- Iñigo Asensio kazetariak (Tolosa, 1985), hein batean, bere bidaietan sortutakoak bideratzeko proiektutzat jaio zen Postal Kolekzionistak taldea. 2019an argitaratu zuten lehen diskoa, Azken gaua hirian. Orain, aldiz, bigarrena erditu du taldeak, Bagoi hutsak izeneko "desamodio disko optimista bat".

Postal Kolekzionistak proiektua bidaiekin oso lotuta dagoen taldea da. Aireportuak, geltokiak, trenak eta bagoiak, portuak... aipatzen dituzu abestietan. Garraiobideak obsesioa al dira zuretzat?

-Ez dakit obsesioa direla esango nukeen. Bidaiak oso une egokiak dira konposatzerako orduan. Noizbait kontuak egin ditut. Azken hamaika-hamabi urtetan, 85 egunetik gora pasa ditut atzerrian urtero. Gainera ez dira egonaldi luzeak izaten; bidaia asko izaten dira, aireportu asko... Horietan, inspirazioa baino, lasaitasun uneak bilatzen ditut buruan, koadernoan zein mugikorrean, sortzen zaizkidan ideiak garatzeko. Nahigabe-nahigabean, obsesiotik baino gehiago, bidaiak eta garraiobide horiek ideiak garatzeko egoki egiten zaizkidalako, eta nire bizitzan hain presente egonik, letretan ere ager-tzen dira.

"Bizitza bidaiarien nasan gertatzen dela" abesten duzu 'Aireportuak II' kantuan.

-Horrela sentitzen dut eta horrela bizi izan dut azken urte hauetan. Norbaitek esandako "Bizitza gerta-tzen da" esaldiari bueltak ematen ari nintzaion eta kantu horretan erreferentzia egin nahi nion, eta horregatik agertu zen. Baina bai, bidaiarien nasan bizitza gertatzen da edo, behintzat, bizitzaren zati handi bat gertatzen da.

Horrekin erlazionatuta, diskoetan beste kontzeptu bat ere nabari dela esango nuke: denboraren pasaera, aurrera doala.

-Beste hitz bat erabiliko nuke, errepikatu egiten delako, geroa. Denboraren igarotze horrekin oso erlazionatua dago eta, baita ere, baikortasunarekin. Bagoi hutsak desamodio disko optimista da, esperantzatsua. Horregatik erreferentzia egiten dio igarotako denbora horri. Kafea zor didazu abestian, esaterako, "denbora" aipatzen du hasiera-hasieratik. Portuanen, aldiz, "iragana" aipatzen da. "Geroa" etengabe agertzen da, aurrera begira eginiko disko bat delako; denboraren pasatzeak, atzera begiratzeko gaitasunak, indarra du eta, aldi berean, etorkizunera nahikoa proiektatzen den kantu bilduma dela esango nuke.

Postal Kolekzionistak ere etorkizunera proiektatzen ari da?

-Esango nuke, aldaketa bat behin-tzat egon dela lehen diskotik: konbikzio puntu bat edo. Taldekideak lagun ditut eta Azken gaua hirian (2019) grabatu genuenean, ia fabore bezala eskatu nien. Buruan ez genuen bigarren diskorik egongo zenik, ezta kontzertuak izango zirenik ere. Hori guztia ere gertatzen joan da, bidaiarien edo musikarien nasa honetan; horri heldu diogu. Bigarren disko honetan, konbikzio handiagoa dugu, talde jarrera gehiago. Lehenengo diskoaren bat-batekotasunaren mamua uxatuta, esango nuke etorkizunari begira ere badagoen taldea garela.

Bi diskoak 'Aireportuak' deituriko kantuekin hasten dira. 2019tik 2021era gauza asko pasa dira, horien artean, pandemia bat. Bidaiatzeko aukerak ere murriztu egin ziren iaz.

