Céline Sciamma eta Laura Wandel, Zinemaldiko "elkarrizketetan"

Jaialdiak berdintasunaren eta genero-identitateen inguruko eztabaidak antolatuko ditu aurtengo edizioan

08.09.2021 | 00:45
Laura Wandel (eskubidean) 'Un monde' filmeko aktoreekin, Cannesen joan den uztailean. Argazkia: Efe

donostia – Céline Sciamma eta Laura Wandel errealizadoreak eta James Mockoski zine artxibista izango dira Donostiako 69. Zinemaldiko "elkarrizketen" protagonistetako ba-tzuk; gainera, berdintasunaren eta genero identitateen inguruko eztabaidak ere antolatu dituzte. Zinemaldiak eta (H)emen-ek, Johnny Deppi Donostia Saria ematea kritikatu duen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakume profesionalen elkarteak, jaialdiaren barruko lan-jardunaldi bat antolatuko dute "genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta akordioak lortzen saiatzeko".

Eztabaida izenekoa Donostiako jaialdiaren "zeharkako eremua" da, eta urte osoan zehar lan egiten du hainbat proposamenen inguruan. Aurtengo irailaren 17tik 25era egingo den ediziorako osatu duen egitasmoan, eskola magistralak, mahai-inguruak eta aurkezpenak antolatuko dituzte.

"Nazioarteko jaialdien eta kultura zinematografiko garaikidearen erronkei erantzutea" helburu duen ekimen honen baitan kokatzen da, hilaren 21ean James Mockoski American Zoetrope konpainiaren zaharberritze arduradunak eskainiko duen hitzaldia; Francis Ford Coppola zinemagilearen Apocalypse Now, Llueve sobre mi corazón eta Rebeldes filmekin egindako lana azalduko du.

Bestalde, zine eskoletako ikasleei zuzendutako Nest sailaren hogeigarren urteurrenari lotutako bi topaketa ere programatu dira; lehena astelehenean, hilaren 20an, Céline Sciamma zinemagile frantsesarekin. Bere Petite Maman filma Perlak sailean proiektatuko da.

Hilaren 22an iritsiko da Laura Wandel belgikar zinemagilearen txanda. 2007an Murs film laburrarekin zinema-aretoetako ikasleen topaketarako aukeratua izan zen, eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran izango da, Un monde izeneko bere lehen film luzearekin. Canneseko zinemaldiaren Un Certain Regard sailean estreinatu zen eta Fipresci saria eskuratu zuen.

Aurreko horiez gain, asteartean, hilak 21, zuzeneko podcast bat grabatuko da Tabakalerako zinema aretoan. Saio horretara publikoak zein akreditatuek izango dute joateko aukera, eta bertan entzungo dituzte Kiro Russo, Inês de Lima, Mina Fitzpatrick eta Oscar Vincentelli, aurreko edizioetako Nest-eko ikasle izandakoak, eta orain zinema-ibilbidea garatzen ari direnak.

Bestetik, Identitateak eta Aniztasuna. Egiturak aldatzen dituzten istorioak telesail-jardunaldia ere egingo da, Europa Sortzailea MEDIA Desk Euskadirekin elkarlanean antolatua. "Askotariko identitateen isla" jorratuko du, eta Rolando Salazar Limako Gay Lésbico Trans Zinemaldiaren zuzendariak moderatuko duen mahai-inguruan, Latinoamerikako LGTBI+ zinemaren erronkak aztertuko dituzte.

Pentsamendua eta Eztabaida jardueraren beste atal batean, pandemiaren eta kontzientzia ekologikoaren ondorioz industria zinematografikoan gertatzen ari diren eraldaketak zehazten saiatuko dira.

Amaitzeko, Zinemaldiaren egunerokoa webguneraren bitartez jarrai-tzeko deia egin dute, baita gailu mugikorretarako aplikazioaren eta sare sozialen bidez ere.

Antolatzaileek azaldu dutenez, sail guztietako filmen ordutegiak gaur bertan izango dira ikusgai, bai Zinemaldiaren webgunean, bai aplikazioan.

noticias de noticiasdegipuzkoa