- Donostiako Orfeoia eta Musikene antolatzen duten VI. Sariak badu irabazlea. Bere musika ibilbidea Iruñean garatu zuen Valentín Larrea Iturbe musikagile gipuzkoarraren izena berreskuratu nahi duen gradu amaierako lanari eman diote, hain zuzen ere. Egilea den Ignacio Arakistain Agirre azpeitiar gazteak atzo jaso zuen saria Donostian.
Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) Musikariaren lan eta bizitzaren berreskurapen bidean du izenburu, 1998an jaiotako gazte honen lanak. Zazpi urte zituela hasi zen pianoa jotzen eta Gipuzkoako hiriburuko Francisco Escudero kontserbatorioan hasi zen trebatzen; gainera, organoa ikasten ere jardun zuen.
Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan saritua izan da tekla kategorian, baita Donostia Hiria Piano Lehiaketan ere. Donostiako Musika Hamabostaldian eta Gipuzkoako Organo Erromantikoaren Zikloan parte hartu du, eta joan den ekainean amaitu zituen "kalifikazio gorenekin" Musikeneko organo-ikasketak.
Zentroak bidalitako oharrean jakinarazi dutenez, konposizio propioen Galerak diskoa bezalako proiektu kulturaletan "etengabe" parte hartu izan du, eta Vienako Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean onartu berri omen dute. Master ikasketa horiek martxoan hasiko ditu Pier Damiano Peretti maisu italiar ospetsuaren eskutik.
Arakistainek azaldu zuenez, bere Gradu Amaierako lana Larrea musikagilearen inguruan egitura-tzen da. Gabirian jaiotako idazle, pianista eta organo-jotzailea izan zen Larrea, Iruñean garatu zuen bere musika-ibilbidea, eta askori "izena ezezaguna egingo zaio" adierazi zuen.
Lanaren egilearen hitzetan, "an-tzinako egunkari-zatiei esker, eta bere familiaren laguntza ordainezinaren eskutik", hainbat elkarrizketa eta dokumentuez gain bere artxibo pertsonala utzi baitzizkioten, berreraiki ahal izan omen du "Gaztelu Plazako Eslava kasinoko pianista eta Iruñeko Orfeoiaren sortzaileetakoa izandakoaren puzle biografiko lausoa".
"Bestalde, lan hau nire bihotzeko instrumentuarekin ere lotu nahi izan dut, baita Larrearen organorako piezen ezaugarri bereizgarriak aztertu ere", adierazi zuen. Eta amaitzeko, haren bilobak 2019tik hona ondarea berreskura-tzeko egiten ari diren prozesua dokumentatzen ere saiatu naiz. Larrearen musika balioesteko prozesuan, egindako lana funtsezko pausotzat joko nuke", adierazi zuen azkoitiarra.
Musikeneko ikasleen artean Euskal Herriko musika-ikerketa sustatu eta bultzatzeko helburuarekin, 2014an sinatutako lankide-tza-hitzarmenaren ondorioz, hurrengo urtean, 2015ean, sortu zuten sari hori Musikenek eta Donostiako Orfeoiak.