- Xabier Lete heriotzaren hamargarren urteurrenean, Victoria Eugenia antzokiak omenaldi bat hartuko du bihar. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak bultzatu duen ekitaldi honetan, zuzendaritza artistikoa Fernando Bernuesek egin du, eta gidoia berriz, Frantxis Lopez Landatxek, eta izenburu hau izango du: Xabier Lete: gezur eta egia gurea. Joan nahi duenak Victoria Eugeniako leihatiletan hartu ahal izango ditu gonbidapenak, gaur, 11.30etik aurrera.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak, atzo antzokian egin zen omenaldiaren aurkezpenean, Xabier Leteren irudia goraipatu, eta "elkarrizketa, etika eta estetikaren arteko erreferentzia" dela azpimarratu zuen, "euskarazko kulturaren aldeko konpromisoagatik eta diktaduraren gau luzearen ondoren kultura biziberritzen egindako lanagatik".

"Baita indarkeriaren aurkako konpromisoagatik ere, bera izan bai-tzen 1980an ETAren aurkako Garaiz Gabiltz edo Manifiesto de los 33 sinatu zuenetako bat. Gainera, ardura instituzionala ere izan zuen Gipuzkoako Aldundian bertan, 1985ean Kultura diputatu izan baitzen", ekarri du gogora. Millanen hitzetan, "agian une egokia izango da, Letek emandako etika eta estetikaren oinarri sendoak eta argiak testu eta elkarrizketa zaindu horien bidez barneratzeko".

Omenaldia 19.00etan hasiko da, eta bertan izango dira, besteak beste, "hainbeste urtez" Leterekin elkarlanean ibilitako Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa edota Antton Valverde. Omenaldiaren zuzendaritza musikala egin duen Karlos Gimenezek ere parte hartuko du beste lau pianistarekin batera (Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez eta Joana Ortega). Txema Garcesek, Pascal Gaignek, Pello Ramirezek eta Jabier Muguruzak Leteren musikari taldea ekarriko dute gogora.

Horiez gain, bertan izango dira Asier Serrano poeta eta musikaria, Jon eta Alaia Martin bertsolariak, Oihana Lekuona eta Mikel Markez musikariak; Ane Gabarain aktorea; eta Petti, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Maria Berasarte eta Pier Paul Berzaitz kantariak, Leteren hainbat kantaren bertsioak eskainiz.

Omenaldian parte hartuko duen beste bat, Felix Zubia izango da, Xabierren "medikua, laguna eta bertsolaria", Joxan Goikoetxea soinujolearekin batera Leteren olerki batzuk errezitatuko ditu. Iñaki Beraetxe, Begoña Bergaretxe eta Marta Marcoren ahotsak ere entzungo dira. Ekitaldia streaming bidez emango da, eta ETBk bi bider eskainiko du aurrerago.