- Jazzaldiak, Elorrioko Musikairek eta Urmuga ekimenek bezalaxe, Zarauzko Adarretatik jaialdiak ere aurre egin dio COVID-19ari eta programazioa gauzatzea lortu du. Mikel Unzurrunzaga Makala antolatzailearen hitzetan, “Adarretatik musika jaialdia egin izana sari handi bat da” beraientzat.

Zentzu honetan “oso pozik” agertu zen emaitzarekin, baita publikoaren erantzunarekin ere: “Maila handiko musikariak eta taldeak izan ditugu gure artean. Musikari guztiek aitortu ziguten aldez aurretik Zarautzera etortzeko gogo handia zutela eta zuzenean jotzeko irrikan zeudela”.

Enbor Akzio Kulturalak eta Zarauzko Udalak antolaturiko jaialdiaren hirugarren edizio hau berezia izan da. Aurreko bi urteetan, programazioa uztaileko hirugarren asteburuan biltzen zen. Aurten, aldiz, adarrak hilabete osoan zehar sakabanatu dira; izan ere, antolakuntzatik koronabirusaren ondorioz bizi dugun egoerari egokitu behar izan baitituzte kontzertu guztiak..

Programazioa ere tokiko artistekin osatu behar izan zuten, nazioarteko musikariak programatik erori egin baitziren. Hilaren 3an, Modelo aretoan UrbanEtniko trio jazzistikoarekin, Jose Luis Canal, Blas Fernandez eta Raul Vera musikari “apartekin”, inauguratu zen hirugarren edizioa.

Uztailak 17, 19 eta 25eko emanaldiei dagokienez, Munoa plazan egin beharrean, udal kiroldegira eraman zituzten, Zarautzen berragertutako birusaren ondorioz. “Hertzainak taldeko Gari eta Maldanbera taldeak kontzertu bikaina eskaini ziguten. Anari taldearen emanaldia hunkigarria izan zen, eta publiko aldetik sekulako erantzuna jaso genuen. Azkenik, Afrika Bibang eta Nomadak Bandarena ere oso alaia eta animatua izan zen”, laburbildu zuen Makalak.

Hertzainak taldeko Gari, Anari eta Afrika Bibang bezalako “maila handiko” musikariak izan dira aurtengo edizioan