- Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak, Elkar argitaletxearen zigilupean, COVID-19 eta ondoren zer? saiaketa kaleratu du. Olaso Dorrea fundazioko lehendakari Iratxe Esnaolak, Laborategiko zuzendari Urko Aiartzak eta argitaletxeko editore Alaitz Aizpuruk aurkeztu zuten atzo liburu kolektibo hau, Internet bidezko prentsaurrekoan.

Laborategiko arduradunen iritziz, oraindik goizegi omen da pandemiak ekarriko dituen garai zailak zehazteko, ondorioak oraindik neurrigarriak ez direlako. Halere, "birusaren bilakaera bera oraindik ezezaguna" izan arren, argi adierazi dute "hartuko diren erabaki eta kudeaketa moduek ondorengo hilabete eta urteetako Euskal Herriko dinamika kultural, ekonomiko, politiko, ekologiko eta soziala baldintzatuko dutela". Horregatik zabaldu zuen Telesforo Monzon Laborategiak etorriko denari buruzko gogoetarako espazio bat, eta ekarpen "kualifikatuekin" COVID-19 eta ondoren zer? obra osatu du, "pandemiaren osteko etorkizunari aurre egitekotan premiazkoa den herri elkarrizketa zabal, ireki eta sakonari ekarpena egin asmoz".