Donosti Ereski Gregoriar Schola Elkarteak ospakizun bikoitzean murgilduta dabil. Alde batetik, koralak 50 urte bete ditu, eta, bestetik, Nikolas Ormaetxea Orixeren heriotzaren 60. urteurrena ere ospatuko du; berez, bi gertaera horiek iaz ospatzekoak baziren ere. Pandemiak eragotzi arren, Orixeren oparia: gregorianoa euskaraz proiektua jarri zuen abian taldeak; liburuan ehundik gora partitura erreskatatu dituzte, eta bi diskotan berriz, idazle gipuzkoarrak itzulitako 50 kantu, galduta zeudenak eta orain abesbatza donostiarrak interpretatu dituenak.

Orixek egindako lan eskerga publiko egitea da gure helburua, eta, batez ere, bere lana berriro ez ahaztea”, azaldu zuen Joxe Manuel Balerdi Donosti Ereskiko kideak joan den astean idazle gipuzkoarraren inguruko proiektuaren aurkezpenean. Ekimena duela urte batzuk abiarazi zuten, abesbatzan bertan jabetu baitziren Meza eta Bezperetako euskarazko pieza bakar bat baino ez zutela interpretatzen. “Makinaz idatzita zegoen, eta bagenekien Orixerena zela; hala hasi ginen ikertzen, eta kontzertu bat egiteko adinako askoz gehiago ere bazeudela ikusi genuen”, azaldu zuen Jokin Otamendi elkarteko zuzendariak.

Inolaz ere, Vatikanoko Kontzilioaren arabera Elizaren musika ofiziala den gregorianoa lantzen duen koralak, arazo batekin egin zuen topo: ez zegoela partiturarik. Erabateko osatze eta bilketa prozesu bati ekin zioten, baina pandemiak hura ere eten egin zuen. “Guk geuk egin genituen partiturak, baina liburuaz gain beste zerbait falta zela konturatu ginen, eta diskoa grabatu genuen. Pandemia bete betean topatu genituen itzulitako salmoak, eta horientzat bakarrik beste liburu bat prestatzea erabaki genuen”, adierazi zuen Juanjo Iturrioz proiektuaren koordinatzaileak.

Orixeren heriotzaren 60. urteurrenetik eta elkartearen sorreraren 50.enetik urtebetera iritsi da emaitza: 212 orrialdeko partitura liburu bat, abesbatzak berriz landutako ehundik gora piezarekin, eta abesbatzak interpretatutako bi cd-z osatutako diskoa, guztiak “euskal literaturaren aitzindarietako batek” itzulitakoak. “Erabilia izan zedin itzuli zuen Orixek meza-liburua, baina gerraosteko garai latzetan galduta geratu zen”, azaldu zuen Balerdik. Bilaketa “prozesu luzearen” ondoren, Donosti Ereski pieza horiek guztiak berreskuratzeko gauza izan da, “herriak kantatzeko modukoak direla ikusarazteko”. “Gaur egun latinez ia inork ez dakienez, zer kantatzen ari garen ez jakitea izaten da normalena”. "Itzulpen hauei esker jendeak ulertzeko aukera izango du”, gaineratu zuen.

Egutegi liturgiko osoa

Elkarteko kideek azaldu zutenez, ohorezko musika da gregorianoa, eta soilik latinez interpretatu zitekeela ere esan izan da. “Vatikanoko Kontzilioak Elizaren musika ofiziala zela aldarrikatu zuen, baina lekuan lekuko hizkuntzei ateak irekiz. Guk horixe egin dugu”, adierazi zuen Otamendik.

“Orixeren itzulpenen aberastasunaz” jabetuta, monasterioetan, komentuetan eta parrokiako koruetan ere erabiltzeko aukera polita ikusi zuten abesbatzako kideek. Hori kontuan izanda, kantuen aukeraketan egutegi liturgiko osoa hartu zuten, eta grabazioa ere ez dute estudio batean egin, zuzenean baizik.

Horrexegatik dabiltza buru-belarri abesbatzako kideak, idazle gipuzkoarraren lan handiari balioesteaz gain, haren lana berriro ahanzturan geratu ez dadin. “Orixek opari ederra eskaini zigun euskaldunoi kantu hauek itzulita, eta orain Donosti Ereskik beste hainbeste egin nahi luke, berreskuratu eta herri osoak erabili ahal ditzan”, adierazi zuen 50 urteko ibilbidean Gipuzkoan ahaztuta dauden Kantoral eta Kodexak ikertu, digitalizatu, transkribatu eta interpretatu dituen abesbatzako ordezkari nagusiak.

Orixeren inguruko proiektua, beraz, beste hainbati gehituko zaio; besteak beste, 450 urtetik gora dituen Arantzazuko Benedicta ofizio propioa, edota Jose Juan Santesteban Maishuba-ren lanaren hautaketa.