldatuz doaz eta, zenbait kasutan, desagertuz. Paxatxoren heriotzak, molde zaharreko dantza maisuaren figuraren heriotza ekarri zuen berarekin; Paxatxo baitzen, geratzen zen azken dantza maisua.

Gertakari honen harira, Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldeak Paxatxo ometzeko ideia izan zuen, omenaldi iraunkor eta landu bat egiteko irrikaz baitzeuden bertako kideak. Gauzak horrela, Bira Produkzioak ekoiztetxera jo zuten, ideia dokumental bilakatu zezaten; desioak egia bihurtu dira, eta gaur aurre-estreinatuko da Sarriegi protagonista nagusi duen dokumentala: Azken Dantza Maisua.

Mikel Alvarez Sarriegi da dokumentalaren zuzendaria, baina baita protagonistaren iloba ere. Horrek, are bereziagoa egin du lana Alvarezen-tzat: "Hain hurbileko istorioa izanda, begiak itxita baietz esan eta aurrera egin genuen. Nire bihotzean leku berezia gordeko duen dokumentala izango da betirako".

Molde zaharreko dantza maisuaren lana balioan jartzen da ikus-entzunezko honetan, hots, Paxatxoren lanaren garrantziaz aritzen dira dokumentalean, Beasaingo dantza tradizioari eskainitako esfortzu eta denbora guztiaz. Hala ere, dantzarekin lotutako beste gai batzuetan sakontzeko aukera ere izan dute sortzaileek, besteak beste: kirola, generoa, maskulinitatea... "Azkenean nahiko puzzle zabala geratu zaigu eta gustora gaude emaitzarekin", azaldu du zuzendariak.

Halaber, dokumentalak etorkizunean jartzen du begirada. "Momentu batean begi guztiak bere semea den Josebari begira jarri ziren, aurretik gure aitona izan zelako ere dantza maisu, eta familiako arrasto horrek bere presioak ere badituelako", kontatu du Paxatxoren ilobak. "Orduan, Josebarekin hizketan hasi ginen eta bere alboan egin dugu bide hori, aurrerantzean zer gertatuko den hausnartu dugu elkarrekin", gehitu du.

Azken Dantza Maisuak mota guztietako jendea biltzen du, jende desberdinak zeresana izan du dokumentalean. Alde batetik, Paxatxoren familia elkarrizketatu du Mikel Alvarezek: Joseba, semea; Isabeltxo, arreba; Josu, anaia... Bestalde, Beasaingo dantzaren historian garrantzia izan duen jendearen presentzia nabarmendu du zuzendariak, esaterako: Aurtzaka Dan-tza Taldeko Mikel Sarriegi eta Izaskun Salazar; Juanito Cacho, dantzari ohia... Azkenik, kanpoko adituen testigantzak ere bateratu dira bertan. "Elkarrizketatuak aukeratzea ez zen erraza izan, hasieran oso zerrenda luzea genuen. Pixkanaka zerrenda findu ondoren, hamabost elkarrizketatu izan ditugu lanean", aditzera eman du Alvarezek.

Elkarrekin hunkitu Hasieratik jakin zuten, eta zalantzarik gabe, dokumentalaren estreinaldia noiz izango zen. Aurtengo Beasaingo Loinatz Jaiak izan ziren helburu. Gaur, Azken Dantza Maisua dokumentalaren aurre-estreinaldia egingo dute Usurbe Antzokian, eta astelehenean, ekainaren 6an, leku berean, estreinaldiaren txanda izango da.

Zinea beteta egongo da, hasiera-hasieratik sarrera guztiak saldu baitzituzten. "Nire osabari egin geniezaiokeen omenaldirik onena da, ikusten baita jendeak bere lana baloratzen zuela, baina, batez ere, igar-tzen da pertsona gisa zenbat maite zuten", ezagutarazi du Alvarezek. "Elkarrekin guztiok dokumentala ikusiko dugu eta elkarrekin guztiok hunkitu gara", gehitu du. l

noticias de noticiasdegipuzkoa