- Alkizako Sormenaren Kabian dantzari, koreografo, informatikari, aktore, ilustratzaile, bitxigile, zinemagile eta antzerki sortzaileen lanak jaso dituzte aurten, orotara hamabost proiektu ezberdin. Epaimahaiak Idoia Unzurrunzaga argazkilariaren eta Maria Andres dantzariaren lanak aukeratu ditu eta hiru asteko egonaldia egingo dute iraila eta azaroa bitartean beren proiektuak gauzatzeko.

Iñaki Irazabalbeitia alkateak atzo aipatu moduan, kulturaren aldeko apustuari eutsi diote, COVID-19ak markatutako urte honetan. "Ziurgabetasun egoera batean egin genuen deialdia, baina garbi daukagu kultura inbertsioa dela, herri baten nortasuna sendotzen dutelako eta etorkizuna berma-tzeko aukera ematen digulako", esan zuen.

Aurkeztutako proiektu gehienak Euskal Herriko artistenak dira, nahiz eta Txile, Ekuador eta Bartzelonako hautagiak ere izan diren, eta Koldobika Jauregi epaimahaiko kidearen iritziz, osasun egoerak bultzatu du hori: "pentsa daiteke maila jaitsi egin dela, baina kontrakoa gertatu da, igo egin da; izan ere, profesionalen lan asko jaso ditugu". Eskultore alkizarrarekin batera aritu dira epaimahai lanetan Aizpea Goenaga, Xabier Artola eta iazko bekaren irabazlea, Nagore Legarreta.

Idoia Unzurrunzaga argazkilariak hiru aste izango ditu bere proiektua Alkizan garatzeko. Arte Ederretan lizentziaduna eta ikus-entzunezkoan espezializatutako donostiarraren helburua izango da alkizarrek bere ingurunearekin duten harremana irudi bidez aztertzea. Horretarako, egonaldian zehar Alkizako bost auzoetan bizi diren bizilagunekin ibilbideak egingo ditu eta amaieran 360 graduko argazkiz osatutako bisita birtualak aurkeztuko ditu.

Maria Andres dantzariak egonaldia egingo du Tolosaldeako herrixka honetan. Dantza Garaikidean eta Arte Ederretan lizentziaduna, artista bisuala, koreografoa, aktorea eta ikertzailea da bizkaitarra. Bakar bat izeneko proiektuari esker eskuratu du Sormenaren Kabia beka. Hiriko zurrunbiloarekin gogaiturik, bakardadeaz gogoeta egingo du, berak bakarrik eta baita herritarrekin batera ere. Hainbat grabazio egiteko asmoa du eta bildutako osagaiekin dantza pieza bat osatuko du.