Euskadiko Orkestrak eta Kalakan taldeak euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu bat abiarazi dute. Elkar diskoetxearen zigilupean, hamabi kanta biltzen dituen disko berri bat kaleratuko dute udazkenean eta Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruña eta Donibane-Lohizunen zuzeneko bost kontzertu eskainiko dituzte lan berria aurkezteko. Egunotan orkestra eta Kalakan hirukotea Miramongo egoitzan elkartu dira maiatzean eta ekainean egingo duten grabazioaren lehenengo entseguak egiteko eta gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa.

Proiektua orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen da. Duela bi hamarkada baino gehiagotik Euskadiko Orkestrak esparru sinfonikokoak ez diren edozein generotako musika-ekoizpenaren aldeko apustua egin du egitasmo horren bidez eta besteak beste, Benito Lertxundi, Kepa Junkera, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izarorekin aritu da elkarlanean. “Oraingoan, Kalakanekin batera, orkestrak euskal kantagintza eta instrumentu tradizionalak aldarrikatu nahi ditu”, azaldu du Oriol Roch Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak.

Juanjo Ocón maisuaren batutapean, Jagoba Astiazaran konpositoreak orkestrarako moldatu dituen kantak entzuteko aukera eskainiko du elkarlan honek. “Lehengo urtean hilabete luzez etxean bakarka egindako lana izan da, baina aurrez Kalakanekin errepertorio bat adostu eta beraien izaera ezagutu ostean, euskal instrumentu eta erritmo tradizionalei bozgorailu bat eman nahi izan diegu orkestraren bitartez”, adierazi du Astiazaranek. Horrela, Kalakanek erabili ohi dituen instrumentu tradizionalek presentzia “nabarmena” izango dute diskoan eta txalaparta, txirula edo alboka izan dira orkestran txertatu diren aipagarrienak.

Errepertorioari dagokionez, proiektua “hainbat hanka dituen mahaia” dela azaldu du konpositoreak: “Batetik, Xalbador omendu nahi zuen Kalakan taldeak eta aitzakia ona izan da bere bertso batzuk orkestrara ekartzeko. Hiru bat kantek izango dute Xalbadorren bertsoen musikalizazioa. Bestetik, Kalakanen ohiko errepertorioko kanta ezagunak entzun ahal izango dira eta berezitasun gisa, beraientzat bereziki sortu den pieza bat ere egongo da; beraien txalapartako pieza bat orkestrarako sortu baitugu. Eta amaitzeko, Mikel Laboaren doinua eta Joxean Artzeren hitzak hartzen dituen Txoriak txoriere izango da”.

Urriaren erdialdean diskoa argitaratzearekin bat, aurkezpen-bira bat egingo dute Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek, baina aretoei eta datei buruzko informazioa aurrerago jakinaraziko dute.