- Cementos Rezola-Heidelberg Cement Group-en jabetzakoa den Museum Cemento Rezolak atzo aurkeztu zuen Donostiako Añorga auzoan dituen instalazioak berritu osteko lehen aldi baterako erakusketa, Hiria pentsatzeko gonbita eginez.

Erakusketa, martxoaren 26ra arte bisitatu ahal izango da eta Mugak Biurtekoaren programaren baitan kokatzen da. Bertan erakusgai dagoena herritarrek parte hartzeko proiektu baten emaitza da, “hirien eraldaketa eta etorkizuna ingurumen-jasangarritasunaren eta gizarte-hirigintzaren klabeetan pentsa-tzera gonbidatzen duena”, eta “arkitekturari, hirigintzari, gizarte-ongizateari eta ingurumenari buruzko elkarlanerako begirada anitza” jasotzen du.

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, hauek dira erakusketan parte hartu dutenak: Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoa -Mugak-, Urbanbat, AGET (Arkitektura Goi Eskola Teknikoa - UPV/EHU), Atzegi, Matia Fundazioaren IZA zentroa, elkartu, Añorgako Gure Kabia Jubilatuen Elkartea, Amassorrain ikastola, Altza Herri Ikastetxea SJC HLHI, Axular Lizeoa, Zuhaizti ikastola eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxea.

Inaugurazio ekitaldian, berriz, honako hauek parte hartu zuten: Cementos Rezola-Heidelberg Cement Groupeko ohorezko presidente José María Echarrik, Mugak-eko komisario José Ángel Medinak eta Añorgako Cementos Rezola lantegiko zuzendari Antonio Nolascok.

Nolascok bere hitzaldian adierazi zuenez, Museum Cemento Rezolak erakusketa honekin “hiria eraikitzeko lan-espazio aktibo bat sortu du, iraunkortasunaren eta gizarte-garapenaren ikuspegitik”. Hiria pentsatzen ariketa kolektiboa da, eta herritarrei dei egiten die “hiriak eraikitzerako orduan eragile aktibo izateko, espazio publikoa erabiltzeko modu berriak esplora-tzeko; ingurumen-jasangarritasunari eta gizarte-hirigintzari esker, hiri bizigarriagoak, erresilienteagoak eta etsaitasun gutxiagokoak sor daitezen”.

Bisitariak “XXI. mendeko hiria eraldatzeko hausnarketa, irrika, erronka eta proposamen” horiek zeharkatzea du helburu erakusketak. Hiri irisgarria eta inklusiboa atalean, Elkartu, IZA-Matia Fundazioa eta Atzegiren begirada eskain-tzen da, izenburuak aipatzen duen hiri inklusibo eta irisgarri horren bilaketan.