Lotura Films ekoiztetxe donostiarrak bere filmik "ganberroena" estreinatuko du apirilaren 8an. "Friki samarrak diren oso pertsonaia bereziz jositako pelikula da, eta euren arteko egoera xelebreez betea", diote Orkestra Lurtarra-ri buruz. Bertan, Europatik Estatu Batuetara egindako biran zehar musika talde batek izandako gorabeherak kontatzen dira, eta Euskadi Literatura Saria irabazitako Harkaitz Canoren liburua du abiapuntu.

Canoren liburua argitara atera eta segituan otu zitzaien Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce zuzendariei eta Miren Berasategi ekoizleari animaziora eramatea. Musikaren industriako pertsonaia talde anitz horren arrakasta-bilaketa, oso material aproposa zen beraien filmik lotsagabeena egiteko. "Pertsonaia bereziz beteta dago, friki samarrak, eta egoera zentzugabeez. Oso bereziak diren txori bat eta ahuntz bat ere badaude, beti mobidatan sartzen direnak", kontatu du barrez Zinkunegik.

Hala ere, garai hartan, ekoiztetxea Lur eta Amets; bitartean, Canok berak, Eneko Olasagastirekin batera, gidoia atondu zuten. Orain bi urte heldu zioten %100ean, pertsonaia berriak gehitu eta erreferentzia musikalak aldatuz. "Liburuan musika klasikoaren kontzeptua dago eta guk estilo garaikideagoetara ekarri dugu. Ikuslearentzat interesgarriagoa eta erakargarriagoa iruditzen zitzaigun", azaldu du soinu-bandaren sortzailea izan den Poncek.

Hortik abiatuta, Orkestra Lurtarra : bluesetik eta jazzetik rock ukituetara, betiere "nahasketa kontzeptu oso irekitik". Canok onespena eman zion musikaren norabide berri horri, eta zera esan zien: "Liburua istorio bat da, eta filma beste bat". Egia esan, idazleak berak eta Olasagastik sortze prozesu osoan hartu dute parte, hori ezinbestekoa baita horrelako lan batean. "Gidoiak iraupen jakin bat markatzen dizu, baina animazioan eszena bakoitza laburragoa ala luzeagoa izan daitekeenez, oso garrantzitsua zen beraiek presente egotea. Gidoia bizirik dago beti", dio Zinkunegik.

Ez da hori aldaketa nabarmen bakarra izan; zinemara egokitzeko, izaera ganberroagoa eman nahi izan baitiote. "Umorea da funtsa. Istorioa horretan eta musikan oinarritzen da, eta abentura kutsu handia ere badu. Road movie, Europatik Estatu Batuetara, itsasotik, errepidean, trenean... bidaiatzen direlarik", diote zuzendariek, "azken emaitzak publiko guztientzako osagaiak ditu" azpimarratuz.

"Lan honek aparteko zailtasuna izan du"

Ganberro kutsu hori filmaren estetikan ere islatzen da. Ezinbestean Lotura Filmsek zigilu propioa izan arren, proiektu berri bakoitzean berritasunen bat sartzen ahalegintzen dira. Oraingo honetan, lekuz kanpo dauden detaile kontaezin nabarmentzen dira, hala nola zuziaren ordez pistola ipini dioten Askatasunaren Estatua, edota filmeko zuzendari eta gidoilariak bigarren mailako pertsonaia gisa agertzea.

"Tontakeriak dira, eta bigarren planoan daudenez, lehen bistaratzean erreparatu gabe pasa daitezkeenak. Batzuk lehenengoan ikusiko dira eta beste batzuk bigarrenean", aurreratu du Poncek, horietako asko jatorrizko gidoian bazeudela aipatuz. "Gehienak oso gauza gureak dira, harrapatuko ez direnak, baina beti sartu nahi izaten ditugu", gehitu du Berasategik.

Goya sarietarako hainbat aldiz izendatuta egon den ekoiztetxe honen lan egiteko modua ere aldatu du Orkestra Lurtarra-k. Estreinakoz egokitu behar izan dituzte irudiak musikara, ohiko prozesua kontrakoa izaten denean. "Normalean istorioa laguntzeko izaten da musika; baina honetan, pertsonaiek pelikulan jotzen dutenez, animazioak atzetik joan behar", adierazten du soinu-bandaren sortzaileak.

Lan honetan aparteko zailtasunak gainditu behar izan dituzte animatzaileek, gehienak ez baitira musikariak, eta ekintzak ahalik eta sinesgarrien izateko ahalegin berezia egin behar izan dutelako. Animatzaileei laguntzen berebiziko garrantzia izan du Poncek.

Guztira, filmaren ekoizpenak bi urte iraun du, Lotura Films-en ohiko epea; eta prest dago, Aste Santuko oporrak aprobetxatuz, apirilaren 8an aretoetara iristeko. "Orduan, 40 gradu egingo ditu eta inork ez du zinemara joan nahiko. Beraz, ea oso eguraldi txarra egiten duen", esan du txantxetan ekoizleak. Pantaila nagusietatik pasa ondoren - filmak, gainera, katalanezko bertsioa, gaztelaniazkoa eta ingelesezkoa ere baditu -, Euskal Herriko antzokietara eramateko ohiko estrategiari eutsiko dio ekoiztetxeak.

Eta, bitartean, ea aurten 70 film eta telesail euskaraz eskaintzeko Netflixen erabakiak aukera berririk ba ote dakarren. "Gugana etorriko balira, gu pozik. Proposamen eta hizkuntza ezberdinak egoteko aukera polita dela iruditzen zait. Oso garrantzitsua litzateke plataformetako eskaintza zabaltzea", Berasategiren ustez.