- Donostiak udako "eskarmentua" badu ikusleen "harrera ona" izan duten ikuskizunen antolakuntzan; horietan ez da koronabirusagatik "batere positiborik" jakinarazi, eta horrek "kulturaz osasunez goza daitekeela" erakusten du, Jon Insausti Kultura zinegotziak atzo azaldu zuenez. Antzoki Zaharraren, Victoria Eugeniaren eta kultur zentroetatik berreskuratzen ari diren eszenatokien eskaintzaren berri eman zuen.

Miguel Martin Donostia Kulturako musika ataleko arduradunak azpimarratu zuenez, erakunde hori ahalegin berezia egiten ari da osasun-krisialdi honetan programatzen jarraitzeko, eta horrek "baliabide ekonomiko gehiago" eta publikoaren "konfian-tza" eskatzen duela esan zuen, "sinesgarritasun artistiko eta sanitarioa" eskaini ahal izateko.

Datozen hilabeteetan Gipuzkoako hiriburuan izango diren musikaren "izen handien" artean, Silvia Perez Cruz abeslariak Farsa (género imposible) izeneko bere azken diskoa aurkeztuko du azaroaren 18an eta 20an Victoria Eugenia Antzokian.

Musika eskaintza zabalean beste batzuk aipatzekotan, Nacho Vegasek bere kantuen bilduma bat eskainiko du urriaren 25ean; El Drogas-ek bere azken lana (Solo quiero brujas en esta noche sin compañía) aurkeztuko du eta Gatibu ere izango da. Horiez gain, The opera locos, Gugurumbé sevillarrak eta Melingoren tangoa ere aukeran izango dira, besteak beste.

Musika klasikoan, Miguel Ituartek, Rosa Torres Pardok eta Jon Urdapilletak Beethovenen piano sonatei eskainitako zikloa osatuko dute, eta Ensamble Sicilianok konpositore alemaniarraren bikoteentzako eta hirukoteentzako lanena.

Abenduaren 22an, Antzoki Zaharrean, Tanttaka Teatroak, Demode Quartetek eta Loraldia Produkzioak-ek ekoiztutako kontzertu eszenikoa egingo da. Bertan, Jose Maria Iparragirreri omenaldia egingo zaio, jaio zeneko 200. urteurrenean, musikari urretxuarraren bizitzan nabarmendu ziren emakumeen begiradaren bidez; interprete nagusiak Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain izango dira.

Antzerkiari dagokionean, programazioa urriaren 3an hasiko da, Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz lanarekin. Patxo Telleriak idatzi du, Fernando Bernuesek zuzendu eta Iñaki Salvadorrek zuzenean musikatuko du. Erbestean zela, Jose Antonio Agirre lehendakariak naziek okupatutako Europan zehar egindako bidaia kontatzen du.

Kamikaze Teatroren Jauría, La Manadari egindako epaiketaren transkripzioetatik abiatuta sortutako dramaturgia, eta Antzerki Ikuskizun Onenaren Max 2020 saria jaso duena, Victoria Eugenia Antzokian izango da azaroaren 14an.

Euskarazko eskaintza eszenikoan batzuk aipatzearren, Zuhaitz Gurrutxagak Realeko jokalari profesional gisa izandako bizipenei buruzko Futbolistok bakarrizketa, Kutsidazu bidea, Ixabel filmean oinarritutako musikala, eta Ttak Teatroa, Kamimaz Kolektiboa, Iraia Elcias eta Amancay Gastagañaren Matriuska pieza azpimarratu zituzten.

Dantzak ere izango du tartea: Biarritzeko Malandain Balletak Beethovenen Pastoralea eskainiko du eta Kukai Dantzak Hnuy Illa, Joseba Sarrionandiaren liburuan oinarritutakoa, besteak beste.