Mikel Laboa euskal kantautorearen Lekeitioak lana du abiapuntu Tabakalerak gaurtik hasi eta abuztuaren 29ra arte antolatu duen erakusketa berriak. Aztergai ditu herri-kulturaren eta sorkuntza esperimentalen kontzeptuen arteko harremana, edo errotze-adierazpenaren eta nazioarteko abangoardiaren artekoa, betiere arte garaikidearen ikuspegitik.

Gaur goizean aurkeztu dute eta Oier Etxeberria komisarioak azaldu duenez, erakusketak Lekeitioak hartzen ditu abiapuntu, ahots-jokoek, oihuek, ohiko soinuek eta onomatopeiek osatutako abesti esperimentalak. Laboak lengoaia propio eta desberdina sortu zuen horiekin eta Komunikazio-Inkomunikazio izenburupean erakusketak ibilbide bat proposatzen du, literaletik hasi eta oroigarri den horretaraino, musikaren, hitzaren, poemaren, performancearen, abstrakzioaren eta soinu esperimentalen bidez.

Bertako lanek folkloreari eta herri-kulturari buruzko hausnarketa proposatzen dute alde batetik; eta bestetik, hizkuntzaren makineriak inguratzen duen munduarekin ezartzen dituen botere-harremanak aztertzen dituzte. Tabakalerako lehen solairuko Erakusketa-aretoa eta Lau Pareta aretoa hartzen ditu erakusketak eta besteak beste, Susan Hiller, Pauline Oliveros, Lisa Tan, Asier Mendizabal, Dora García, Erlea Maneros eta Txomin Badiolaren lanak ikus daitezke bertan.