- Donostiako Euskal Itsas Museoak Leopoldina Rosa: gaurko istorioa aurkeztu zuen atzo, ekainaren 13ra arte doan izango dena. Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak ekoitzi du proiektua, eta Leopoldina Rosa fragataren espedizioaren historia kontatzen du. Fragata Baionatik abiatu zen, euskal migratzailez beteta eta Uruguaiko kostaldean hondoratu zen 1842an. Migrazioaren fenomenoaren aurrean iraganari eta orainari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu bidaia honek.

“Erakusketak jendearentzat ezezagunak eta interesgarriak diren pertsonaia historikoak ezagutzeko aukera ematen digu”, azaldu zuen Zumalakarregi Museoko artxiboaren eta dokumentazioaren arduradunak, Mikel Alberdik. Erakusketan XIX. mendeko pertsonaien bizipenak kontatzen dituen ikus-entzunezko edukia dago, eta gaurkotasuneko esperientziekin alderatzen ditu, haiengana hurbiltzeko. Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi zuenez, “erakusketak izaera pedagogikoa du, eta migrazio-prozesuetako protagonistekiko enpatia sustatu nahi du”.

Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoak esan zuenez, “migrazioak itsasoari lotutako fenomeno zirraragarria dira”, duela urtebete baino gehiago museoan formatu ugariren bidez egiten ari diren lan-ildo batean.

ODISEA

Gainera, Euskal Itsas Museoak haurrentzako jolas-esperientzia bat diseinatu du lehen aldiz: La odisea con Leo y Dina. Abentura honetan, bisitari gazte bakoitza 2090ean girotutako Donostia batean murgilduko da. Hiri lehor eta babesgabea da, eta alde egitea eta migrazioa hastea komeni da.

Euskal Itsas Museoak lehen aldiz diseinatu du gazteentzako migrazioaren historiari buruzko esperientzia ludikoa