Chillida Lekuk Leges naturae izeneko erakusketa berria aurkeztu du gaur goizean eta ekainera arte egongo da ikusgai. Zabalaga baserriko bosgarren aretoan kokatu dute erakusketa eta Eduardo Chillida eskultorearen obraren interpretazio berri bat eskaintzen du, oso ezagunak ez diren eta gutxitan erakutsi diren obra batzuk publikoaren eskura jarriz. 21 marrazkiz eta bi eskulturaz osatuta dagoen erakusketa honek naturak eta haren legeek Chillidaren lanean izan zuten garrantzia erakusten dute, artistaren obren sorburu eta inspirazio-iturri izan baitziren.

Erakusketa hiru zatitan bereizita dago eta haietan landare eta animalien marrazkiak, natura abstraktuaren trazuak eta, horiekin batera, artxiboko materiala -argazkiak, eskuizkribuak eta eskultoreak bere estudioan gordetzen zituen fosilak eta mineralak- aurkitu daitezke, artistari naturak pizten zion harriduraren lekuko. Gainera, atentzioa ematen du bertan ezarrita dagoen gurutze moduan landutako harrizko eskulturak, naturaren eta Jainko sortzaile baten arteko loturaren adibide. "Erakusketa oso hunkigarria da, kokatuta dagoen guztia zuzenean bizi izan baitugu Chillidaren eta Pilarren seme guztiek. Natura oso garrantzitsua izan zen aitarentzat eta horregatik erabaki dugu oraingoan horri eskainitako obrak erakustea", azaldu du Ignacio Chillida komisarioak aurkezpenean.

1946 eta 1951 artean egin zituen landareen eta landare-elementuen marrazkietan artistari naturaren konplexutasunak eta hark erakusten dituen formek sortzen zioten jakin-mina ageri da. Artistak arreta handiz aztertzen zuen natura eta horrek landareak diren bezalakoak marrazteko aukera ematen zion, marrazki batzuei erreparatuz, argi ikusten baita irudikatutako espezieak zeintzuk diren: Papaver rhoeas (mitxoleta), Viscum album (mihura) edo Hedera helix (huntza).

Bestalde, animalien marrazkiak ere ikus daitezke, Chillidaren ekoizpen artistikoan oso ezohikoak direnak. Hamar baino ez daude katalogatuta, 1948 eta 1949 artean egindakoak. Eskultoreak Parisen bizi zenean egin zituen eta zoologikora joaten zen obra horiek sortzeko inspirazio bila. Estetikari erreparatuz, lan horiek kobazuloetako hormetako historiaurreko marrazkiak dakartzate gogora, horien kodeak ere presente baitaude Chillidaren obran.

Erakusketarekin batera, artea eta natura erlazionatzen dituzten jarduerak programatu dituzte. Alde batetik, astelehenero, Leges naturae erakusketara bisita elkarrizketatua eskainiko du museoko bitartekari-taldeko pertsona batek. Horri esker, erakusketako lan nagusiak modu lasai eta atseginean ikusteko aukera egongo da. Bestalde, Chillida Lekun murgiltze-esperientzia bat proposatu dute, baso bainuetan espezializatutako Itziar Insausti gidaren eskutik. Esperientzia berritzaile horrek artearen eta naturaren bidez norberaren ongizatea hobetzen laguntzen duela nabarmendu dute, Chillidaren eskultura-basoan barrena ibiliz.

Ekintzekin jarraituz, artea, filosofia eta biologia uztartzen dituen mahai-inguru bat ere antolatu dute, Leges naturae erakusketarako hautatu diren lanetatik eta Chillidak zientziarekin eta, bereziki, biologiarekin dituen elkarrizketatik abiatuta. Jarduera hori Aranzadirekin lankidetzan egingo da. Eta amaitzeko, Itziar Unzurreunzaga artistak Landareen aztarna tailerraLandareen aztarna eskainiko du helduentzat, gyotaku estanpazio japoniarrean oinarrituta.

Proposamen horiei familientzako jarduera batzuk gehituko zaizkie eta interesa duten ikastetxe, irakasle, elkarte eta erakundeentzako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte. Momentuz, astelehenetako bisitak bakarrik daude finkatuta eta konfinamendu perimetrala dela eta, hernaniarrek bakarrik izango dute joateko aukera. Gainerako jarduerak egiteko datak oraindik ez dituzte finkatu, baina seguruenik udaberrian egingo dituztela adierazi dute.