Donostiako lehenengo tirolinen zirkuituak, Canopy Donosti Aventurak, bi hilabete daramatza martxan eta hiriko paisaia ederrenez altueratik gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du. 11.000 metro karratu inguru dituen pinudian 16 tirolina eta bi erronka ezarri dituzte, bederatzi urtetik gorako abenturazaleen gozagarri.

Canopy hitza zuhaitzen arteko ibilbidearekin erlazionatzen du jendeak Costa Rican, izan ere handik baitator proiektu horren ideia. "2008an Costa Ricara joan ginen eta honen antzeko zirkuitu bat ikusi genuen. Donostian horrelako bat muntatzeak arrakasta izan zezakeela pentsatu genuen, eta martxan jar-tzeak lan handia eman badigu ere, pozik gaude orain arteko emaitzarekin", azaldu dio egunkari honi Adolfo Murielek, Canopy Donosti Aventuraren sustatzaileak, eta jolasparkearen sarreran dagoen Alaia erretegiko jabeak.

Costa Ricatik ekarritako ideia 2008an bertan aurkeztu zion Murielek garai hartan hiriko alkate zen Odon Elorzari. Krisi ekonomikoa zela eta, proiektua martxan jartzeko plana bertan behera utzi behar izan zuten orduan, eta azkenik, 2017an aurkeztu zuen proiektua berriro ere. "Arazo burokratiko asko izan ditugu. Proiektu berria da eta ez genekien bete beharreko araudia nolakoa izango zen. Hiru urteren ostean, ordea, martxan jartzea lortu dugu", nabarmendu du Murielek.

45 minututan egiten den zirkuitua publiko zabalaren-tzat dago prestatuta. Bedera-tzi urtetik gorako eta 1,40 metro baino gehiago neurtzen duen edonork har dezake parte, eta ez dago adin mugarik. "Muga bakarra norberak bere buruari jartzen diona da. Bakoitzak ikus dezala zer egiteko gai den", azpimarratu du sustatzaileak.

Zirkuituak 16 tirolina eta bi erronka eskaintzen ditu. Lehenengo erronkak Tximuen Pasea izena du eta lurretik sei metroko altueran ezarrita dauden bi kableren gainetik oinez pasatzean datza. Bigarrena, aldiz, Indiana Zubia da, eta gorako noranzkoan kokatuta dagoen zubi itxurako sare batetik oinez igaro behar da plataforma batetik bestera.

Plataformek 2,5 eta 10 metro arteko altuera izan arren, sentsazioa askoz ere handiagoa da mendixka baten tontorrean kokatuta daudelako. Gainera, tirolinarik luzeenak 80 metro neurtzen dituenez, Kantauri itsasoaren eta Tximistarri kalaren arteko panoramika ezin ederragoarekin goza daiteke.

Ibilbidean zehar hiru begirale-zaindari daude, eta kaskoaz gain, arnesak erabiltzea ere ezinbestekoa da. "Nahiko berritzailea den segurtasun sistema ezarri dugu. Inork ezin ditu mosketoiak manipulatu, eta ezinezkoa da askatzea edo lurrera eror-tzea", azpimarratu du Murielek.

Uztailean eta abuztuan zehar jende askok bisitatu omen du Canopy. "Eduki dugun turismoa aintzat hartuta eta publizitate gutxi egiteko aukera izan dugula kontuan izanik, orain arte ondo egin dugu lan. Hemendik aurrera, eskolak hasten direnean kanpaina garrantzitsu bat egin beharko dugu Gipuzkoako ikastetxeetako ikasleak etor daitezen", esan digu.

Leku guztietan bezalaxe, pandemia garai honetan, tirolinen parkean ere segurtasun neurri bereziak ezarri behar izan dituzte: gehienez hamar pertsonako taldeak joan daitezke, eta musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da. Gainera, kaskoaren azpian jar-tzeko, erabili eta botatzeko txapel bat ematen diote bezero bakoitzari; bestalde, behin taldeak zirkuitua amaitzen duenean ekipamendu osoa desinfektatu eta gorde egiten dute.

Pertsonako 18 euroren truke, Donostian lagunekin edo familiarekin ekintza desberdin batekin gozatzeko aukera ederra eskaintzen du Canopy Donosti Aventurak.