- 130 proiektu aurkeztu dira 2deo serieak 2021eko deialdiarako. Angel Aldarondoren Su hotza euskarazko seriea, Paloma Moraren Print! eta Victor Alonso-Berbelen eta Jan Matheuren Raval aukeratu dituzte guztien artean. Bost kidek osatutako balorazio-ba-tzordeak hartu du erabakia: ikus-entzunezko fikzio sortzailea den Aitor Gabilondok, Xabier Berzosa ekoizleak, eta Donostiako Zinemaldiko eta Tabakalerako ordezkariek.

Guztira nazioarteko zein bertako 130 proiektu aurkeztu dira; 20 euskarazko ekoizpenak izan dira, eta gainontzekoak berriz, munduko hainbat herrialdeetakoak.

Batzordeak proiektuen kalitateari eta sormenari eman dio lehentasuna, baita egingarritasunari ere. Gainera, gizarte garaikidearen gaineko ikuspegia eta globaltasunaren anbizioa bateratu dituen osagai berritzailea ere kontuan izan du.

Hautatutako hiru proiektuek 6.000 euroko laguntza jasoko dute garapenerako eta, gainera, banakako aholkularitza ere izango dute. Apiriletik irailera bitartean aurrez aurreko zein online egindako saioak izango dituzte, eta bakoitzak gidoiaren analisia eta berridazketa, proiektuen ekoizpen eta banaketa estrategia eta eszenaratzea landu beharko ditu.

Ekainetik uztailera bitartean, hautatutako lanen egileak eta deialdiaren aholkulariak hiru egunetan elkartuko dira Tabakaleran, ezagu-tza partekatzeko. Programaren azken urratsean, euren lanak Donostia Zinemaldiko sektoreko eragile garrantzitsuei aurkezteko aukera izango dute sortzaileek, telesailak ekoizteko xedearekin.

Aurten aukeratutako hiruren artean, Angel Aldarondoren Su hotza, intrigaz beteriko eta euskaraz sortutako lau ataleko serie dago. Kazetari gazte bat da protagonista nagusia. Etxetik kanpo denboraldi bat pasa ostean Donostiara itzuli eta higiezinekin lotutako trama batean nahastuko da. Aldarondok ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten du eta esperientzia handia dauka.

Paloma Morak ere badu eskarmentu nahikoa. Izan ere, TV On Producciones ekoiztetxeko zuzendaria baita, eta urte asko darama-tza Espainian zain kanpoan ikus-entzunezko formatu desberdinak ekoizten eta zuzentzen. Oraingo honetan, ordea, Print! serie-proposamena aurkeztu du, hamar atalez osatutako dramedia. Bertan, Martínez familiaren bizipenak kontatzen ditu. Zailtasun ekonomikoek behartuta, diru faltsua egiten hasiko dira. Serie honek, benetako gertakariak hartzen ditu oinarri.

Victor Alonso-Berbelek eta Jan Matheuk osatzen duten bikoteak berriz, hainbat proiektu garatu izan ditu gidoilari gisa elkarrekin Movistar+ eta Atresmedia Studiosentzat. 2deo Serieak deialdian aukeratutako proiektuen artean hirugarrena da eurena. Hain zuzen, Raval izenarekin zortzi ataleko thriller sozialeko seriea sortu dute. Sofía da protagonista nagusia eta bere mutil-lagunaren identitatea ordezkatuko du hura hil ostean; hala hasiko da rider lanean Bartzelonan.