Abel Iriondo dantzari elgoibartarra hil da

Haritz, Argia, Kezka eta Kriskitin taldeetan garatu izan zuen dantzari ibilbidea, Durangon azken bi hamarkadetan

31.08.2021 | 00:03
Abel Iriondo. Argazkia: Dantzan

donostia – Abel Iriondo, 55 urteko dantzari eta dantza-maisu elgoibartarra hil zen aurreko igandean, abuztuaren 29an; dantzan.eus web orrian azaldu dutenez, bizikletan zebilela bihotzekoak emanda zendu omen zen.

Haritz, Argia, Kezka eta Kriskitin dantzari taldeetako eta Aiko taldeko partaide izan zen Iriondo, eta azken 20 urteotan Durangon bizi zen.

Dantzari ibilbideari Elgoibarko Izarran ekin zion Sebas Larrañagaren eskutik. Ondoren, 1981ean, Haritz euskal dantzari taldean hasi zen, helduen artean, 15 urte besterik ez zituela. Hantxe ezagutu zuen Jon Lizarralde, eta makina bat urtez dantzatu zuten elkarrekin, bai eskuz esku, baita soka-dantzan ere. Horren adierazgarri, Elgoibarko San Bartolome eguneko soka-dantzan 20 urtez aritu izana, aurresku zein atzesku jardunean.

Donostian soldadutza egiten ari zela, Argia taldean entseatzen hasi zen, eta besteak beste, Kondharian eta Pas de Basque emanaldietan parte hartu zuen. Garai haietako Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan ere azaldu zen, bere jarduna Haritz taldearekin zein bakarkakoa izanik. Urte horietan zehar, Kezka taldean ere aritu izan zen.

Elgoibarko festa eta ospakizun ia guztietan egin zuen dantza. San Bartolome egunaz gain, ia urtero parte hartzen zuen Arrateko dantzarien emanaldian eta Errosarioko ezpata dantzan; azken honetan, kapitain lanak egin zituen urte askotan. Arrateko dantzetan, berriz, ohorezko gonbidatua izan zen 2006an.

Duela bi hamarkada, bizilekua Durangon ezarri eta Kriskitin taldean hasi zen dantzan. 2016an, Durangaldeako ezpata-dantzari egunean, elkarte horretako lehen dantza-talde mistoan parte hartu zuen. San Fausto egunez, Durangoko dantzari-dantza, txindata-soinu eta erregeletan emakumeek lehen aldiz parte hartu zuteneko dantza talde hartan ere bertan izan zen. Udalerri bizkaitarrean irakasle lanetan ere jardun zuen, Aiko taldeak eskaintzen zituen eskoletan, hain zuzen ere.

Iriondoren hileta elizkizuna gaur arratsaldean izango da Durangoko Santa Ana parrokian, 19.00etan. Beilatokia, Durangoko Basaguren ehortzetxean, 11.00etatik 13.00etara bitartean.

noticias de noticiasdegipuzkoa