-Pentsa, diskoa bera, bidaiatzeko aukeren mugetan eraiki da. 2019ko urrian, Japoniatik bueltan abiatu nuen disko honetako hainbat kantuen idazketa; Tokioko kaleetan, aireportuan eta Bilbora nekarren hegazkina horietan ondu nituen bi kantu, mugikorreko piano aplikazioa eta aurikular batzuekin melodiaren trazaera finkatzeko letra idazterakoan. Sorkuntzari dagokionez, azken kantua Portuan izan da, eta duela oso gutxi, sei-zazpi aste, Suitzara eginiko bidaia batean hegazkinean nindoala bukatu nuen letra. Suitzako hoteleko logelan grabatu nuen ahotsa eta Beñat Igarabideri bidali nion, hurrengo egunean masterra entregatzeko. Beraz, pandemiak ahalbidetu duena, behintzat, baliatu dugu. Halere, beste zenbait abesti pandemia aurretik datoz, izan Kafea zor didazu, Lekuak leku edo Macondo.

Lehenengo diskoarekin ezberdintasun edo berdintasunak azpimarratze aldera, zuen soinua topatu duzuela uste duzu?

-Horrelako analisiak egitea kazetarien lana dela uste dut (barre egiten du). Esango nukeena da, Bagoi hutsak albumak Postal Kolekzionistak-en soinua duela. Alegia, lehenengo diskoa entzun duenak, ez du beste bat topatuko. Aldi berean, esango nuke, soinu aldetik sendotu egin dela. Ez dakit rockeroxeagoa den. Gitarra elektrikoen presentzia behintzat handiagoa da. Talde lan handiagoa ere izan da. Aurreneko disko horretan estudiora askoz bakanago iritsi ginen. Geruzak botaz eta botaz osatu genituen kantuak. Honetan, aldiz, kantu gehienak lokalean landutakoak izan dira. Izatekotan, hor esango nuke nabari dela aldaketa.

Moldaketak ere elkarrekin egin dituzue.

-Bai. Normalean abestien zirriborroak edo ideiak eramaten ditut; ba-tzuetan, norantz eraman nahiko nituzkeen argiago daukat eta, bestetan, oso soil. Ondoren, moldaketa prozesu hori elkarrekin egiten dugu. Batzuetan lokalean, bestetan baita etxetik ere.

Esan genezake Postal Kolekzionistak gehiago dela proiektu kolektibo bat, Iñigo Asensioren proiektu pertsonal bat baino?

-Bada, eta kontrakoa ere bai (barre egiten du). Postal Kolekzionistak nik biluztasunekin egindako kantuekin abiatu, baina kolektibotasunetik aurkezten den proiektua da. Taldearen eragina erabatekoa da; gainera, nik horrela izatea nahi dut. Gustatzen zait abestiekin espero ez dituzun lekuetara iriste hori, abiapuntutik oso urrun egon arren. Multipistas edo programa informatikoaren nortasunetik arago, kantuak lehenengo lokalean sentitzea eta grabatu baino lehen zuzenean probatzea.

Letrek zure momentua islatzen dute.

-Hor banaiz oso ni eta hori ukaezina da. Gero, musikalki bestela janzten ditugu.

'Macondo' abestia aipatu duzu lehenago. Literaturak pisu handia du zure letretan. Kantu horrek, noski, Gabriel García Márquezi eta errealismo magikoari egiten dio erreferentzia, baita Isabel Allenderi ere. 'Hotz emozionala' kantuan, aldiz, Cortázar ageri da.

-Azken aldian irakurzale handiak ditut inguruan, eta sentitzen dut irakurtzeko oso denbora gutxi hartzen dudala, baina garai batean asko irakurritakoa ere izan naizela esango nuke. García Márquez, Cortázar eta Latinoamerikako idazle asko oso gustuko izan ditut. Aurreko diskoko Uda garaiak abestian Galeanori erreferentzia egiten zitzaion. Kasu honetan, bizitzan pertsona batekin topatu nintzen eta hark, nik bezala, errealismo magikoarekiko interesa ere bazuen, baino biak oso modu ezberdinean eraikita. Nik, gizonezkoen idazketatik, izan Atxaga gurean edo izan García Márquez ozeanoaren beste aldean; eta hark emakumeetan oinarrituta gehiago, beranduago heldutako Isabel Allende eta Los cuentos de Eva Luna, eta beste hainbatekin. Horiek guztiak uztartuta osatu nuen Macondo izeneko kantu hori, biok gogoratzen genuelako hasiera hura, Aureliano Buendíaren fusilamendua eta izotza ezagutzera eraman zuteneko pasarte hura.

