- Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren Emusik Jaialdiak 500 ikasle baino gehiago bilduko ditu aurtengo edizioan, bi urtez kalera irten gabe egon ondoren, pandemiaren aurreko formatua berreskuratuz.

Tabakalera ondoko Blas de Otero plazan eskainiko dira Emusik 2022ren ekitaldiak ostegunetik igandera bitartean, eta aurtengo gonbidatu berezia, larunbatean agertokira igoko den Ejea de los Caballeroseko (Zaragoza) gazte-banda izango da.

Lehenengo hiru egunetan, eskolako ikasleek doako kontzertuak eskainiko dituzte hainbat taldetan banatuta -bandak, abesbatzak, orkestrak, konboak eta big bandak-, “ikasturtean zehar ikasitakoa” herritarrei eskaintzeko, Donostiako Udalak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Igande eguerdiz dantza ikasleek hainbat emanaldi eskainiko dituzte jaiari amaiera emateko. Gainera, aurten, jarduerei “umore ukitu bat emateko”, eskolako irakasleek esku-hartze “ganberro samarra” prestatu dute larunbateko kontzertuak ixteko, hainbat pieza interpretatuz.

Bestalde, EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak nazioarteko musika eskolekin harremana berreskuratu duenez, Donostiako eskolako hainbat ordezkari Luxenburgora joatekoak dira maiatzaren 26an, Europako Musika Eskolen Remix 22 jaialdian parte hartzera.

Aldez aurretik, maiatzaren 17an, musika ikasleek Victoria Eugenia antzokira eramango dute aspalditik prestatzen ari ziren Zinema-musika kontzertu-ikuskizuna, covid-19aren pandemiaren ondorioz orain arte estreinatu ezin izan dutena.

Lehengo hiru egunetan, Eskolako ikasleek doako kontzertuak eskainiko dituzte hainbat taldetan banatuta