Mater Museoa gidatzen duten profesionalek itsas kulturarekiko duten grina eta pasioa zabaltzen diete bisitariei, hura babesten laguntzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat jarduera antolatzen dituzte: irteerak, ibilbideak, tailerrak eta ekoaktibitateak, besteak beste. Gainera, hilero Pasaiako Alabortza senadia garbitzen dute eta normalean 20 kilo hondakin ateratzen dituzte garbitzen duten aldioro.

Itsasoa osasuntsu mantentzeko egiten duten lan ederra ikusita, NOTICIAS DE GIPUZKOA San Pedrora gerturatu zen atzo Materri buruzko xehetasun guztiak jakin asmoz. "Lau orduko ibilbideak egiten ditugu Ulian eta Jaizkibeleko hiru sektore desberdinetan:bat San Pedron, bestea erdialdean eta bestea Hondarribia aldean. Ekoaktibitateak ere egiten ditugu, ingurugiroarekin lotutako jarduerak. Eta nola ez ba, itsasora irteerak ere antolatzen ditugu. Aste honetan bertan, larunbatean itsaslabarrak ikustera irtengo gara eta igandean zetazeoen begiztatzea egingo dugu", azaldu zigun Eneko Sarasuak, Materreko gidarietako batek.

Tailerrei dagokienez, bost gai jorratzen dituzte: itsas hondakinak, ohitura jasangarriak, biodibertsitatea, klima aldaketa eta itsas kultura. "Saiakera jarduerak izaten dira. Aurreko astean adibidez, antxoa kontserba tailerra izan genuen. Ordu eta erdi irauten du guztira, eta bertan, lehenik eta behin, ontzia erakusten diegu bisitariei. Jarraian, antxoa kontserba kostako herrietako familiek tradizioz etxean egin izan duten zerbait denez, nola egiten den azaltzen diegu: antxoa noiz harrapatzen den, zer egiten den gazitzeko, eta gazitu ostean antxoa kontserban nola prestatzen den ikasten dute", azaldu zigun Sarasuak.

Ekintza hauek publiko orokorrari zuzenduta egoten dira, baina nahi izanez gero taldeentzat ere bereziak antolatzen dituzte. Alde batetik, ikastetxeei zuzendutako eskaintza dute. Bestalde, 60-65 urtetik gorako pertsonentzat ere antolatzen dituzte jarduerak. Eta azkenik, bestelako taldeentzat eta partikularrentzat ere badituzte aukerak. "Guk, martxotik abendura bitartean egiten dugu lan, urtarrilean eta otsailean ez gara egoten partikularrei begira. Hala ere, taldeak aintzat hartzen ditugu bi hilabete horietan ere", azaldu zuen.

Ikastetxeetatik etortzen diren ikasleen ezagutza areagotzeko oso lagungarria omen da Mater. "Hori da gure helburua. Ontzian zein kanpoan egiten dituzten ekintzen xedea ikaskuntza da. Esperientzia horien bitartez beti barneratzen dute zerbait; adibidez, itsasoak gure bizitzan duen garrantzia, edota marinelen tailerrean itsasoan bizitzeko oinarrizko gauzak ikasten dituzte", esan zigun. Hainbat proiektu dituzte ikastetxeekin elkarlanean, beti ere, itsasoaren eta ingurumenaren zaintzaren inguruan aritzen direlarik . "Itsas hondakinen arazoa oso zehazki lantzen ari gara; eta ondoren, beraiek euren proiektutxoak eta ekimenak sortu behar dituzte, eguneroko bizitzan zerbait aldatzeko".

Ekintzen artean arrakastatsuena ontzia bisitatzea da. Bi motatako bisitak dituztela azaldu zigun Sarasuak. "Bisita ekoaktiboan, itsasoak guri zer gauza garrantzitsu ematen dizkigun azaltzen dugu jolas txiki baten bidez. Ondoren, pixkanaka guk itsasoari zer arazo sortu dizkiogun erakusten dugu, eta bisitaren bukaeran, egoera pixka bat hobetzeko helburuarekin, norberak bere etxean zer egin dezakeen lantzen da".

Bigarren bisita arrantzalearena da. "Jatorrizko bisita originala da, hasi ginenean sortutakoa. Bertan arrantza, arrantza teknika jasangarriak, eta itsasontzi hau arran-tzan zebilen garaiko historia eta istorioak kontatzen ditugu", azaldu zigun.

COVID-19aren eraginez, taldeak murriztu behar izan dituzte, eta, gehienez hamar pertsonako taldeak igo daitezke ontzira. "Egia esan, nahiko harrera ona izaten ari da. Aurretiko hitzordua behar da hona etortzeko, eta ia egunero izaten ditugu bisita bat edo bi gutxienez", nabarmendu zuen.

Hemen bertako pertsonez gain, kanpotik ere etortzen da jendea, eta normalean, gau bat pasatzen dute Materren bertan. "Hemen eskain-tzen dugun beste aukera bat Materren gau bat pasatzea da. Horretarako hainbat ohe ditugu prestatuta eta batik bat frantsesak etortzen dira lotara. Gaua pasatzeak 30 euro balio du pertsonako, eta gutxienez, lauko taldea behar izaten dugu", adierazi zuen Sarasuak.

Asteartetik igandera egiten dute lan eta bisita gidatuen ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara; igandeetan eta jaiegunetan 11.00etatik 14.00etara.