- Nola pasa duzu konfinamendua?

-Faseka. Orokorrean, ondo pasa dut. Hasieran, askok bezala, opor sentsazioa izan nuen. Azken batean, musikara dedikatzen garenok, astebururo bueltaka ibili behar dugu. Asteburu batzuk libre nituela pentsatzeak, erlaxazio puntu bat ere eman zidan. Gerora, nola hala martxan jarri behar nuela sentitu nuen, banituen zenbait gauza egiteke. Momentu batzuetan lan intentsua egin dut, baina beste momentu batzuetan ez nuen ezer egiteko gogo gehiegirik.

'Zu al zara?' diskoa aurkeztuko duzue gaur, Jazzaldiaren programazioaren baitan.

-Bai. Berriro ere azken urtean aurkeztu ditugun abestiekin hasi nahi dut jotzen. Lehengo astean Jazzaldirako entsegu bat izan genuen. Errepertorioa azken urtean izan dugun berdina izango da, baina intro batzuk luzatu egin ditugu; bueltatxoren bat eman diogu kantaren bati, betikoa ez egiteko asmoarekin. Gainera, espazioa ezberdina denez, soinu aldetik ere beste gauza batzuk probatuko ditugu.

Kutsu progresiboa du.

-Argi eta garbi. Kantu luze samarrak egin nahi izan nituen, progresio eta aldaketekin. Horrela atera zen (barreak).

Albumeko lehen abestia Luzio eta Durrutiri eskaini zenien. Luzio Urtubia orain gutxi zendu da.

-Ez dakit zerbait aipatuko dudan ala ez, baina, bai, Luzio gogoan izan dut azken egunotan. Niretzako eredu izan zen gizonari horrelako omenalditxo bat egin izan nion kantutxoarekin eta, uste dut, harrera nahiko ona izan zuela. Pena Luzio hil egin zaigula, baina ondare aberatsa utzi digu. Luzio mundu aldrebes honi buelta ematen saiatu zen, nolabait.

Irazoki eta Lagunekin zure alderdi rockeroena lantzen duzu, baina disonantziak ere bilatzen dituzu.

-Nire ezaugarri nagusi bat izan da hori beti; nire instrumentuarekin, gitarrarekin, disonantziak bilatu izan ditut edo, bederen, ezohizko bide edo soinu baten bila ibili. Disko honetan bai, egia da, disonantziak zertxobait ekidin nituela eta, momentu batzuetan, melodiak bilatu ditut. Orduan, Lagunekin egin nuen aurreko diskoa, pixka bat esperimentalagoa zen, eta kantu berriak hortxe dabiltza, erdibidean (barreak). Zu al zara? Diskoko zati instrumentaletan melodia bat egon zedin nahi nuen, jendeak antzeman zezan.

Esperimentazioa ala rocka?

-Aukera ematen badidazu, biak (barreak). Esperimentazioak, berez, bizitzako arlo guztietan egon behar du. Boladak izaten ditut. Musika en-tzuteko garaian, gauza berriak ezagutzeko musika esperimentala entzuten dut; bidaiatzeko garaian, kotxean ere musika asko entzuten dut, eta rocka beharrezkoa dut, edo gusturago en-tzuten dudala esango nuke.

Beñat Achiary eta Julen Achiaryrekin duzun proiektua jazzetik oso gertu dago, ezta?

-Oso pozik gaude. Niretzat ohore bat da Beñat Achiaryrekin abestea. Lehenengo diskoa, Bas(h)oan, esango nuke ez dela jazza, baina inprobisazioa nabaria da, pisu handia du; zuzenekotan askoz gehiago gainera. Robbie Bashori omenaldia egin nahi izan genion eta horretarako formatu klasikoko kantuak hartu genituen. Beste disko batean ere pentsatzen ari gara, jada, eta jazz estilora edo esperimentaziora gehiago joko duen zerbait izango da. Rocka eta esperimentazioa beste modu batera egin dut, baina Bas(h)oan proiektuak beste leku batzuetara eramaten nau. Espero dugu bigarren lan bat ere lehenbailehen prestatzea; halere, egungo egoera kontuan izanik, aurtenerako izatea zaila ikusten dut.

Soinu unibertso berrietan sakon-tzea gustuko duzu, oso.

-Musika esperimentalean oso sartua dagoen jendez inguratua egon izan naiz beti. Nik neuk ere boladak izan ditut horretan oso sartuta. Disko instrumentalak ere kaleratu izan ditut kanpoko zigiluekin. Musika esperimentala nahikoa entzuten dut eta gauza berriak aurkitzeko, esan dizudan bezala, horretara jotzen dut. Egia da, azkeneko urteetan nire konposizioak modu batean estandarizatu egin direla. Halere, esperimentazioak nirekin egon behar duela uste dut beti eta egon, badagoela.

Konfinamendu garaian Rafa Berrio joan zitzaigun; 'Niño futuro'-n zuk ere parte hartu zenuen. Rafak hutsune handia utzi du, ezta?

-Azkeneko urteetan ezagutu nuen eta uste dut publiko orokorrak azken hiru diskoekin ezagutu zuela. Ez hori bakarrik, publikoa konturatu zen izugarrizko artista zela: kantugile eta letragile zoragarria zen, eta oraindik ere emateko asko zuena; ez bakarrik orain jendearen atentzioa deitzen hasi zelako, baizik eta, berak zioen moduan, kantu perfektuaren bila zebilelako beti. Nik uste dut badituela kantu perfektu asko, baina oraindik horren bila zebilen. Pertsonalki ezagutu dugunok bat etorri ohi gara: oso jatorra eta dibertigarria zen. Faltan botako dugu.

Hamaika musikariekin lan egindakoa zara, Nacho Vegas eta Atom Rhumba, esaterako. Besteentzat lan egiten duen Irazoki eta bere proiektuak defendatzen dituena bera al da?

-Berdinak gara, hori fijo (barreak). Besteentzako lan egiten dudanean, esango nuke, badudala metodologia argiago bat. Konposatutako gauzak pasatzen dizkidatenean, zerbaiten gainean lan egitea izaten da nire ekarpena. Alde horretatik, bide bat markatzen dizute. Gero zure pertsonalitatea gehitu behar diozu horri. Atom Rumbarekin talde moduan lan egin izan dugu, eta lokalean zerotik hasten ginen; zure pertsonalitatea gehiago erakutsi dezakezu, nolabait. Nire gauzei dagokienez, nire buruari muga gutxiago jartzen dizkiot. Azken diskoan rocka bilatu dut, gogoa nuen eta hori bilatu dut. Gitarrarekin jolasean ari naizela sortzen zaizkidan kantu asko, inprobisazioan sortzen dira.

Musika ofizio duzu. Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?

-Orain dela bi hilabete beltz ikusten nuen, gero grisera pasa nintzen. Pettiren diskoa aurkezteko genuen eta zenbait kontzertu erori egin ziren. Azken asteetan proiektu berriak atera zaizkit, zenbait bolo tartean direla. Maria Berasarterekin proiektu berri bat egingo dut, eta Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenaren bueltan ere beste proiekturen bat agertu zait.