- Iraileko larunbat guztietan ospatuko da Zumarragako Antioko Musikaldiaren 37. edizioa Antioko ermitan. Emanaldiak doakoak izango dira. Kontzertuak arratsaldeko zazpiak eta erdietan izango dira, eta doako autobus bat egongo da Zumarragatik.

Aurkezpenean Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin batera izan zen Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak atzo adierazi zuenez, 37. edizio honek Aldundiaren, Udalaren, Musika Hamabostaldiaren eta Antiguako Amaren Lagundiaren laguntza jaso du. Antioko Musikaldia 1984an hasi zen, eta Gipuzkoako lehenengoetakoa da Debakoarekin batera.

“Aurten ere kalitatea eta aniztasuna ziurtatuta daude. Eta egitarauaren kalitate horri ingurunearen edertasuna eta ermitaren akustika paregabea gehitzen zaionean, kontzertu hauek esperien-tzia paregabe bihurtzen dira”, nabarmendu zuen.

Serranok azaldu zuenez, “harrotasunez esan genezake 37 urte daramatzagula musikaldi hau antolatzen; gainera, bide batez, Zumarragako ondare kulturala balioan jartzen dugu, kasu honetan akustika aparta duen Antioko baselizan”.

Millanek aipatu zuen COVID-19ak eragindako pandemiak eragina izan duela aurtengo programazioa antolatzerakoan, baina “espazio seguru eta atsegin bat lortzen saiatu gara, artista, teknikari eta gerturatzen diren guztientzat”.

Lehen kontzertua, irailaren 5ean, Joxean Goikoetxeak eta Euskameratak eskainiko dute, Bi min kantuan: Iparragirre eta Lete; hilaren 12koa berriz, Metamorfosia, Garikoitz Mendizabal txistulariak eta German Ormazabal pianistak.

19an Vocalia Abesbatzak eta Esemble Conductusek parte hartuko dute; eta 26an Kamerata Euskdivariusek. Gainera, urriaren 3an Gandeiak kontzertua eskainiko du Igartubeitin arratsaldeko seietan. Egoerak hala eraginda, jarduera hauetarako guztietarako edukiera mugatua izango denez, gonbidapena jasotzea ezinbestekoa izango da.

Interesatuek kultur etxean eskatu beharko dute gonbidapena kon-tzertu bakoitzaren aurreko astean, goizeko bederatzietatik ordubiak bitartean, edota kultura@zumarraga.eus posta elektronikora ida-tzi astelehenetik asteazkenera.

Eskuragarri dauden gonbidapenak baino eskari gehiago jasoko balira, zozketa bidez esleituko dira. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen jaso ahal izango ditu gehienez, eta gonbidapenetako bat izenduna izango da. Kontzertura sartzeko, ateak 18:30etik aurrera zabalduko dira.

Irailak 5. Joxean Goikoetxea eta Euskamerata: ‘Bi min kantuan: Iparragirre eta Lete’.

Irailak 12. Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal: ‘Metamorfosia’.

Irailak 19. Vocalia Abesbatza eta Ensemble Conductus.

Irailak 26. Kamerata Euskdivarius.

Urriak 3. Gaindegia, 18.00etan.