Balenciaga Museoak, jenio unibertsalaren ondarean inspiratuta, munduko dozena bat moda eskolatako ikasleek diseinatutako 41 pieza biltzen dituen erakusketa kolektiboa zabaldu du Getarian.

Otsailaren 27ra arte zabalik egongo den erakusketa, Transmissions. Ondarea eta Sorkuntza Berria hezkuntza egitasmoaren baitan Gipuzkoako museo-zentroak dozena bat modako eskolekin duen lankidetzaren emaitza da.

Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, Cristobal Balenciagaren filosofia, teknika eta testuinguru biografikoan murgiltzeko prozesua da, hura definitzen duen gai nagusi baten inguruan -siluetaren iraultza-, museora bisita eginez eta artxiboko piezak eta proiekturako sortutako baliabide digitalak zuzenean eskuratuta gauzatu ahal izan dutena.

Abiapuntu horretatik hasita garatu dute, bakoitzak bere eskolan, ekimen honetan parte hartu duten 517 ikasleek, euren ikerketa eta sorkun-tza-proiektu pertsonala.

Atzodanik Getariako museoaren sarreran ikusgai dago lan guzti horien lagin esanguratsuen erakusketa kolektiboa, non talentu berriek, moda irauli zuen maisuarekin hartu emana piztu duten.

Balenciagaren irudia oinarri hartuta abiatutako sormen-prozesu honetan parte hartu duten eskolak hainbat herrialdetakoak dira, besteak beste, Erresuma Batua, Danimarka, Islandia, Japonia, New York, Italia, Holanda edota Finlandiakoak.

Ekimen honetan 517 ikaslek parte hartu dute, euren ikerketa eta sorkuntza-proiektu pertsonalekin