'Azken gaua hirian' albumean euskarazko abestiak ziren gehienak, baina gaztelaniazko bat ('A la vuelta de la esquina') eta ingelesezko bat ('The Pier') ere grabatu zenituzten. Lan berri honetan, aipatutako 'Macondo' kenduta, kantuak euskara hutsean dira. Azken boladan ohikoak bihurtu dira hizkuntza ezberdinak nahasten dituzten euskal taldeak. Horren inguruan hausnartu duzu?

-Ez dut hausnarketarik egin. Baditut nire iritziak baina oso nireak dira. Ez dut uste hizkuntzak uztar-tzen dituen talde bat garenik. Horrek ez du esan nahi izango ez garenik, ezetz uste arren. Euskaraz kantatzen dugun taldea gara, zenbait lizentzia hartzen dituena oso arrazoi konkretuengatik. A la vuelta de la esquina Mexikoko lagun batzuei eskainitako ezkontza-kantu bat zen eta omenaldi hori euren hizkuntzan egitea otu zitzaidan. The Pier Californian ikusitako egoera batetik abiatu zen eta, orduan, ingelesez sortzeko tentazioa izan nuen. Charlie and the Colours taldeko Charlie Atkey-ri eskatu nion letra idazteko. Oraingoan, Macondok eta Garcia Márquezek eramanda agertu da kantu bat gazteleraz. Halere, orokorrean, erosoago sentitzen naiz euskaraz kantatzen eta sortzen. Tarteka beste bide batzuk jorratzea ez dut gaizki ikusten, baina ez nuke proiektu eleaniztun batean bihurtu nahi, horrelako hizkuntza oreka batean, behintzat.

Nola egikaritu zen Mikel Urdangarinek 'Kafea zor didazu' kantuan egiten duen kolaborazioa.

-Oso barrutik ateratakoa izan zen, oso barrutik atera zitzaidana. Asko entzun izan dudan kantautorea da. Abesti horretan badago Mikelen Anek idatzi dit zutaz kantuari erreferentzia eta bals giro horretan sentitzen nuen haren ahotsak zentzua, koherentzia eta lekua izan zitzakeela. Denbora luzez ideia alboratu egin nuen, Mikel konpromisoan ez jar-tzearren; baina, azkenean, proposatu eta baietz esan zuen. Oso esperientzia polita izan da. Mikelekin kantu bat abestea gauza ederra da.

Maiatzaren 14an bira hasiko duzue Tolosan. Zer duzue pentsatua bira honetarako?

-Egoerak ahalbidetzen duenari heltzea. Tolosan estreinatuko dugu diskoa eta handik gutxira Iruñean izango gara, Katakakren 18an; ondoren, 26an, Bilbon izango gara. Segituan beste bidaia bat egokituko da, ez dakit hirugarren diskoa konposatzeko modukoa, baina El Salvadorrera eta Mexikora egin beharko ditut bidaia bi. Mexiko hirian eta Torreónen bakarka kontzertu pare bat eskaintzeko aukera ere izango dut, lotzen ari naiz eta. Handik bueltan, ekainaren 19an, Berastegin arituko gara. Beste data batzuk oraindik baieztatzear ditugu.

Suitzan izan ziren urte hasieran. Orain El Salvadorrera eta Mexikora zoaz. Beraz, konposatzeko aukera izango duzu, aireporturen batean edo bestean.

-Baliteke, nahiz eta batzuetan bidaiek ez duten sormena ziurtatzen. Baina, bai, aurten Suitzaz gain, El Salvador, Mexiko eta Japoniara bidaiatuko dut. Udaran denbora luzez Tokion izango naiz Olinpiar Jokoen kobertura egiten. Izango da denbora, baina batzuetan bidaiek kontrako eragina izaten dute, eta horietatik bueltan etxean idazten duzu bidaietan bizitakoari buruz. Ikusiko da, baina inspirazioa baldin badator, ongietorria izango da; hirugarren diskoa ere ontzen hasiko gara inolako arazorik gabe (barreak).

"Lehenengo diskoaren bat-batekotasunaren mamua uxatuta, esango nuke etorkizunari begira ere badagoen taldea garela"

"Mikel Urdangarinekin kantu bat abestea gauza ederra da; oso esperientzia polita izan da berarekin 'Kafea zor didazu' grabatzea"