Musika elektroniko eta abangoardiako Dantz plataformak, bosgarren edizio honetan, aurrez aurreko formatua berreskuratu du, pandemiaren ondorioz 2020koa Dantz Digital izendatutako ekitaldi birtualarekin ordezkatu behar izan ondoren.

llen Allien DJ alemaniarra eta Cora Novoa produktore galiziarra dira bihar Donostian arituko diren artistetako bi, gaur inauguratuko den Dantz Festival 2021aren egun nagusian. Dantza egiteko aukera eskainiko duen lehenengotariko ekitaldia izango da, gainera.

Atzo Euskadin osasun-larrialdi egoera bertan behera geratu ondoren, eta horrekin batera covid-19aren aurkako murrizketa gehienak, Miramongo Anfiteatroa soinu dantzagarrienen topagune izango da berriro ere, 17.00etan hasi eta gutxienez 23.00ak arte luzatuko den saioarekin. Sarrerak 25-28 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte Miramongo Anfiteatrora sartu nahi dutenek.

Ellen Allien ezizenez ezaguna den Ellen Fraatzek emango die amaiera bigarren kontzertuari eta jaialdiari berari, aurretik Seeking the Velvet (SKTVT) diskoetxearen sortzaile Cora Novoa DJ musikagileak ere parte hartuko duen emanaldian.

Bi horien aurretik, beste bi artista handi: JC izen artistikoa duen Jose Cabrera madrildarra igoko da Miramongo parkean kokatutako anfiteatroaren eszenatokira, bere umorearekin eta groove-arekin zaleak txunditzea bilatuz, bai eta elektroaren bitartez izar-bidaiak egiten dituen Monika Elektra ere.

Ordaindu beharko den biharko saio nagusiaren aurretik, Dantz Festival 2021ek doako lehen kon-tzertu bat eskainiko du gaur, giroa berotzen hasteko, Tabakalerako TABA gunean, Nestor Basterretxea plazan.

Bertan arituko dira, Euskadin bizi den Yngryd DJa, eta, ondoren, Pat Inn Paz, Madrilen bizi den Luis Ortega ekoizle donostiar gaztearen musika-proiektua, eta nagusiki Gasteizko hainbat klubetan bere ibilbidea burutu duen Josune Romero Joss.

Ander Garciandia Gartxi eta Dans donostiarrek eta François frantziarrak osatuko dituzte gaurko emanaldiak.

Musika elektroniko eta abangoardiako Dantz plataformak aurrez aurreko formatua berreskuratu du bosgarren edizio honetan