- Baginen Bagara erakusketaren programazio barruan, Maria Gimenoren Queridas viejas, la performance eskainiko da larunbat honetan Donostiako San Telmo Museoko elizan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Donostiako museoak atzo ohar baten bidez azaldu zuenez, Queridas Viejas, la performance María Gimenok eskaintzen duen “hitzaldi performatiboa” da, eta bertan txerta-tzen omen du “Historia del Artede E.H. Gombrich (1909-2001) a golpe de cuchillo” .

Performancea Baginen Bagara. Emakume artistak: Ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketaren inguruan antolatutako jardueretako bat da. Erakusketa-egitasmo horren baitan, San Telmo Museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumak baliatuz, “XIX. Mendeaz geroztik artearen sistemak emakume artistak baztertzeko erabili dituen estrategiak” jorratzen dira.

Jardueran hiru elementu erabiltzen ditu María Gimenok: E.H. Gombrich-en liburua, artistak berak egindako emakumezko artistei buruzko informazioa duten orriak (eskuliburuaren estilo berarekin maketatuak) eta aizto bat. “Eta labana erabiliz, berak sortutako orriak sartuko ditu Gimenok behar bezala osatu gabeko Artearen Historia horretan. X. mendetik hasi eta XX. mendera bitartean, eta kronologikoki, 80 emakume-izenetik gora jarrita osatuko du eskuliburua”, azaldu dute San Telmoko ida-tzian.

Queridas viejas lanaren ernamuina, emakumeen gabezia zalantzan jartzen ez zuen Artearen Historiaren “kontakizun hegemonikoa birplanteatzen” zuten zenbait lan irakurrita sortu zen, gehienak emakumeek idatzitakoak, noski. Griselda Pollock, Rozsika Parker eta Kegan Paulen Old mistresses: Women, art and ideology (1981) idazlanak markatuta utzi zuen artista, eta horretan inspiratu zen.