- Berriro ere, gure historiaren pasarte esanguratsu bat fikzionatu duzu: Sisiforen paperak. Hori bai, prosa idatzi beharrean, dramaturgian murgildu zara. Nola iritsi zitzaizun proiektua?

-Fernando Bernues zuzendariaren ideia izan zen, 2015ean hasi ginen kontuari bueltaka. Berehala onartu nuen, baina kronika hertsitik aldentzeko baldintzarekin, beti ere.

Nolakoa izan da hartu-emana Fernando Bernuesekin ?

-Aspaldi ezagutzen dugu elkar eta gozamena izan da. Eszenarako sena itzela dauka eta elkarrekin egin dugu luzeegia zen obraren kimatzea.

Zaila egin zaizu proiektua?

-Lorea Agirrek Gezurra ari du bikainean kontatu zuena baino hobeto egiterik ez zegoenez, pentsatu nuen, egunkari zehatz baten kasuan oinarritu arren, paperezko kazetaritza idatziari omenaldi bat egiteko aukera egokia ere bazela. Gainera, Euskaldunon Egunkaria ez da izan, zoritxarrez, gure artean itxiarazi den bakarra. Obra martxan jarriko duen mekanismoa topatzea da beti zailena: konturatu nintzenean galderak egitea lanbide dutenak zirela kasu honetan bortxaz galdekatuak, giltzarri bezala funtzionatu zuen paradoxa horrek.

Zer gogoratzen duzu 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuten garaiaz?

-ETAren entornoaz hitz egiten zen etengabe, dena ETA zenaren hipotesi zentzugabe hark disparate juridikoak ekarri zituen.

Nola sentitu zenuen?

-Zentsuraz harago zihoan zerbait bezala: mutilazio bat. Ahots kordak moztu izan balizkidate bezala. Ezin sinetsizkoa izan zen, kafkianoa. Ohiko kolaboratzaile izan nintzen bertan eta benetan proiektu zabala zen euskal kulturarentzat, eredugarria zentzu askotan.

'Egunkaria kasua'-n gertatutakoak fikzioaren beste hizkuntza batzuetan (nobela, telesaila, filma€) lantzeko aukera eskaintzen duela uste duzu?

-Jakina, bere garaian izan zen fikziozko luzemetraia bat egiteko proiektua, eta telesail gisa ere fun-tzionatuko luke.

Aurretik fikzionatu dituzun beste kasuekin alderatuta, oraingoan, protagonistak -batzuk, behintzat- bizirik daude. Arazo bat izan da?

-Ez da arazo izan, fikzioak ahalmentzen duelako, xakeko zaldiak bezala, albo batera eta aurrera egitea aldi berean. Pertsonaia guztiak dira fikziozkoak, nahiz eta zenbaiten kasuan agerian utzi nahi izan dudan haien jatorria, omenaldi gisara: Torregarai Torrealdai da eta Karmelo Martxelo. Baina aktoreek ere garbi zeukaten ez zela imitazio ariketa bat, errealitatez kargutzeko modu bat baizik.

Eskaerarik egin al dute?

-Ez. Oso eskuzabalak izan dira. Eta ederra izan da zenbaiten kasuan teatroaren katarsia nola bizi izan duten ikustea.

Nolakoa izan da ikerketa prozesua?

-Lorea Agirreren kronikaz gain, hainbat elkarrizketa egin nituen. Haienak entzun ondoren fikzionatu egin nituen gehien interesatu zitzaizkidan kontakizunak. Fikzioa ez da soilik irudimen ariketa bat, sintesi eta konpresio lana ere bada. Errealitatearen zantzu absurdoenei umorea darie ezustean zenbaitetan, eta horiek baliatzen ere saiatu naiz.

Oso prozesu luzea izan da. Esan duzunez 2015ean hasi zineten.

-Garbi zegoen obra korala egin beharko zela. Horrek esan nahi zuen, aurrekontu aldetik, lan anbiziotsua izango zela, eta denbora behar izan da bitartekoak lortu eta aktore erraldoi hauen agendak bateratzeko.

Zaila da hainbeste aktoreentzat ahots propio ezberdinak sortzea?

-Zailena, horrenbeste aktore on izanik, haietako bakoitzari testu gehiago eman ezina izan da. Baina ezin hiru orduko lan bat egin€

Zergatik Sisiforen mitoa metafora bezala?

-Joxe Azurmendik aipatu zuen Sisiforen mitoa Egunkaria itxi zutenean. Mitoak iraun badu, izan da oso garbi irudikatzen duelako gizaki guztion jarduna: beti maldan gora, eta sekula iritsi ez€ Unibertsala da, baina euskaldunon kasuan, zerotik hastera kondenatuta egote hori bikoitza da: bi aldiz gara Sisifo. Erantsi horri kazetarien lana ere guztiz sisifotarra dela: egunero hasi behar dute egunkari berri bat, etenik gabe. Hortik harria paper bihurtzearena. Eta behin harria eta papera dauzkagularik€ guraizeak jartzeaz, beste batzuk arduratu ziren.

Sisiforen mitoa, modu infinituan errepikatzen den eta inongo eraginik ez duen ekintza batean oinarritzen da, absurdoan, alegia. Zentzu honetan, kazetaritza praktika absurdoa bilakatu da?

-Paperezko egunkari bat mundua egunero berrantolatzeko modu bat da€ Lan ezinezko bezain ezinbestekoa. Obrako pertsonaia batek dioen bezala "Tolstoiren Gerra eta Bakea ttipi bat bezalakoa". Zenbait kazetari erromantizismoa zinismoz mozorrotzen duten idealistak dira.

Camus bezalako pentsalariek ere erabili izan dute, baina suizidioa bezalako beste gai batzuk lantzeko.

-Bai, Camusena irakurri nuen, baina ez dauka zerikusi askorik gure ikuspegiarekin.