Julene Azpeitiaren bizitzan eta, batez ere, bere obran murgildu da Xabier Altzibar oraingo honetan. EHUko irakasle honek argitaratu berri du Askatasun eguzkia baino beharrago, non maistra gipuzkoarraren figuran sakondu duen, ikerketa sakonaren ostean. Liburua bi zatitan dago banandua; lehengoan, lau kapitulutan zehar, bere ibilbide eta oroitzapenak, pedagogia arloan egindako lanen laburpena, idazle fazeta eta nortasuna jorratzen ditu; bigarrenean, berriz, Juleneren lanak garai hartan izandako harrera jorratzen du, ondoren bere literatura "testuinguruan kokatu" eta aztertzeko.

Azpeitiaren bizi-ibilbidea, geltoki ugariz osaturik dagoena, Zumaian hasi zen, 1888ko urtarrilaren 8an. Ikasketak Donostian eta Bilbon burutu ostean, gure maistrak bide pedagogikoari ekin zion, Aizarnazabalen lehendabizi eta ondoren Bizkaian barrena. Bertan, Aldundiak 1920 inguruan sortutako escuelas de barriada edo auzo eskola delakoetan jardun zuen, behin oposaketetan postua lortu eta gero. "Eskolarik ez zegoen tokietan" sortutako zentro haietan, euskaraz irakasten saiatu zen Azpeitia, garai haietan batere ohikoa ez zelarik. Laster iritsiko ziren baina, monarkikoak, eta ondoren, Primo de Riveraren diktadura. Gaztelera bihurtu zen nagusi ikastetxe haietan.

Bigarren Errepublikaren garaian hasiko litzateke bere lehen produkzio aroa, aurretik jada pare bat obra argitaratuta bazituen ere; hala nola, errezeta liburu bat eta Irakurri Matte, haurrei irakurtzen irakasteko 1932an idatzitakoa. "Batez ere, artikulista da" urte haietan zehar, Altzibarrek konfirmatu bezala. Euzkadi egunkarian ere idatzi zuen, "EAJren bozeramailea" den medioan; haurren hezkuntzaren inguruko testuak argitaratu zituen gehienbat, amei eta irakasleei zuzendurikoak. Haurren eskubideei buruz aritzean, doinu eta estilo "gogorra" erabili ohi zuen; izan ere, oso barnean sentitzen baitzuen horiei euskaraz, "ama hizkuntzan" irakasteko beharra. Erlijioa hezkuntzaren parte izatea ere aldarrikatu zuen, eta eskola laikoaren aurka jardun zuen, inguru jeltzaleetan ohikoa izaten zen legez.

Gerra Zibila piztu zen, ordea, eta harekin batera Azpeitiaren ihes egin beharra; itsasontziz iritsi zen mugaz bestaldera, eta Iparraldeko hainbat herrien babesa izan zuen, 1940an naziek Frantzia indarrez hartu arte. "Su biren" arteko egoera zela eta, ezkutatu beharra sentitu zuen hezi-tzaile gipuzkoarrak, eta halaxe eman zuen, gordeta, ia hurrengo hamarkada osoa. "Aldi hori ia guztiz ezezaguna da", aitortu du Altzibarrek; hasiera batean Etxalarren eta ondoren Legazpin ezkutatu izana egozten zaio, baina "inork ez du idatzi hortaz lerro gutxi batzuk baino", frankismoaren errepresalia pairatzearen beldurrez.

Bizkaia aldera itzuli zenean, irakasle lanari berrekin zion, baina ez denbora luzez, zigortu eta Burgoseko herri txiki batean pasa behar izan bazitzituen sei urte eta erdi; "beraren-tzat desertua izan zen" hura.

Handik bueltan beste bizpahiru urte jardun zituen Markina-Xemeinen maistra lanean, jubilatu arte. Frankismoa puri-purian egon arren, haurrei euskaraz hitz egiten zien garai haietan, eta euskal kantuak irakasten zizkien, himno faxisten ordez. "Hori ausardia ez bada, esango didazu", adierazi du EHUko irakasleak.

1958an, behin erretiratu ostean, eta jada 70 urte zituela, garatu zuen bere bigarren idazle aroa, diktadurak kultura arloan neurriak "pixka bat lasaitu" zituenean. Ordukoak dira Amandriaren altzoan (1961), ehun ipuin laburren bilduma, Umien adizkidia (1961), haurren irakurmena bultzatzeko obra, eta azkenik Zuentzat (1974), umeentzako irakurgaiez osatua.

Bizitza osoa euskarari eskaini ondoren, bere azken txanpan jaso zuen "pozarren" hainbeste merezitako omenaldia, ohorezko euskaltzain izendatu baitzuten 1975ean, 1964az geroztik kide laguntzaile izan ostean. 1980an zendu zen Bilbon, 92 urte zituela.

Pizkunde garaiko idazle "eta pertsonaia interesgarrienetako bat" da Julene Azpeitia, Altzibarren ustez, ez bakarra, ordea. Beste 13 ere ba omen ditu identifikatuta, eta "nire asmoa, beste idazle batzuekin ere" halako aintzatespena egitea da.

"Emakume argi kementsua zen, maistra ona eta pedagogo aitzindaritzat ezagutua"

Irakasle eta idazlea