mirarte

Arte modernoari ateak irekita

01.09.2021 | 23:48
Ekimenaren arduradunak, atzo Tabakaleran egindako aurkezpenean.

Tabakalerak eta Donostiako arte garaikideko sei galeriak Irekiak Gallery Weekend antolatu dute irailaren 10etik 12ra; horren baitan, Kursaaleko fatxadan instalazio bat proiektatu eta bederatzi erakusketa inauguratuko dituzte.

irailaren 10etik 12ra bitartean, Irekiak Gallery Weekend ekimen berriarekin emango zaio hasiera Donostiako arte garaikideko erakusketa-denboraldiari. Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkartea (DAGGE) osatzen duten hiriko sei galeriek (Arteko, Kur, Ekain Arte Lanak, Cibrian, Altxerri eta Arteztu), zazpi erakusketa eta lau bisita gidatu izango dituzten beste bi ibilbide inauguratuko dituzte.

Sortu berria den DAGGE elkarteak bultzatu eta denboran zehar jarraitzeko asmoz sortutako ekimen hau, atzo aurkeztu zuten Donostiako Tabakaleran, bertako Edurne Ormazabal zuzendari nagusiak eta Clara Montero zuzendari kulturalak, hurrenez hurren; Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia ere bertan izan zen; bai eta Gregorio Cibrián, DAGGEko presidente eta Cibrian Galeriako zuzendaria, Ekain Arte Lanak galeriako Rita Unzurrunzaga eta Altxerriko Javier Balda ere.

Tabakaleratik, Ormazabalek eta Monterok aipatu zutenez "oso albiste ona" da, lankidetza publiko-pribatutik sortu den Irekiak Gallery Weekend abian jartzea; gizartean "artearen eta artista garaikideen presentzia indartzea" bilatzen duelako, eta arte garaikidea "ekonomikoki ere eskuragarria izan daitekeelako eta galerietan sartzeko lotsa uxatu behar delako".

Cibrianek azaldu duenez, ekitaldi honekin "hiriko arte garaikidearen erakusketa-denboraldiari hasiera emango zaio"; eta helburuen artean egungo artistei "ikusgarritasuna ematea" eta "jendea artearen bildumagile izatera hurbiltzea" aipatu zituen.

Horretarako, doako lau bisita gidatu proposatzen dira, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz, 11.00etan eta 17.00etan, eta bi ibilbidetan, DAGGEko kide diren hiriko galeriak ezagutzeko (batean Kur, Arteko eta Cibrian, eta bestean Arteztu, Ekain eta Altxerri). Parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena irekiakgalleryweekend.com webgunean –atzo, artean ez zegoen erabilgarri– bestela, laster eskuragarri izango den mugikorretarako Harreman aplikazioan (app).

ordutegi jarraituan Gainera, galeriek ordutegi jarraituan irekiko dituzte ateak, honako artista hauen erakusketekin: Mikel Casal (Ekain), Irma Alvarez eta Juan Ugalde (Altxerri), Jose Ramon Amondarain, Katinka Bock, Esther Gatón eta Leandro Feal (Cibrian), Jesus Maria Corman (Kur) eta Oaia Peruarena (Aztertu).

DAGGEko presidenteak azaldu zuenez, Irekiak Gallery Weekend ekimenak, irailaren 10ean jakinaraziko diren arte garaikidea erosteko lau sari izango ditu. Sari horien funtsa hauxe izango da: aurrez aipatutako erakusketetan ikusgai dauden artelanen artetik lau, erosi egingo dituzte Donostiako San Telmo Museoko bildumak, Modus Vivendi bildumak, JNSL Bildumak eta Laboral Kutxarenak.

Bestalde, Tabakalerak Zin Ex Gorputza eta Arkitektura inauguratuko du; Donostiako Zinemaldiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean antola-tzen den zine hedatu eta esperimentalari eskainitako proiektuaren bigarren edizioa. Baita Chris Kraus erakusketa ere, idazle, editore eta kritikari entzutetsuaren lan filmiko guztia bilduko duen eskaintza.

Bi erakusketa horiek irailaren 10ean zabalduko dituzte, 19.00etan.

kursaala eta udako ikastaroak Ildo berarekin jarraituz, Irekiak Gallery Weekend ekimenaren hiru egunetan zehar, Kursaal Biltzar Jauregiak, Jaime de los Ríos artistak ilunabarrean eraikina ingura-tzen duten olatuetan inspiratuta, Tabakalerako Medialab laborategian sortutako Crimson Waves (Olas del ocaso) pieza erakutsiko du bere fatxadan. Ekimen horiez guztiez gain, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Eduardo Chillida artistari buruzko Udako Ikastaroa antolatu du Hernaniko Chillida Leku museoan irailaren 10ean, ostiralez, 9.00etatik 13.30era, Altxerri galeriako zuzendari Baldak aurreratu zuenez.

Eta amaitzeko azpimarratu nahi izan zuen Insaustik, ekimen berri honek erakusten duenez, eta lankidetza publiko-pribatuari esker, "Gure hirian zerbait gertatzen eta egituratzen ari dela arte garaikidearen esparruan"; eta itxaropen-tsu agertu zen, Gipuzkoako hiriburuko kultur "egutegian falta zen" hitzordu horrek, "ibilbide luzea" izan dezan.

noticias de noticiasdegipuzkoa