Igor Elortzak, Aitor Sarriegik, Jon Maiak eta Etxahun Lekuek ez dute aurten ospatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko, Bertsozale Elkarteak astearte honetan aditzera eman duenez. Ezagutu den 42 bertsolariko zerrendan, 2017ko finalean buruz-buru ibili ziren Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze daude, eta horiekin batera, beste lau finalista: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Finala Iruñean ospatuko da eta ekainean jakingo da saioei buruzko informazioa.

Behin-betiko zerrenda 44 bertsolariz osatua egongo da, behin Arabako Txapelketak ematen dituen bi txartelen jabeak ezagututa: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eneko Lazkoz, Eñaut Martikorena, Gorka Pagonabarraga, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Imanol Uria, Iñaki Apalategi, Iñigo Mantzizidor, Joanes Illarregi, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Patxi Iriart, Saioa Alkaiza, Unai Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Xabat Galletebeitia eta Xabier Silveira.

Horien artean, bertsolarien %62,5 gizonezkoak dira eta %37,5 emakumezkoak. Bada beste datu bat ere, Bertsozale Elkarteak azpimarratu duenez: txartela herrialdeetako txapelketan irabazi dutenak kontuan hartuta, portzentaia %59-%41 da. Hala ere, lehenengoz parte hartuko duten bertsolarien artean, proportzioak urrunduz doaz: %72 gizonezkoak eta %28 emakumezkoak.

Ez dira gutxi herrialdeetako txapelketetatik izena emateko eskubidea dutenen artean lehenengoz parte hartuko dutenak, 36 bertsolaritatik ia erdiak berriak dira: Bizkarra, Etxebarriazarraga, Iturriotz, Labaka, Azpiroz, Martikorena, Pagonabarraga, Mujika, Uria, Illarregi, Akizu, Iriart, Alkaiza eta Mendizabal.

Maiak, agur

Elortza eta Sarriegik joan den finalean iragarri zuten agur esateko asmoa, eta bide berdina hartuko du Jon Maiak. Lau aldiz finalean (hirugarren 2009ko edizioan), zazpi Txapelketa Nagusiko bideari agur esango dio.

Aurtengoan parte hartzeko eskubidea edukita parte hartuko ez dutenen artean Etxahun Lekue, Odei Barroso, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Unai Muñoa eta Iñigo Izagirre dira.